Hogeita bi konpainia, BAD Antzerki eta Dantza Garaikidearen IX. Jaialdian
2007-10-22 19:39Urriaren 26tik zemendiaren 4ra, Japonia, Brasil, Argentina, Suitza, Frantzia eta Portugaldik etorritako artistak eta Euskal Herrikoak zein Estadukoak Bilboko areto desbardinetan lanean ikusteko aukerea izango da 10 emonaldi eta 45 ikuskizunetan.
Urriaren 26tik zemendiaren 4ra, Japonia, Brasil, Argentina, Suitza, Frantzia eta Portugaldik etorritako artistak eta Euskal Herrikoak zein Estadukoak Bilboko areto desbardinetan lanean ikusteko aukerea izango da 10 emonaldi eta 45 ikuskizunetan. Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolaturiko jaialdiak, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Eusko Jaurlaritzea, Kultura Ministerioa eta EHU ditu babesle.
Ohiko eskenatokiez gan, Arriaga Antzokia, Bilborock, La Fundición eta Bilboeszena hain zuzen, igaz gehitu ziranak hartu behar dira kontuan, Mesedetako Ikastetxea eta San Franciskoko Udaltegia. Aurten barrikuntza legez Atxuriko Ikastetxe Politeknikoa gehitu jako. Bestetik, azken edizinoan programazinoan sartu zan Itineris Apur Bad deituriko ekinbidea (antzerkia, dantza eta performance-a jasoten dauen formatu txikiko ikuskizunen emonaldiak), aurtengo jaialdian Alde Zaharreko eraikin esanguratsu batzuetara eroango dabe: Berreginen eta Eleizbarrutiko Museora, Atxuriko Euskotrenen Geltokira, Garcia Rivero Ikastetxera eta Alde Zaharreko Ronda kaleko etxebizitza batera.
Egitarauan agiri diran 22 ikuskizunen artean, ikusleak erabateko hiru estreinaldi ikusteko aukerea izango dau: Gaitzerdi Konpainiaren azken lana, Pako Revueltasen bideo-instalazino bat eta ‘Tocamos a dos balas por cabeza’ izenburuko muntaia bat, Los Corderos Konpainia Kataluiniarraren ‘antzerki fisikoaren’ pieza bat.
Arriagako Estreinaldiak
Animalario Konpainiaren eta Zentru Dramatiko Nazionalaren eskutik, 60. hamarkadan ospea lortu eban Peter Weissen ‘Marat-Sade’ dramea aurkeztuko dabe.
Bestalde, Mario Gasen zuzendaritzapean, Espainiako Antzerkiak, ‘Home Body/Kabul’ antzezlana aurkeztuko dau, oraindino New Yorkeko torreak kea dariola egozala Pulitzer Tony Kushner Saria lortutako lana, Bin Ladenen, talibanen, AEB, SESB zein arma trafikatzaileen sarraskiak salatzen dituan lana, sionismoagazko kritikoa dan judutar batek idatzitakoa, Spielbergekin lana egindakoa ‘Munich’ filmearen gidoian.
’Me acordaré de todos vosotros’ lana izango da Arriagan aurkeztuko dan hirugarrena, La Abadia madrildar Konpainiarena.
Barrikuntzak
Jaialdiaren beste emonaldi erakargarri bat Gaitzerdi konpainiaren ‘Uneka’ lana izango da.
Dantza Sailean, Hiroaki Umeda japoniarraren eta Cindy Van Acker suitzarraren emonaldiak aurkeztuko ditu BAD Jaialdiak La Fundición Aretoan. Mesedetako Ikastetxeko eskenatokian, barriz, Dukemene euskal-argentinar taldea agertuko da, Leire Ituarte eta Beatriz Gázquezegaz batera. Eskenatoki honek dantza eta antzerki emonaldi mistoak jasoko ditu, berbarako, La carraspera eta Trashumantes euskal taldeenak, Rosa Casado madrildarraren performance bategaz batera.
Bilkborrock Aretoak be performance esparruko zenbait lan jasoko ditu: Núcleo de Experimentaçao Coreografica portugaldarren ‘A pesar de las evidencias’ antzezlana, euskal-madrildar Katu Beltz taldearen ‘Gris mate’ edo Parisen bizi dan bikoteaz osotutako Etxea taldearen ‘Invertigo’ lana. Mesedetako eleizea izandakoan, La Pez euskal taldea eta Zatazeas taldea be izango dira ikusgai. El Canto de la Cabra madrildar taldeak bestalde, ‘Trece años sin aceitunas’ antzezlana aurkeztuko dau ondoan dagoan Mesedetako Ikastetxean. San franciskoko Udaltegian eta Euskal Herrian estreinaldi legez, performance-happening bat aurkeztuko da, ‘Sin Titulo’ ikuskizunagaz batera, Legaleon (Euskal Herria) eta L´Alakran (Suitza) taldeen alkarlanaren ondorio.
Work in Progress, Bilboeszenan garatzen dan disziplina anitzeko laborategiak izakiari buruzko eta talde euskal-brasildar baten aurrean atzerritar sentidutearen gogoetea dakarsku, ‘Dextranjis’, hain zuzen. Eta +BAD Sailean, Artekale, Kaleko Arte Eszenikoen VII. Topagune Profesionalak jasoten dira, Eszenagaz Hitzordua izenburupean hiru berbaldi eta Sormenerako eta Eszenaratzeko ikastaro bat.
8.000 ikusle
Jaialdiak 8.000 ikusle baino gehiago erakarri ditu azken edizinoetan eta sendo dagoala esan leiteke. Ekitaldien artean barria da Aurre-BAD jaialdi laburra, Antzerki Imaginario Fabrikearen ibilbidea aintzatesteko balioko dauena (urriaren 20tik 26ra).
Era berean, antolatzaileek interesatuen esku jarri dabe Jaialdiari buruzko informazino guztia http://www.badbilbao.com webgunean.
Sarrerak salgai dagoz 902 264 902 erreserba-telefonoan, eta aldez aurretik erosi ezkero deskontuak dagoz.
Horren guztiaren bitartez, Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eutsi egin nahi deutso arte eszenikoen arloan barrikuntza, abangoardia eta kalidadea baloretan dituan publiko gazteentzako eskaintza mantentzearen aldeko apustuari. Ekimen honen helburua Bilbon abangoardiako arte eszenikoetarako esparru bat sendotzea da, Jaialdia Estaduaren iparraldeko antzerki eta dantza garaikide barritzaileenaren erreferentzia bihurtzeko asmoz. Merkatal zirkuituetan nekez topau daitekezan ohiz kanpoko ikuskizunak dira BADen ardatz nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!