Lanbide Heziketako hiru irakasletatik bat erderaz

z 2007-10-18 19:34   Euskerea berbagai

DBH, LH eta hizkuntza eskolan eskainiko diran lanpostu horreetatik guztietatik % 10,10ek ez dau hizkuntza-gaitasunik izango ikasgaiak euskeraz emon ahal izateko.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Euskal Autonomi Erkidegoan onartu barri dan lan deialdiaren azterketea egin dau. Deialdi horretan 614 lanpostu eskaintzen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntza Eskolan. Lan deialdi horrek izango dituan ondorioak nabarmendu ditue Behatokiko arduradunek: Lanbide Heziketako hiru irakasletatik batek ez dau klaseak euskeraz emoteko gaitasunik izan behar’.

Hasteko, Behatokiko bozeroaileak lan deialdiaren datuak azaldu ditu. DBH, LH eta hizkuntza eskolan eskainiko diran lanpostu horreetatik guztietatik % 10,10ek ez dau hizkuntza-gaitasunik izango ikasgaiak euskeraz emon ahal izateko. DBHrako irakasleei jagokenez, lan-deialdia egokia da, guztiei eskaintzen jakelako hizkuntza-eskakizuna. Aitzitik, Lanbide Heziketarako moduluetan kezka handia agertu dau Behatokiak, izan be, lan deialdi horren ondorioz sartuko diran irakasleen % 37,50ek ez dabe hizkuntza-gaitasunik izango eskolak euskeraz emoteko.

Behatokiko zuzendaria dan Paul Bilbaok gogorarazo dau Lanbide Heziketearen gabeziak nabarienak dirala: ‘Euskeraz egin ahal izateko aukera gitxien emoten dauena da Lanbide Heziketea, aurrera egiteko irakasle euskaldunak behar dira’.


Euroituna

2005eanEuropako Kontseiluko Ministroen Batzordeak gomendio zuzena egin eutson Espainiako Estaduari. Betebehar horren eskuduntzea Jaurlaritzearena da; beraz, berari jagoko Europako adituek egindako gomendioa betetea. Izan be, Euroitunaren konpromisoaren ebaluazinoa egitean, administrazinoak propio jasoten dau euskerazko irakaskuntzea txikia dala: ‘Egia esan, euskerazko hezkuntza tekniko eta profesionalaren estaldurea murritzagoa da’.

Behatokiko zuzendariak azaldu dau ez dala ulertzen kontratazino barrietan euskerazko irakaskuntzea bermatuko ez daben lanpostuak sortu izana.

Bestetik, Jaurlaritzeak nabarmendu bezela, D ereduaren eten bako igoerea izan badogu be, D ereduko ikasleak Lanbide Heziketako moduluetara joten dabenean, ez dabe izaten eskaintza osoa euskeraz. ‘Zer pasauko da orain D ereduan euskalduntzen diran ikasleakaz 6 urte barru Lanbide Heziketara heltzen diranean?’, galderea egin dau Paul Bilbaok. Behatokiko zuzendariak, euskalduntze prozesuak jarraipena behar dauela nabarmendu dau, ‘ezin dogu eten Lanbide Hezkiketan’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu