Nerea Ibarguengoitia: ‘Plentzia Telebista artxibo historiko bihurtuko da’

Koldo Isusi Zuazo 2007-10-29 13:02   Barriketan
PTB, Plentzia Telebistako arduraduna

Plentzia Telebistak 20 urte bete ditu aurten, Euskal Herrian sortutako lehenegoetariko tokiko telebistea da, hain zuzen. Gaztelaniaz eta euskeraz emitiduten dabe eta UHFko 53 kanalean, Plentzian, Gorlizen eta Barrikan ikusten da.

Lurreko telebista digitalaren baimenen lehiaketan ez dau aukerarik izan Plentzia Telebistak eta, beraz, 2010eko ‘ilunaldi’ analogikora arte emitiduten jarrituko dabe. Gero gerokoak.

Kontuak kontu, 20. urteurrena ospatzeko ekitaldi bereziak preparetan dabilz eta Nerea Ibarguengoitiak emongo deuskuz azalpen guztiak.


1.- Hasteko egin daigun atzera. Zelakoa izan zan sorrerea?

Orain 20-21 urte Juanan Aranbururen eskutik sortu zan Plentzia Telebista. Irudiaren mundua maite eban eta beharrezko tresneria eta azpiegiturak erosi eta aurrera egin eban. Argazkizale amorratua izanik, herriko gorabehera eta momentu gogoangarriak erretratu zein bideo kamera bidezko irudietan ‘atrapetan’ emoten eban denporea eta gaur egun herriko argazki artxiborik garrantsitsuena berea da.

Kontuak kontu, orain 20 urteko hauteskundeen ostean, irabazi nahirik bako alkarte bat sortu zan eta gitxi gorabehera horixe izan zan Plentziako Telebistaren abiapuntua. Ordutik hona momentu gogoangarriak, txarrak eta etenak be bizi izan ditu.


2.- Hogei urteotako balantzean zeozer nabarmenduko zeunke?

Hogei urteotako ibilbidean zeozer nabarmentzekotan, ezer baino lehen esango deutsut lehenengoetariko tokiko telebista izan zala gurea. Horrezaz gan, hasiera-hasierako momentuak eta estadu mailako tokiko telebisten lehen kongresua Plentzian egitea aitatuko neukez. Hasierako momentu hareetan ilusinoa eta pasinoa ziran nagusi, mundu guztia egoan prets lanerako eta hor bizitako pasadizuak eta egoerak ederrak izan ziran (antenak edonon kokatu beharra, goardia zibilak jagoten ibili beharra, tresneariari eusten eutson energia sorgailua gasoilagaz ebilenez, sarritan programazinoan izaten ziran etenaldiak, gasoila amaitzen zalako izaten ziran...)

Era berean, tokiko telebisten lehen kongresua Plentzian egitea be sekulakoa izan zan. Gaur egun 3500 bat lagun biziko dira Plentzian eta orain 20 urte askos gitxiago izango ziran. Herri osoa nahastau zan kongresuaren antolakuntzan.


3.- Plentziako Telebistak zelako gorabeherak izan ditu 20 urteko ibilbidean? Zenbat jente pasau da Plentzia Telebistatik?

Plentzia Telebistatik herriaren erdia edo pasau dala esango neuke baina Jose Angel Peñaren lana azpimarratu gura neuke; 15 bat urte daroaz Plentzia Telebistagaz kolaboretan eta gaur egun be laguntzinoa handia emoten deusku.

Bestetik, lehen be zeozer aurreratu deutsut; gorabeheratsua izan da 20 urteotako ibilbidea. Irabazi asmorik bako kolaboratzaileen ekarpenei esker aurrera egitea ez da beti erraza izaten eta normala da makalaldiak eta etenak izatea.

1999an edo zeozelako berpiztea etorri zan. Lokala bera egokitu, atondu egin zan, errealizazino gela, platoa eregi ziran baina lanak larregi luzatu ziran, bi urte edo. Hortik aurrera gora eta behera ibili gara baina, urtean zehar geldi egon arren, gauza batzuk beti jaso eta emitidu ditugu, hauteskundeak, jaiak eta herrian egin izan diran ekitaldi nagusienak.

Azken fasea, barriz, orain urtebete pasatxo hasi zan. Ikasketak amaitu barri, Edurne San Pelayo (irudi eta soinu-injineru teknikoa) eta ni neu kazetari legez burubelarri sartu ginan jarduera osoan. Zerotik ekin geuntson lanari. Tresneria erosi, tresneria hori erabilten ikasi eta lanean hasi ginan. Lehendik grabauta (Beta, VHS) dagoan materiala digitalizetea be tokau jaku eta danerik egin behar izan dogu. Gaur egun, neu bakarrik nago eta zoratu beharrean. Zorionez, lau hilebeterako praktikak egiten izango dodaz laguntzaile Ikusentzunezko Komunikazinoko ikasle bi.


4.- Zelako eragina izan eban hasieran eta zelakoa dauka gaur egun Plentzia Telebistak herrian?

Hasieran sekulakoa izan zan herritarren babesa eta bultzada; herri osoa nahastau zan, proiektu erabat parte-hartzailea, herrikoia izan zan.

Gaur egun, barriz, egoerea bestelakoa da. Herrian ezagutzen eta jarraitzen gaitue baina, oro har, pentsaizu orain 20 urteko eskaintzak ez daukala zerikusirik gaur egunekoagaz; hasierako momentuetan sekulakoa izan zan Plentzia lako herri batek telebista bat izatea eta gaur egun be, nahikoa surrealistea dala uste dot.

Badakizu, gaur ‘milaka’ telebista kate eta era guztietako programak dagoz eta giro horretan tokiko telebista batek ezin lei gauza handirik egin.


5.- Plentzia Telebista ekimen pribatua izan da beti? Diru-laguntzinorik jasoten dozue?

Sorreran Juanan Aranbururen ekimena izan zan baina alkartea eratu zanetik, irabazi asmorik bako alkartea da gurea. Era berean, Plentziako Udalaren diru-laguntzinoa be badogu.

Bestetik, behar dan moduan aurrera egiteko asmoagaz, beste erakunde batzuekaz be hartu-emonetan gagoz baina oraingoz ez dago ezer eta ez deutsut besterik aurreratuko.


6.- Gau egun zer eskaintzen dozue? Zeintzuk dira herritarrei gehien gustetan jakezan programak?

Orain urtebete inguru, Edurne eta biok hasi ginanean, 3-4 ordu emitiduten genduan astean. Dana geuk eginda. Grabazinorik, marrazki bizidunik eta holakorik ez emotea erabagi genduan, besteak beste, eskaintza zabala dagoalako. Kontuak kontu, ‘Atzokoak gaur’, Bertokoak berri’ eta ‘Kirolaldia’ saioak eskaintzen genduzan eta izarra Atzokoak gaur zan, antxinako kontu eta irudiakaz hornidutakoa. Astegoienetan, barriz, hiru programa horreetako zatiakaz osotutako Nahaspila emoten genduan.

Gaur egun astegoienetan baino ez dogu emitiduten. Astean zehar herriko kultur talde eta alkarteen jardueren ganeko agendea eta astegoieneko programazinoaren egitaraua eskaintzen doguz modu estatikoan.

Beste alde batetik, kontuan izan Plentzian alkartegintzea indar handikoa izan dala beti. Gaur egun, besteak beste, Arkote Arraun Alkartea, rugby taldea, 13 futbol talde, piragua zein emakume taldeak dagoz eta, esangura horretan, herrian antolatzen diran jardueren ganeko irudiak gustora ikusten ditue herritarrek, kirolak, jaiak...


7.- Hogeigarren urteurreneko ekitaldiak antolatzen zabizie. Zeozer aurreratu zeinke?

Ahalik eta jente gehien batzea da asmoa; modu batean edo bestean Plentzia Telebistagaz kolaborau edo parte hartu dabenak alkartu gura doguz mahai baten inguruan.

Horrezaz gan, Plentzia Telebistaren urteurreneko bideoa egingo dogu eta aitatautako bazkarira etorriko diran guztiei erregalauko deutsegu. Era berean, bideo hori telebistan emitidu eta salgai jarteko asmoa be badogu.


8.- Plentzia Telebistaren web gunea be eregite fasean dago...

Bai. 1999tik dago eregite fasean... Lagun batek hartu eban ardurea baina arazo batzuk tarteko bertan behera geratu zan proiektua. Guar egun modu estatikoan dago Sarean eta sikeran gure e-posta helbidea ezagutarazoteko bidea eskaintzen dau (ptb@euskalnet.net).

Dana dala, Plentziako Udala be web gunea erabarritzeko lanetan dabil eta, besterik ez bada, bertan Plentzia Telebistaren barri jaso gura geunke.


9.- Lurreko telebista digitalaren baimenen lehiaketan kanpoan geratu da Plentzia Telebista. Zergaitik?

Bai. Apropos. Kontaktu eta ahalegin batzuk izan ziran baina handi geratzen jakun kontua zan. Tokiko telebista moduan baino gehiago produktoretzat ikusten dogu geure burua, ez daukagu albistegirik, jenteak ulertzen dituan erakorik, atal finkorik, ezta erositako programarik be; herrian sortzen dan informazinoaren arabera mobiduten gara.


10.- 2010ean ‘ilunaldi’ analogikoa etorriko da. Hortik aurrera, zer?

Ez da mundua amaituko. Kable bidezko telebista edota Internet bidezkoa beste aukera batzuk dira. Edozelan be, gure kasuan ez leuke zentzurik izango, berbarako, Plentzia Telebista Txinan ikustea.

Gauzak holan dirala, artxino historikoa da gure altxorra eta Plentzia Telebista artxibo historiko bihurtuko da segurutik. Antxinako kontuen ganeko (86ko galerna, Lemoizeko zentral nuklearraren kontrako mobilizazinoak...) makinatxo bat grabazino dagoz, 700 zinta baino gehiago eta 400 grabazino ordutik gora. Digitalizazino prozesua hasita dago eta material hori berreskuratzea da orain burukominik handiena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu