Mintzapraktika, euskeraz berbetan ikasteko eskola praktikoak
2007-10-16 15:35 Euskerea berbagaiEuskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz, norbanako borondateari esker sortutako eta aisialdia oinarri daben gune askeetan garatutako Mintzapraktika egitasmo bateratua aurkeztu dabe gaur Euskaltzaindiaren egoitzan.
Euskerearen erabilerea sustatzeko helburuagaz, norbanako borondateari esker sortutako eta aisialdia oinarri daben gune askeetan garatutako Mintzapraktika egitasmo bateratua aurkeztu dabe gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako euskerea sustatzeko arduradun Miren Dobaran, Bizkaiko Foru Aldundiko euskerea sustatzeko zuzendari Gotzon Lobera, Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoko zuzendari Jasone Mendizabal eta AEK-ko zuzendari Mertxe Mujika izan dira prentsaurrekoan eta danak hala danek azpimarratu dabe erakundeen alkarlanaren frutua dala aurkeztera etorri diran ekimena.
'Euskerea ezagutzatik erabilerara eroatea ezinbestekoa da', esan dau Dobaranek. 'Mintzapraktikari esker, Gasteiztik Ezkerraldera, euskaltegietan ikasitakoak praktikan jarteko aukerea izango dabe ikasleek', ganeratu dau. Holan ba, euskerearen erabilerea modu eraginkorragoan sustatzeko helburuagaz martxan jarritako ekimena da Mintzapraktika. Mendizabalen esanetan, 'azken urteotan argi ikusi da euskerea irakasteaz gan, euskerea erabilteko erraztasunak be emon behar dirala'. Horren harian, datu zehatzak ekarri ditu gogora: Bizkaian, ia 1.000 berbalagun dagoz 23 herritan; Euskal Autonomia Erkidegoko 40 herritan, 2.000 inguru.
Orain dala zazpi urte Bizkaian martxan jarritako Berbalagun programea gogora ekarri dau Loberak, ekimena aitzindaritzat joz eta egitasmoaren malgutasuna eta alkarlana (Bizkaiko Foru Aldundia, Topagunea, AEK eta Uztarria erakundeen artekoa) azpimarratuz. 'Programa berean, ekintza desbardinak batzen dira; programa bizia da'. Bizitasuna eta malgutasuna. Berba horreek biek oso zehatz definiduten dabe Mitzapraktika zer dan. Ekimenean izena emon eta 'berbalagun' bategaz edo bigaz zitea jarri ostean, helburu bakarra euskeraz berba egitea izango da, euskaltegietako ohiko eskola-guneetatik kanpo.
Teknologia barriei esker, euskeraz berbetako praktikak ordenagailuaren bidez egin daitekez, www.mintzapraktika.org webgunearen bidez, AEK-ko arduradun Mertxe Mujikak jakinarazo dauen legez. Skype programea, eztabaida-guneak edota blogak izango dira sarean, erabiltzailearen eskura. 'Parte-hartze aktiboa oinarrizkoa izango da webgunean'. Bertan, mintzapraktika taldeek aukerea izango dabe foroetan parte hartu eta euren blog propioak sortzeko. Ganera, inguruan talde fisikorik ez daben lagunek be mintzapraktika plataforma birtual legez erabili ahal izango dabe webgunea, ahozko komunikazinoa ahalbidetzen daben tresnen bidez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!