UEUk ‘Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan’ liburua argitaratu dau
2007-10-04 19:38Liburuan hizkuntza gaitasun unibersala eta, era berean, gaitasun hori islatzen daben munduko hizkuntzak aztertu dira. ‘Laurogei hizkuntza, bat bakarra? Horra hor erronkea’.
Udako Euskal Unibersidadeak UEUko kide Beatriz Fernandezek eta Jon Ortiz de Urbinak idatzitako ‘Hizkuntzari itzulia 80 hizkuntzatan’ izenburuko liburu barria argitaratu dau.
‘Urteak emon doguz hizkuntzalaritzan lanean, urteak hizkuntzearen unibersaltasunaz eta hizkuntzen aldakortasunaz geure buruari galdezka eta erantzunak bilatzen. Orduan gutako batek besteari esan eutson: baietz hizkuntza 80 hizkuntzatan inguratu! Eta holan ekin geuntson geureari, Phileas Fogg-ek bezela, apustu bat tarteko’, azaldu dabe UEUko arduradunek.
Liburuan hizkuntza gaitasun unibersala eta, era berean, gaitasun hori islatzen daben munduko hizkuntzak aztertu dira. ‘Bizirik eta asko biziraun nahian dagozanetatik 80 bat baino gehixeago, 120 bat dira bertan aitatu eta aztertzen doguzan hizkuntzak’, gaineratu dabe. ‘Laurogei hizkuntza, bat bakarra? Horra hor erronkea’.
Liburu honetan, egileek ‘munduko hizkuntzen inguruko ibilbidea proposatzen dabe. Sarri askotan, bidaia liburuak ohitura bereziak azpimarratzen ditue, eta liburu honetan erakutsi nahi izan da ‘hizkuntzen itxurazko aldakortasun azkenik bakoaren azpian badala batasun are harrigarriagoa. Irakurle askori hizkuntzak gauza kulturaltzat hartzea arrotz ez jaken bitartean, liburuak erakusten dau hizkuntzetan gauza biologikoen ezaugarriak badagozala, gure hizkuntza-gaitasun genetikoak ezartzen dituan muga nahikoa zarratuez sortu diralako’, azaldu dabe.
Horregatik, liburu honetan, egitura eta funtzionamendu aldetiko antzekotasunak erakusten dira bape ahaidetasunik, ezta auzokotasunik be ez daben hizkuntzen artean, hiztunaren kontzientziatik erabat urrun dagozan gramatika ataletan.
‘Aldakortasunak bere mugak dituala erakusten da. Hortik hizkuntzari 80 hizkuntzatan itzulia egiteko desafioa: zertan diferente zertan bardin erakustearren. Aldakortasun eta unibersaltasunaren arteko lehia azken finean’, adierazo dabe.
Ganerakoan, ‘Munduari itzulia 80 egunetan liburua Verneren liburuaren aitamen eta pasadizoez zipriztinduta dago, eta munduko 110 hizkuntza baino gehiagoren adibideak jaso dira, Kaukasotik hasi eta Australiara, hizkuntza handiak batzuk, ingelesa edota txinera bezela, hizkuntza txikiak besteak, Amazoniako hixkarianera edo Mexikoko zokera tartean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!