Natxituarrak Urriko Azken Astelehenari kantari
2007-10-24 17:43 BertsolaritzeaNatxituko Bolatokian baina, hamaika gazte ikusi doguz gogotsu. Xabier Enbeita gidari dala Natxituko bertso-eskolea begien aurrean daukagu: Xabier bera, Ander, Arano, Markel, Iker, Dani, Iratxe, Irati eta Imanol bertako bertsolariak dira. Halanda be, Amorototik Alex batu jake, Lekeitiotik Toko, Gernikatik Ander Unda eta Jon Telletxea Ibarrangelutik.
Urriko Azken Astelehena egun ezaguna da askorentzat. Gernika txiker geratzen da baserritarren egunean. Euskal produktuak eta jai giroa dira nagusi herri guztian zehar. Bertara hurreratu baino lehen Natxitutik egin dogu bueltatxoa, hango inguru eder eta zabaletan, Gernikan Urriko Azken Astelehenean falta izaten dan lasaitasuna topau guran.
Natxituko Bolatokian baina, hamaika gazte ikusi doguz gogotsu. Xabier Enbeita gidari dala Natxituko bertso-eskolea begien aurrean daukagu: Xabier bera, Ander, Arano, Markel, Iker, Dani, Iratxe, Irati eta Imanol bertako bertsolariak dira. Halanda be, Amorototik Alex batu jake, Lekeitiotik Toko, Gernikatik Ander Unda eta Jon Telletxea Ibarrangelutik. Danak batzen dira barikuetan arrastiko zazpietan. Gustora dabilz kantuan eta batzuek oraindino ez dabe Txapelketa Nagusirako gogo berezirik, batek baino gehiagok badaezpada begirik kentzen ez deutson arren.
Euren eskutik datoz Urriko Azken Astelehenaren ganeko bertsoak:
Egun handia gernikarrentzat
Euskal Herrian entzuna
Kaleak jendez beteta eta
giro oso euskalduna
Baserritarrak bere postua
jarri du txukun txukuna
Ea eskuak poltsez beteta
amaitzen dogun eguna
Nahiz astelehena izan ohetik
jaikitzen gara gustura
Eta klasera ez joatea
bihurtu dogu ohitura
Abarkak eta txapela jantzi
eman behar da itxura
Parrandarako eskusa ona
baserritarren kontura
Juan Kaltzadatik Pasilekura
postuak han eta hemen
Guk gaur jai dogu baina batzuk ez
dute hartzen gaur atseden
Behin inertzia hartuta ezin
tragoen segida eten
Barriz sagardoz ondo bustita
amaituko dogu aurten.
Ander Elortegi
Herrian barna ibilaldian
hainbat barietate mota
Fruta, traktore eta haziak
klase guztietako arropa
Orain daukagu piperrentzako
batuketaren epoka
Ongi etorri, disfruta ezazu
hau da Gernikako azoka
Zuhaitz bat dago, kanta bat dago
Iparragirreren mito
Garaia heldu da, badoaz lurrera
mila hosto eta piko
Frutarik honek ez du ematen
nahiz eta baden epiko
Uda gozoa amaitu arren
beti heltzen da urriko
Pasilekura hurbilduz gero
txorizo eta taloa
Edarietan, izar nagusi
bihurtuta sagardoa
Despistatuak, ardi galduak
hauxe da jende piloa
Holako herririk inon ez dago
duena holako giroa
Jon Telletxea
Asteburuen ostien beti
biherra dogu problema
Egixe esan astelehena da
egun gorrotatuena
Baina urtien baten bederen
jai giroa nabarmena
Parerik bako eguna dogu
Urriko azken astelehena
Baserritarren urteko lana
denon bistan, agerian
Amalurraren edertasuna
asfaltoaren erdian
Irribarrea nabarmenduaz
jendearen aurpegian
Herri giroa nagusitzen da
egun horretan urian.
Ume eta zahar neska ta mutil
hau giroaren edarra
Baserriak be berez badeuko
holako egunen beharra
Baina alperrik ez ete dogu
egun bateko indarra
Urte osoan babestu ezik
baserritarren beharra
Xabier Enbeita
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!