Zigor Aldama: ‘Ezinbestekoa da gazteen artean Asiaren inguruko ezagutzea lantzea’

Saioa Torre Gereketa 2007-10-08 15:30   Barriketan
Kazetaria eta Euskalasia erakundeko presidentea

Artikulu, erreportaje eta alkarrizketa artean buru-belarri murgilduta dabil Zigor Aldama kazetaria. Myanmar herrialdetik kanporatu eben baina, kanpotik bada be, herrialde horri lotuta dago egunotan, manikatxu bat komunikabidetako nazinoarte arloko orrialdeak edota minutuak horniduten. Horrezaz ganera, beste hainbat egiteko be baditu, bere lana eta bizimodua aldatuko dauen ekimen berezi bat daukalako esku artean.


1.- Egun gitxi barru proiektu barri bati ekingo deutsazu. Zer da Euskalasia?

Euskalasia errealidadea da honezkero. Euskalasia Euskal Herriaren eta Asiaren arteko alde biko hartu-emonak diseinau eta promozionau gura dituan erakundea da. Asia ezagutzen dogun lagun-talde batek sortu dogu, hartu-emon hori behar-beharrezkoa dala ikusita. Martxan jarteko ordua ailegau da; bestela, eurak jarriko gaitue martxan gu. Euskalasiak uste dau hoba dala aurretik joatea atzetik baino. Horregaitik, enpresa, irakaskuntza eta informazino arloko aditu batzuk batu gara Asia Euskal Herrian eta Euskal Herria Asian egoteko helburuagaz.


2.- Zerk bultzatuta sortu da erakundea?

Oinarri-oinarrian ideia bat dago: honezkero, Asia eta, batez be, Txian eta India mundu globalizau honetako liderrak dira. Baina komunikabideetan gero eta gehiago agertu arren, oraindino ez dira lar ezagutzen. Mendebaldeko herrialdeetako populazinoa bildurtuta dagoala be esan daiteke, batez be Txinak ekarriko dauenaren aurrean. Herrialdea oso urrun ikusten dogu baina, aldi berean, hur. Urrun, besteak beste, kultura arloan; eta hur, gure ekonomiari egiten deutson mehatxuagaitik. Hori guztia, nire ustez, desinformazinoaren ondorioa da baina errealidade garbi bat be badago: Txina, ikuspuntuaren eta gizartearen egiturearen arabera, aukerea zein mehatxua izan daiteke. Hori guztia jakinarazoteko helburuagaz sortu da erakundea.


3.- Teorian zehaztutako hori zelan eroango dozue praktikara?

Hiru atal nagusi zehaztu ditugu: Euskalasia Campus, Euskalasia Culture eta Euskalasia Biz.


4.- Banan-banan aztertuko doguz, bada.

Garrantzitsuena, duda barik, lehenengoa da, Euskalasia Campus. Gazteen artean Asiaren inguruko ezagutzea lantzea ezinbestekoa dala uste dogulako. Arlo horretan, euskal unibersidadeen eta Asiaren arteko zubi-lana egitea da Euskalasiaren helburu nagusia. Formazinoa euskal hiru unibersidadeetatik (Euskal Herriko Unibersidadea, Deustuko Unibersidadea eta Mondragon Unibersidadea) etorri behar da. Unibersidade horreen mailea onargarria da, tartean hutsune batzuk egon arren. Asia ze handia dan kontuan izanda, ia ezinezkoa da unibersidade bakotxa, bera bakarrik, merkadu horretan sartzea, batez be asiarrentzako Euskal Herria Espainia dalako eta Espainia zezenak, flamenkoa eta Real Madril futbol-taldea. Arlo akademiko horren barruan, gure helburua hiru euskal unibersidadeak batu eta Asian, Txinan eta Indian batez be, sartzea da. Eta hirurak dagoz prest bideari alkarregaz ekiteko. Ikasleen trukerako programea, praktikak egiteko aukerea eta, lehenengoz, Asian oinarritutako masterra izango dira eskaintza nagusiak.


5.- Izena irakurrita, bigarrena nondik-nora joango dan jakin daiteke.

Euskal Herria Asian ezagutarazotea eta asiarrek Euskal Herriaren barri izatea da Euskalasia Culture atalaren helburua. Txina eta India oinarrian hartuta, Japonia, Hego Korea, Hong Kong eta beste hainbat izan behar dira kontuan. Ikastaroak, jardunaldiak, berbaldiak... antolatuko doguz, bai Asian baita Euskal Herrian. Bestalde, Euskalasiak webgunea izango dau horren guztiaren barri emoteko.


6.- Eta, azkenik, zer da ‘Biz’ hori?

Biz horrek ez dau zerikusirik Bizkaie! webguneagaz...

‘biz’ business arloa izentetako akronimoa da. Atal horretan, enpresa mundua landuko dogu. Asian lan egin gura daben enpresei laguntzinoa eskaintzea da gure asmoa, kontaktuak topau eta, azken batean, bidea erraztea. Horretarako, datu-basea osotu beharko dogu.


7.- Zein izango da zure eginbeharra?

Nire lana, Euskalasiako presidente legez, aitatutako guztia koordinetea izango da. Aste bi barru, Shanghaira joango naz, printzipioz urte birako eta... ikusiko da zer pasetan dan gero. Neu izango naz Euskal Herriaren eta Asiaren arteko kontakturako personea han.

Kazetari lana ez dot albo batera itxiko, orain arte legez jarraitu gura dot.


8.- Horrenbesteko abiadea dakarren Txinaren garapen ekonomiko horren aurrean, zein da mendebaldeko herrialdeek hartu beharreko jarrerea?

Defentsa-jarrerea izan beharrean, martxea hartu eta gogor egin behar dogu lan. Azken batean, Txina eta Asiako beste hainbat herrialdek guk sortutako medioak erabilten ditue. Hango gazteek lan egiteko gogo bizia daukie, hemengoek baino sakrifizio-maila altuagoa. Ganera, hobeto preparauta dagoz. Hemen, hilean mila euro kobretan daben edonor da auto baten jaube eta jairik jai ibilten da. Ongizate gizarte batean bizi gara, bai, baina honezkero gainbeheran dagoana. Han, ostera, ez. Horreagitik, Asiari ateak zabal-zabalik jarten gabiz hemen sartzeko.


9.- Asia hazten dagoala ezin uka daiteke baina kontinente erraldoiean gatazkak be egon, badagoz. Oraintsu, Myanmar herrialdetik kaleratu zintuen manifestazino batean argazkiak atarateagaitik. Hori azafrai altxamentua dalakoaren hasieran izan zan. Zein da gatazkearen jatorria?

Azafrai altxamentuak izen hori hartu dau monjeen jantziak azafrai kolorekoak diralako. Halanda be, altxamentua ez da berez monjeakaitik hasi, komunikabideetan esan dan moduan. Gasolinearen prezioa denpora gitxian bikoiztu egin dabelako eta jatekoak egiteko orioa bost bider karuago dagoalako izan da. Myanmar lako herrialde pobre batean, igoera horreek herritarrak haserratzea ekarri dau. Orain arte ez dabe ez eskubiderik ez askatasunik izan eta, orain, ia bizi be ezin dabe egin. Egoereak ganezka egin dau eta ikasleek, beharginek edota oposizinoan ia ostenduta dagoan Liga Democrática Nacional alderdiak kalera urten dabe. Abuztuaren erdialdean izan zan hori eta manifestazino horreetariko batera joan nintzan ni. Poliziak gogor kargau eban herritarren kontra eta hainbat atxiloketa izan ziran. Ofizialetako batek ni ikusi eta atxilotu egin ninduen, ostean herrialdetik botateko.


10.- Hainbat heriotza izan dira eta, tartean, bere lana beteten egoan Kenji Nagai argazkilari japoniarra lurrean, hiltzorian, eta soldadu batek bigarren tiroa zelan botaten eutson ikusi dogu, hil arte. Kazetari legez, zelan baloretan dozu jazoera hori?

Balorazinoa baino, sortarazoten dauen sentsazinoa da garrantzitsuena. Batetik, amorrua sentidu neban, nik han ezin dodalako egon zer pasetan dan kontetako. Baina argazkilaria lurrean hilzorian ikusi nebanean, suberteduna nazela pentsau neban, ni kanporatu egin ninduelako baina ez jatalako ezer pasau.

Beti dago dualtasun hori. Batetik, han gurako neuke egon, zer pasetan dan kontetako, batez be kasu honetan, kazetari gitxi dagozalako; bestetik, baina, arriskua be ikusten dot. Eta hori da, hain zuzen be, hango herritarrei pasetan jakena: egoerea aldatu gura dabe baina hilteko bildur dira. Hori sentidutea normala da, gizatiarra.


11.- Komunikabideek izan daben jarrerea salatu dozu, odola ikusi arte herrialde pobreakaitik ardura gitxi izateagaitik.

Hori egia da, komunikabideek interesen edota agenda baten arabera egiten dabe lan. Zoritxarrez, agenda hori Ameriketako Estadu Batuek marketan dabe. Askotan, ia interesik bako gatazketan zentretan gara, Irak edota Afganistán berbarako, ia informazinorik emon barik. Komunikabideek hildakoen zerrendea baino ez dabe egiten eta publikoa honezkero abroziduta dago.


12.- Zelan ikusten dozu herrialdearen etorkizuna?

Fikzino politikea. Hasieran, oso baikorra nintzan. Jenteak protestak muturreraino eroan gura zituan. Gatazkeak oihartzun handia izan eban komunikabideetan eta politikoek eta nazinoarteko komunidadeak interesa jarri eben. Baina beti gauza bera: komunikabideetan ez dago irudirik eta, beraz, ez dago barririk. Beraz, eretxi publikoak gatazkea ahaztu egiten dau, oso erraz ganera, eta politikoek beste gai batera joten dabe. Hori dala eta, orain ez nago horren baikor eta hasieran pentsetan neban aldaketa hori ez dala etorriko esan neike. Hori bai, ikusteko dago eta egoereak onera egitea gura neuke. Baina ez nago oso baikor.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu