Sitevi 2007 barrikuntzen erakustoki

Imanol Sarasola Enologoa 2007-10-15 15:17   Jan edanak

Azken 30 urteotan, Sitevi ardaogintza alorreko erreferente bihurtu da nazinoartean. Erakusketeak 40.000 metro koadro inguruko azalerea dauka eta 22 herrialde desbardinetako 900 erakusle inguru egongo dira seigarren ekitaldi honetan. Duda barik, ardaogintzearen inguruko gorabeherak ezagutzeko leku parebakoa.

Sitevi nazinoartean ardaogintzearen inguruan egiten dan erakusketarik handiena da. Aurten, Montpellieren izango da zemendiaren 27tik 29ra; bertan mahasti landareentzako beharrezko osogai, ongarri, makina, traktore zein ardaoaren elaborazino prozesuko ezaugarri enologiko guztien erakusketea egiten da. Gaur egun, mahastigintzarako traktoreen beharra ukaezina bada be, prozedura enologikoak dira hartziduran eragiten dabenak eta ardaogintza alorrean ikuspegi barriak zabaltzen laguntzen dabenak.

Beste alde batetik, ezin dogu ahaztu ardaoa saltzeko, unean uneko zailtasunak dirala eta, alkoholemia kontrolak eta enparauak tarteko, marketing eta komertzializazinoari begirako proposamen barriak be egin behar dituezala nahitaez ardaogileek, besteak beste, packaging arloan edo ontziraketan barrikuntzak proposatuz, beti be prentsa espezializatua, adituak eta publizidadea alde jarriz.

Aurtengo ekitaldian, mahasti eta ardaogintzearen inguruko joera barriak izango dira ikusgai eta, esangura horretan, mahastigintzan aitatu diran lehenengoetariko barrikuntzak inauzketa mekanizatuaren arlokoak dira. Bigarren, produkto fitosanitarioen aplikazinoa eta bedar txarrak kimikoki zelan desagerrarazo praktika ekologikoaren ikuspegitik. Hirugarren bat aitatzekotan, bendimia mekanizatuan egindako kalidadearen kontrola izango litzateke.

Enologia eta ardaogintza sailean, klima aldaketearen ondorioz, zenbait lekutan produkzinoan egin beharreko aldaketak izango dira ikusgai, izan be, leku horreetan pHa gorantz doa egunetik egunera muztio eta ardaoetan.

Ardaogintza prozesuan sortzen diren hondakinen tratamenduaren hobekuntzea eta hondakinek ingurumenean sortzen daben eragina dira beste ardura nagusietako batzuk. Eta enologia arloan, ardaoaren ezaugarri organoleptikoen hobekuntzea be aztergai izango da.

Ardaoen ontziraketeari jagokonean, kontuan hartuko dira sektoreko enpresarioek proposaturiko aukerak, besteak beste, botilak zarratzeko sistemetan kalidadea hobetzeko eta kontsumo aukera barriak zabaltzeko.

Azken buruan, informatika alorreko aurrerapenak nabarmentzea komenidu da; deigarrienak, ordenadoreen bidez kudeatzen diran lur sailak alde batetik eta bendimia mekanizatuagaz eta fermentazinoagaz loturiko prozesuak bestetik. Datu legez baino ez bada be, gaur egun ohikoa da mahastietan jarritako zentsoreek bialdutako informazinoagaz lan egitea.

Azken 30 urteotan, Sitevi ardaogintza alorreko erreferente bihurtu da nazinoartean. Erakusketeak 40.000 metro koadro inguruko azalerea dauka eta 22 herrialde desbardinetako 900 erakusle inguru egongo dira seigarren ekitaldi honetan. Duda barik, ardaogintzearen inguruko gorabeherak ezagutzeko leku parebakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu