Nadia Erostarbe Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu da

Bizkaie! 2026-03-16 09:50   Kirola

Zarauztarrak Newcastleko Challenger Seriea jokatu ondoren irabazi dau txartela.

Basque Team Fundazinoaren bekea dauen kirolaria, World Surf Leagueak (WSL) atondutako Championship Tourrerako (CT) sailkatutako lehen emakumea da Estadu mailan. Gipuzkoarrak 2026. denporaldirako postua bermatu dau Challenger Seriei jagoken Bioglan Newcastle Surfest proban, Merewether Beachen (Australia).

Nadia Erostarbe Championship Tourreko (CT) 2026ko surflaria da. Igoerea Newcastle Surfesteko azken-aurreko egunean erabagi da, Challenger Seriesetako azken geldialdian. Anat Lelior israeldarra final-zortzirenetan Ellie Harrisonen kontra kanporatuta geratu danean, hondartzan bere amesa errealidade bihurtzeko zain egoan zarauztarrak behin betiko txartela irabazi dau.

Nadia Erostarbek World Surf League (WSL) entzutetsuan 2024an egindako denporaldia ez zan edozelakoa izan eta maila pribatuko surfaren erakunde gorenak konbidau egin eban CTko lehen hitzordu handian parte hartzeko 2025ean, Hawaiikoan. Orduko haretan, Nadia maila gorenera heltzeko postu batera geratu zan, Challenger Serieseko seigarren surflaria izanda, horregaitik aukeratu eben Johanne Defayren bajea beteteko. Hawaiikoaz gan, lau proba gehiago jokatu zituan CTn.

Orain, barriz, Erostarbe elitean denpora osoko kide izango da, Aritz Aranburuk gizonezkoetan lortu eta ia hamahiru urtera. 2025ean lehiaketan ordezko lez ibili arren, orain plaza finkoagaz ibiliko da.

Bidea ez da erraza izan. Nadia presino handiagaz heldu zan Newcastlera. Bere lehen txandako azken segundoetako lehentasun-akats batek txapelketatik kanpo itxi eban eta besteen emoitzei begira geratu zan: "Tourra oso gogorra izan zan, nire lehen aldia zan han, benetan sentiduten neban ez nintzala leku horretakoa. Baina aurten askoz indartsuago sentiduten naz. Psikologoen laguntza handia izan dot eta hori zan da gehien landu dodana. Eta surfa be bai, entrenamendu asko. Prest sentiduten naiz", adierazo dau.

Kontuak kontu, CTa apirilaren hasieran jarriko da martxan Rip Curl Pro Bells Beach ezagunean eta hor Erostarbe lehen aldiz Munduko zirkuituko partaide ofiziala izango da. Beste mugarri historiko bat euskal surfarentzat, lehen aldiz emakumeen ordezkaritza egonkorra izango baitau kirol honen elitean. Gogoan izan behar da Nadia aurrendaria izan zala arlo olinpikoan, bera izan baitzan Jokoetarako sailkatu zan lehen euskal surflaria eta Tahitin jokatutako 2024ko Pariseko hitzordu nagusian diploma bat irabazi eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu