Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen VI. Asteak 120 ekintzatik gora eskainiko ditu
2007-10-29 14:49Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astea zientzia-hezkuntza eta kultura zabaltzeko Europako Batasuneko Ikerketa eta Teknologia Garapeneko Egitarau markoaren barruan kokatzen da. Helburu nagusia da gizartean ikerketakazko interesa piztea, eta horretarako ezagutzera emoten dira teknologiaren emoitzak, zientziaren ikerketea sustatu eta gizarteagazko hartu-emanak errazteko.
Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen VI. Asteak 120 ekintza baino gehiago eskainiko ditu zemendiaren 5etik 11ra bitartean Euskal Herriko hainbat tokitan. Aurtengo edizinorako aukeratu dan gai nagusia Informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia barriak dira. Innobasque Barrikuntzearen Euskal Agentziaren ardurea da astea antolatzea eta ganerako eragileen ekimenak koordinetea.
Astearen inaugurazinoa Arabako Teknologia Parkeko Auditorio Nagusian izango da, zemendiaren 5ean. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da ekitaldiaren buru, eta beragaz batera izango dira Pedro Luis Uriarte Innobasqueko presidentea eta Jimmy Wales Wikipediako sortzailea, izan be, Wales-ek berak eskainiko dau informazinoa eta komunikazinoaren teknologia barriei buruzko sarrera-hitzaldia 11:00etatik aurrera.
Antolatzaileek adierazo dabenez, egitasmo honetako programazinoaren barruan azpimarratzekoak dira Euskal Herriko Unibersidadeak antolatutako karpak, ondoko erakunde laguntzaileakaz batera garatutakoa: Bilboko Udala, Gasteizeko Udala, Eusko Jaurlaritza, SPRI, Arabako Teknologia Parkea eta Innobasque.
Karpa horreetan egingo diran berbaldi eta erakusketa-guneetan gaur egun EHUk arlo honeetan egiten dauenaren isla eskainiko da eta horrezaz gan, enpresa lankideen lana be erakutsiko da, beti be, zientzia, teknologia eta barrikuntzearen esparruetakoa. Karpak ondoko tokietan jarriko dira: Bilbon, Arriaga Antzokiaren Plazan; Donostiako Tabakaleran; eta Gasteizko Foruen Plazan.
Horrezaz gan, ikasle eta familiei eskainitako jarduerak be sano garrantzitsuak iznago dira. Aste osoan zehar bisita gidatuak egingo dira Donostiako Kutxaespazioko Planetariumera eta zientzia-tailerretara: Portugaleteko Industrializazinoaren Rialia Museoan askotariko hezkuntza-jarduerak egingo dira jai giroan; Donostiako Cristina-Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroan tailerrak egingo dira eta EAEko hiru uriburuetan kalejirak eta zientzia-festak egingo dira.
Zemendiaren 11n, Ateak Zabalik Jardunaldia egingo da Zientziaren Kutxaespazioan, Arrasateko Garaia Barrikuntzearen Poloan, eta Bizkaia eta Gipuzkoako Teknologia Parkeetan. Ganera, etxeko txikienentzako tailerrak, zientzia-antzerkia, magia ikuskizunak, multimedia jolasak, puzgarriak eta su artifizialak programau dira. Arabako Teknologia Elkartegiko Jardunaldia EHUren Gasteizko Karpan egingo da.
Gainera, gizarte osoari begira be bisita gidatuak egingo dira Fagor Automation eta Ikerlan-IK4 lako enpresa, laborategi edo teknologia-zentroetan. Bizkaia Xede-k ingurumen-adimenari buruzko berbaldia antolatu dau Deustuko Unibersidadean, eta Fnac Bilbao dendak teknologia-tailerrak eskainiko ditu. Horrezaz gan, Garaia Barrikuntza Poloaren egoitzan MCC-ren Zientzia eta Teknologia Plana aurkeztuko da eta zientzia-zinemaren zikloa be eskainiko da.
Azkenik, zemendiaren 9an, Donostian ezagutarazoko dira aurtengo Teknoskopia Ideia Lehiaketan saridun izan diranak. Lehiaketea Zientziaren Kutxaespzioak, Elhuyar Fundazinoak eta Innobasquek antolatu dabe.
Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen Astea zientzia-hezkuntza eta kultura zabaltzeko Europako Batasuneko Ikerketa eta Teknologia Garapeneko Egitarau markoaren barruan kokatzen da. Helburu nagusia da gizartean ikerketakazko interesa piztea, eta horretarako ezagutzera emoten dira teknologiaren emoitzak, zientziaren ikerketea sustatu eta gizarteagazko hartu-emanak errazteko.
Barrikuntzaren Euskal Agentzia Innobasque da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen antolatzailea, eta babesle nagusiak, Eusko Jaurlaritzea, FECyT eta Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa dira.
Horrezaz gan, ondoko erakundeak dira laguntzaile nagusiak: EHU, SPRI, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Mondragon Unibersidadea, Bizkaia XEDE, Zientziaren Kutxaespazioa, Elhuyar Fundazinoa, Garaia Berrikuntza Gunea, Rialia - Industriaren Museoa, Donostiako Cristina-Eneako Ingurumen Baliabideen Zentroa, FNAC Bilbao, El Boulevard Gasteiz merkataritza-gunea eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Teknologia Parkeak.
Jimmy Wales
Jimmy Walesek eskainiko dau Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzearen VI. Astearen sarrera-hitzaldia informazino eta komunikazinoaren teknologia barrien inguruan zemendiaren 5ean, Arabako Teknologia Parkean.
Jimmy Jimbo Wales (Huntsville, Alabama, AEB, 1966) Wikipediaren sortzaile eta arduradun nagusia da. Mundu osoko boluntarioek idatzitako entziklopedia da Wikipedia, software librearen eta wiki kontzeptuetan oinarritua.
Wikipediak zortzi miloe artikulutik gora ditu eta sortu zanetik antzeko proiektu gehiagoren eragile nagusi izan da.
Gaur egun 253 hizkuntzatan kontsulta daitekez edizinoak, eta horreetatik 137 aktibo dagoz (2006ko maiatzean). Horreetatik 14k 100.000 artikulutik gora eskaintzen ditue. Alemanerazko edizinoa DVD-ROM euskarrian be eskaintzen da eta, segurutik, ingelesezkoa be laster kontsultau ahal izango da DVD eta papel euskarrietan.
Gaur egun Jimmy Wales Wikimedia Fundazinoko Kontseiluko presidente emeritua eta zuzendaria da. Fundazinoa 2003an sortu zan Wikipedia eta handik eratorritako ganerako produktuak bultzatzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!