Jabier Muguruza: 'nire aita eta konplize izandakoari bihotzez egindako omenaldia da'

Bizkaie! 2007-10-15 18:32   Barriketan
'Konplizeak' lana aurkeztu barri dau.

Aspaldi hasi zan Jabier bere bidea egiten, berak landutako bidea. Elementu gitxi erabilita, musikalidade aberatseko lanak egin izan ditu eta, oraingoan be, horrelako lan bategaz jatorku, 'Konplizeak' izenburupean. Bide horretan, konplize asko izan ditu baina, akaso garrantzitsuena, oraintsu hildako aita izan da. Momentu txarrei aurre egiteko, lanari gogor ekin deutso Muguruzak eta horren emoitzea da, duda barik, bere azken lana.


1.- 'Konplizeak' lana kalean dago honezkero. Disko barri bakotxagaz bide barri bat hasten dala esan daiteke. Zelan ekin deutsazu zuk bide barri honi?

Joan dan astean esan eustienean 'Konplizeak' ailegau zala, ume baten ilusinoagaz joan nintzan Donostia aldera diskoaren bila. Nik banekian, ondo jakin be, lan horretan zer egoan, disko hori zer zan niretzat.

Justo egun berean, prentsa katalanean, Quim Monzó idazlearen autormen hau topau neban: 'orain dala urte bi, krisi bat sortu jatan espero ez nebana. Nik pentsetan neban bizitzako dramak bihotz kontuak zirala, oheratze-kontuak... baina ez, horreek haurtzaindegiko krisiak dira, ez besterik. Benetako dramea nire gurasoen gainbehera ezagutzea izan zan. Ez neban espero, eta ez neban espero horrenbesteko golpea izango zanik. Lehen, nire narrazinoak taberna-giroetan garatzen ziran; orain, ospitaleetan'.

Oso identifikauta sentidu nintzan lehenengo zatiagaz. Nik be harriduraz bizi neban aitaren bapateko galereak eragindako mina joan dan urtean. Baina bigarren zatia ez dot modu berean bizi eta horren probarik garbiena 'Konplizeak' dozue.


2.- Disko tristea dala esan daiteke?

Tristura badago disko honetan, dudarik barik, baina beste sentimentu eta emozino askogaz batera. Maitasuna, harridurea, xamurtasuna, mina, bakardadea, alkartasuna... Ez neuke esango, inondik inora, obra tristea danik, nahiz eta tristurea be tarteka azaldu. Niretzat, beste ezeren ganetik, lan hunkigarria da, barru-barrutik sortua izan dana. Omenaldi bat be bada, nire aita eta konplize izandakoari bihotzez egindako omenaldia.


3.- Zer sentiduten da disko barri bat kaleratzen danean?

Bernardo Atxagak bere azken liburuan, 'Markak liburuan', orain dala 7.000 urte Il Masso di Bormo hatxean marrazturiko lerroetatik abiatuta, honako hau dino: 'gizakiak betidanik sentidu dau behar handi bat, marka batzuk ixteko beharra, bere existentziaren barri emongo dabenak. Zeozelan, ondorengo mezu hau emon: hemen egon ginan; egun batean, bizirik egon ginan hemen'. Bereganatua eukien ordurako bizitza zala baliotsuena, arnasa hartzea, jatea, pentsetea... bizitzea ezagutzen ebela esan gura dau eta, ondorioz, ondo neurtzen ebela heriotzearen mina.

Niretzat, disko hau, beste ezeren ganetik, marka bat da, zuentzat itxi gura dodana. Marka bat honakoa aditzera emon gura dauena: 'nik hau bizi dot, gogorra izan da, baina, aldi berean, oso gauza ederrak bizi izan dodaz eta hemen nago eta aurrera egiteko desioa sentiduten dot, bizitza maite dot'.


4.- Diskoa zure aitaren heriotzearen ostean sortu zan?

Nahiko metodikoa bihurtu naz. Urtebete egiten dot zuzenekoetan eta aurkezpenetan sartuta eta beste urtebete kantak egiten. Oraingoan be holan izan da eta prozesu horrek aitaren heriotzeagaz bat egin dau. Nire bizitzako momentu zehatz batean jazotako zeozer da eta, aldi horretan, diskoa preparetan egon naz. Horrek emozionau egiten nau ze, berbarako, Martiriogaz abesten dodan 'Ertz maitea' entzukeran, kanta hori egiteko piano aurrean isuri dodazan malko danak etorten jataz burura.

Hori dana bizitzako momentu jakin batean jazo da eta horregaitik defendiduten dot nik obrea eta ez kantea bera. Obra horren zentzua momentu jakin batean jazotako egoereak zehazten dau, musikariek, testuek... Horregaitik, nik obrea edo sormen-lana defendiduten dot.


5.- Obrea kantearen ganetik?

Bai. Orain, uste dot kantearen aldeko jarrerea dala nagusi eta diskoa kanta batzuk osotzen dabela. Nik ez dot holan ikusten. Disko hori osotzen daben kantak ez dagoz hor kasualidadez. Euren artean, obra bat sortzen dabe.


6.- Aitatu dozun legez, Martiriogaz egindako kanta bat topau daiteke diskoan. Nondik-nora jatortzu flamenkoagazko zaletasuna?

Imanol Larzabalegaz joten neban sasoian ezagututako Toti Soler gitarristeari esker hurreratu nintzan flamenkora. Behin, Hondarribin, bazkaldu ostean, gitarrea atara eta joten hasi zan. Berak ez dau, berenberegi, flamenkoa joten, baina oso hur dago flamenkotik. Nik, ordura arte, zeozelako errezeloa neukan musika mueta horren aurrean baina, gitxika-gitxika, estiloa hobeto ulertzen joan nintzan, apurtutako ahotsa eta beste hainbat kontu.

Martirioren kasua... bere semearen laguna naz, Raul Rodriguez flamenko-gitarrista handiarena. Eta, zelan ez, Martirio beraren jarraitzailea be banaz, betidanik. Bartzelonan ezagutu genduan alkar, kontzertu batean. Martiriok, azken urteotan, lan bikainak egin ditu baina jenteak, oraindino be, koplearen munduan kokatzen dau.


7.- Zergaitik eskaini deutsazu kanta bat Luz Casal artisteari?

Luz Casal Leonard Cohen-i eginiko omenaldian egon zan eta lagun egin ginan. Gero, e-postaz kontaktua izan genduan, kanta bat egiteko eskatu eustan eta, laster, gaixotu egin zan. Ordutik, hur-hurreko loturea izan dogu, e-postaz. Horregaitik, kanta hau eskaintzeko gogoa neukan, orain hobeto dago eta indarra emoteko eskaini deutsat.


8.- Bilboko aurkezpena Kiko Venenogaz egingo dozu. Bera be laguna dozu?

Kikogaz loturea zuzen-zuzena da, oporrak be sarritan alkarregaz pasau doguz eta. Bira normaletan, hegaldiak, hotelak... konpartiduten dozuz baina Kikogaz loturea zuzenagoa da. Hau da, Bilboko kontzertura Kiko emazteagaz etorriko da eta danok egongo gara alkarregaz.


9.- Testuetan, zure barruan gordeta egozan gaiak jaso gura izan dozuz?

Orain, atzera begiratuta eta testuei erreparauta, konturatzen naz aita hil eta behehala egindako kantek heriotzearen presentzia nabarmenagoa dabela. Osteko testuetan tonua bigundu egiten da eta, gitxika-gitxika, gai desbardinak agertzen dira.

Aldi berean, aurreko diskoak baino biziagoa dala be esan daiteke, koloretsuagoa. Erabilitako musika-tresnak orain arte erabilitakoak dira, baita giroa be. Baina lan honetan kolore gehiago dagoz, bitxia bada be.

Kolaboratzaileei jagokenez, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionaindia, Xabier Lete, Inazio Mujika eta bestelakoak topau daitekez diskoan, orain arte be nigaz ibilitakoak. Bestetik, badagoz izen barriak be, Leire Bilbao, Angel Erro edota Covadonga Da Silva tartean.


10.- Beraz, lehenengo testua topetan dozu eta gero jarten deutsazu musikea?

Bai. Honezkero, urte asko dira holan egiten dodala lan. Salbuespena 'Ja-Ja' da, orain dala hogei urteko lana. Prozesua honakoa da: testua hartu eta, testu horretan oinarrituta, musikea jarri.


11.- Bideo-klipa be egin dozu, Barbara Goenagagaz. Ze helburugaz?

Lehenengo eta behin, Barbara Goenagak egindako lana goraipatu behar dot. Lan zoragarria egin dau, bikaina.

Bideo-klipa, oraingoz, webgune desbardinetan, tartean nirean, jarriko dogu eta promozinorako erabiliko da, telebistarako berbarako.


12.- Behin diskoa kaleratuta, noiz hasiko zara aurkezpen-kontzertuakaz?

Angel Unzuk (gitarrea eta bouzukia), Mireia Otzerinjauregik (ahotsa) eta hirurok urriaren 31n Irungo Amaia antzokian aurkeztuko dogu diskoa, Pablo Guerreroren laguntzinoagaz. Ostean, zemendiaren 8an eta 9an, Kiko Venenogaz izango gara Bilboko Ayala antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Ondoren, Madril, Bartzelona, Zornotza, Iruñea, Araia eta Galiziako hainbat herritan izango gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu