Jexux Mari Irazu eta Uxue Alberdi finalaurrekoetara

Bizkaie! 2007-10-22 13:16   Bertsolaritzea

Jexux Mari Irazu eta Uxue Alberdi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan dagoz honezkero eta Sukia oriotarrak eta Jon Martinek eta Unai Muñoak be aukera handiak ditue aurrera egiteko.

Jexux Mari Irazu eta Uxue Alberdi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan dagoz honezkero eta Sukia oriotarrak eta Jon Martinek eta Unai Muñoak be aukera handiak ditue aurrera egiteko.

G puntuaren bila, final laurenetako lehenengo saioa izanik, Azkoitiko Baztartxo aretoak ondoetorri polita egin eutson fase barriari. Aretoa bor-bor egoan hasieratik. 500 persona inguru batu ziran azkenean.

8ko handian Rezola eta Gurrutxagak osotu eben, akaso, saiorik ederrena: bidaiari papelean jarri ditue, bata aurretik dana lotu zalea eta bestea abenturazalea. Gurru oso ondo ibili zan, sendo, bertsoak goitik beherakoak osotuz.

Besteak be polito. Irazuren lana be nabarmentzekoa da. Maila oneko lanaldiak, beraz, 8ko handian.

8ko txikian lan ederra egin eben danek.

Irazu eta Rezolarena izan zan akaso aitagarriena. Irazu bikotekideari arropa sexya erostera joan da Aginengana, bikotekidearen aitarengana. Umore ederrez ekin deutse alkarri, ehiza mundua atxakia hartuta.

Agirre eta Sukia. Agirre udaltzaina goizeko 4etan tabernea zarratzera joan da eta herriko alkatea topau dau barruan. Sukiak alkatearen papelari ederto eutsi deutso, Agirre udaltzainaren erasoen aurrean.

Gurrutxagari Munduate kanpoan bizi dan osabea etorri jako bisitan; hilebete ostean etxean jarraitzen dau. Gurrutxaga ederto ibili zan, maila handian, baina Munduateren graziak publikoa bereganatu eban.

Bestetik, saio politak entzun ziran txikian, bizi-biziak, ariketeak eskatzen dauen legez.

Bakarkako lanean, puntuari erantzuten egoki ibili ziran guztiak, baina Agirre eta Munduateren bizkortasunak merezidu dau aitatzea. Berbea emonda, barriz, XXL jarri deutse oriotarrari, eta taila handiko bertsoa osotu dau.

Munduatek be, Gozatu berbea jarrita bertso ederra osotu eban.

Beste alde batetik, 10eko txikian, ez eben gehiegi asmau seiek be.

Kartzelakoan, azkenik, honokoa gaia izan eben: ‘zu hiltzen saiatu dira gaur’. Xabier Sukiak saio polita egin eban, egiari zor, eutanasia eske dabilen ezinduaren rolean. Behetik gora joan zan saioan zehar, eta horrek emon eutson bigarren postua. Jexux Mari Irazu be polito ibili zan, baina ez eban berebiziko arrakastarik lortu.

Amaierako agurrak kantaukeran, izen asko egozan bertsozaleen porretan, lehia estua izan dan seinale, duda barik.

Azkenean, halan da be, Irazuk lortu eban finalaurrekoetarako zuzeneko txartela, eta Sukia oriotarrak aukerak izango ditu pasetako. Hurrengoak be puntu gitxira geratu dira eta ikusi egin behar hurrengo saioetan zer pasetan dan.


Iruneko Amaia Antzokira 600 bat lagun hurreratu ziran, tartean bertsolari ugari, kideen maila ezagutzeko edo

Agurretatik berotu eben jarduna seiek.

8ko nagusian Martin eta Muñoak hasi eben lanaldia eta oso ondo, gainera. Martinek aspalditik eukan egutegian biharko eguna markauta, Muñoagaz eguna pasetako. Biek zuzen eutsi deutse papelari, bertsoak egoki josiz. Hiru bertsoetan zehar hobetzen joan ziran biak, eta bertsoaldi ederra osotu eben.

Besteak be egoki, txukun-txukun puntuak batzen.

8ko txikian Barandiaran eta Izagirrek luzidu eben gehien ariketea. Iñigo aitaginarreba konbidau eben atzo Aitzolek eta lagunak, ondoezak jota ingresau egin behar izan eben. Bisitan joan jako Aitzol ospitalera. Iñigoren freskureak emon eutson argia lanaldiari.

Orokorrean handian baino bajuxeago ibili ziran txikian.

Puntu erantzunean Martinek eta Muñoak gain hartu deutse, akaso, besteei.

Bakarkako lanean, Martinek Glamourra berbea emonda ondo asmau eban, glamourra jantzi ez, barruan eroaten dala esanez.

Muñoak be Ordularia berbeari, barriz, bertso ederra marraztu eutson, beti lehenbailehen joan behar dogula baina nora ez dakigula esanaz.

Alberdik Sabela berbera erabilita, amari eskaini eutson bertsoa.

10ko txikian, Oiartzabal eta Alberdiren lanaldia izan zan azpimarragarriena baina beste lanaldiak be txukun egin zituen danek, akatsik barik.

Kartzelako gaia, barriz, hauxe izan zan: ‘Banekien hartutako erabagiak eragina izango ebana berarengan, baina ezin neban gehiago’.

Guztiek lan oso ona egin eben ariketa honetan, kalidade handia erakutsi eben eta guztiek merezidu dabe aitatzea.

Azkenean, Uxue Alberdirentzat izan da finalaurrekoetarako txartela. Martin bigarrenak eta Muñoa hirugarrenak be aukera handiak ditue. Hortik atzerakoak, Izagirre eta konpainia be ez dira urrun ibiliko. Gazteak gogor datoz eta ezustekoak izan daitekez.


Hurrengo final laurenak

- Urriaren 27an, Eibarko Coliseo Antzokian, 18:00etan. Amaia Agirre, Iker Zubeldia, Iñaki Zelaia, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Ainhoa Agirreazaldegi eta Hodei Iruretagoiena.
- Urriaren 28an, Zumaiako Maria eta Jose ikastetxean, 17:00etan. Ekaitz Goikoetxea, Aitor Sarriegi, Jokin Uranga, Bixente Gorostidi, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Joxe Luis Urdangarin.
- Zemendiaren 4an, Tolosako Usabal Kiroldegian, 17:00etan. Aitor Mendiluze, Jon maia, Nahikari Gabilondo, Ibai Esoain, Iñaki Apañategi eta Beñat Gatzelumendi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu