'La Casa en el Arbol' eta Aranzazu Calleja, Bilboko 32. FANT Zinemaldian protagonista
2026-03-13 08:16 ZinemeaLuis Calderónek zuzendutako filmagaz ekingo jako programazinoari.
Bilboko Udalak atontzen dauen 32. FANT – Fantasiazko Bilboko Zinemaldi 2026ko maiatzaren 8tik 16ra egingo da baina zehatasun batzuk emon ditue daborduko.

Hasiera ofiziala Luis Calderonek zuzendutako La Casa en el Arbol filma erakustea izango da. Bizkaiko hainbat lekutan filmau eta Bilbao Bizkaia Film Commissionen laguntzeari esker egin da. Filmak ikusmin handia sortu du, Fotogramas aldizkariak 2026ko produkzino itxaroenetakoen artean aukeratu ondoren. Filmak nortasun bisual eta emozional nabarmeneko egile-slasher bat da eta Sandra Escacena, Claudio Portalo, Kandido Uranga, Mala Rodríguez, Apolonia Lapiedra, Ai-xing Cobos, Asier Hernández eta Inge Ugarte ditu protagonista.
La Casa en el Arbol
Sinopsia: Ale, Jesus mutil-laguna eta Drago txakurra asteburu erromantikoaz gozetan dagoz Zeanuriko basoan 20 metrotik gorako altueran jarritako zugatz bateko txabola batean. Gauaren erdian, Alexandra Dragoren zaunkek ikaratuta izartuten da eta, ikertzera urtetean, Jesus txabolatik jausten ikusten dau, eta berehala hilten da. Urtebete aurreragoi, Ale Zeanuriko basora bueltauko da, Jesusen heriotzea ez zala istripu bat izan eta basoan bizi dan zeozer erruduna izan zala. Baina orain, Alek plan bat dauka, basoan presentzia bat dagoala frogatzea, hain zuzen be. Kazau beharreko presentzia.
- Espainia / 2025 / 80 min.
- Zuzendaritzea eta gidoia: Luis Calderón.
- Antzezleak: Sandra Escacena, Claudio Portalo, Kandido Uranga, Mala Rodríguez, Apolonia Lapiedra, Ai-xing Cobos, Asier Hernández eta Inge Ugarte.
Luis Calderon
Zuzendari, gidoilari eta produktore espainiarra, Luis Calderon Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da. 2015ean egin eban debuta Sabbat film laburragaz, Los Angelesko LAUFFen saritua eta nazinoartean goraipatua. EFTI Madrilen ikasi ondoren, La Barbería Films produktora independentea sortu eban, gaur egun bildurrezko zinemea ardatz dauena. Nazinoarteko marka eta artista handientzako bideoklipak eta iragarkiak zuzendu eta produzidu ditu. PXXR Cinema mobimentuaren sortzailea be bada. La Casa en el Árbol haren lehen film luzea da, Utah Horror Fest zinemaldian Nazinoarteko Film Onenaren saria irabazi eban eta upealako erantzuna izan dau Europako zinemaldietan, Estaduko bildurrezko zineman aparteko indarra hartuz. Film hau maiatzaren 8an estreinauko dabe zinema-aretoetan.
Ohorezko Fant Saria: Aranzazu Calleja
Tokiko talentua ikusarazo eta laguntzeko jarrerea izan da beti FANTen bereizgarrietako bat eta edizino honetan, Zinemaldiak Ohorezko FANT emongo deutso Aranzazu Calleja konpositore bilbotarrari, egungo musika zinematografikoaren sortzaile nabarmenetakoari. Zineman ibilbide luzea egin dau eta bere lanen artean El hoyo, Cinco Lobitos, Marco, Irati edo Akelarre lako filmak nabarmentzen dira; azken honengaitik jatorrizko musika onenaren Goya eta Platino sariak jaso zituan Maite Arroitajauregigaz batera.
Bilbotarraren proiektu barrienak honako honeek dira: Borja Cobeagaren Los aitas filmako musikea, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas, Goya eta Feroz sarietarako izentautako jatorrizko musika onenaren atalean, eta Paul Urkijo Alijoren Gaua, joan dan zemendian PreFANT zikloaren barruan proiektau eben eta filmako musika konponidu eban Maite Arroitajauregigaz alkarlanean. Gaur egun, Salitre Norma Vila bilbotar zuzendariaren lehen filmaren soinu-bandan beharrean dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
