Azken gudariak

Asier Madarieta 2007-10-01 15:15

Aurten, 36ko Gerra amaitu zaneko 70. urteurrena gogoratu dogu. Hainbat herritan, oroigarriak eta omenaldiak izan dira gerra hori sufridutakoak eta, batez be, gerran parte hartutakoak gogoan hartzeko.

Aurten, 36ko Gerra amaitu zaneko 70. urteurrena gogoratu dogu. Hainbat herritan, oroigarriak eta omenaldiak izan dira gerra hori sufridutakoak eta, batez be, gerran parte hartutakoak gogoan hartzeko.

1936ko Gerra gure artean abuztuaren azken egunetan amaitu zala esan geinke. Beti aitatu izan da Santoñako Ituna gerrearen amaiera modura, abuztuaren azken egunetan italiarren eskuetan geratu ziralako euskal gudarosteko batailoi abertzale gehienak, ejerzitoa osotzen eben gehienak. Holan, aurretiaz EAJko agintariek italiar agintarieri emondako berbea bete zan.

Egia da hemen armak entregau zituen batailoi ia guztiak abertzaleak zirala baina egia da orduan burrukan jarraitzen eben hainbat batailoi ez abertzalek (UGT eta JSUko sozialistak, PCEko komunistak, IRko errepublikarrak, CNTko anarkistak...) abuztuaren amaieran amaitu ebela burrukea. Laredon, Stalin batailoi komunisteak edota Santanderren, Largo Caballero, Rusia, Fulgencio Mateos, Prieto, Leandro Carro, Madrid, Karl Marx eta beste hainbat batailoik euren armak entregau zituen. Beraz, abuztuaren azken egunek balio deuskue esateko euskaldunentzako gerrea orduan amaitu zala. Ordurako be esan beharra dago beste hainbat batailoi desagertu zirala, batzuk euren artean batu ziralako garagarrilaren erdialdera ejerzito buruek egindako berrantolaketearen ondorioz, berbarako Esteban Salsamendi eta Leandro Carro edota Guillermo Torrijos eta Pablo Iglesias batailoiak.

Baina esandakoak esanda be, beti dagoz salbuespenak eta horren ganean jardungo dogu. Jean Jaures eta Karl Liebknecht batailoietako talde txiki batzuk urriaren erdialdera arte burrukatu eben eta hori aztertuko dogu.

Karl Liebknecht batailoia Eibarko eta Donostiko Altza auzoko komunistek sortutakoa zan 1936ko urriaren azkenetan. Bere izena 1919an hildako alemaniako alderdi komunistearen sortzaileetariko batena zan. Gerran, Burgosen, Araban, Elorrioko Karraskain tontorrean, Sollube mendian eta Artxandan burrukatu eban batailoi horrek. Bilbo frankisten esku geratu zanean, Jean Jaures batailoiagaz bat egin eban.

Jean Jaures batailoia UGTkoa zan. 1936ko azken egunetan sortua, bere izena hildako politikari frantses sozialista baten gogoetea zan eta bere lehenengo komandantea, Paul Drieux be, herrialde horretatik etorritako bolondresa zan. Euskal Ejerzitoan 58. zenbakia zan. Bere lehenengo burrukak Eibarren egin zituan, Akondiako eta Usartzako tontorretan. Gero Oviedoko erasoan hartu eban parte, euskal brigadan. Eibarrera bueltauta, frankotarren erasoa sufridu eban, hainbat hildako eragin zituana. Largo Caballero, Olabarri, eta Karl Liebknecht batailoiakaz batera, agintariek 13. brigadan sartu eben eta brigada horregaz Solluben egin eban burrukan. Handik Urduña eta Amurrio aldera joan zan. Azkenik, Kantabriara joan zan eta Karl Liebknecht batailoiagaz bat egin eban (danetara, 429 gudari ziran).

Karl Liebknecht eta Jean Jaures batailoietako gudariek sortutako moltso barriek Kantabriara alde egin behar izan eben, frankotarren erasoei aurre egiteko. Castro, Agüera edota Oriñongo herrietan ibili ziran abuztuaren erdialdera. Baina Euskal Herrian jazotakoagaitik hauts eginda eta apurtuta egozan behargin, nekazari, baserritar edota arrantzaleek (bapateko gudariak azken batean), arma barik, ezer gitxi egin ahal izan eben matxinautako ejerzito profesionalari aurre egiteko. Holan ba, Santander aldera joan ziran. Han, beste hainbat batailoitako gudariak legez, taldeko gudari gehienak frankotarren esku geratu ziran, berrogetahamar bat kenduta. Horreek Cangas de Onis herrira ailegetea lortu eben. Handik, Villaviciosara jo eben, Infiestoko hotel batera. Deskantsua hartzen egozanean, hegazkin biren erasoaldia izan eben eta, arma egokirik ez eukenez, euren fusilakaz egin behar izan eutsien aurre. Infiestotik barriro be Villaviciosara joan ziran eta, han, moltsoko agintariek taldetik alde egin eben, ia arrazoirik emon barik, 34 gudari itxita. Beraz, han geratu ziran gure gudariak, bakarrik, janariz, kartutxoz eta bonbaz beteriko kamioi bigaz.

Asturiaseko frontea frankotarren esku geratu zanean, taldeak Gijon aldera egitea erabagi eban. Egun batzuk pasau eta gero, hainbat larrialditatik iges egin ostean, gudariak kostaldera ailegau ziran. Ordurako, iraila amaituta egoan eta urriaren 21ean Gijoneko portuan ‘Mina Sorriego’ ontzia topau eben. Jentez ganezka egon arren, gehienak umeak eta edadekoak ziran. Horreek danak ontzitik atara eta Jean Jaures eta Karl Liebknechtko batailoietako gudariak sartu ziran. Ontziak Gijonetik urten eta ‘Jupiter’ ontzi frankotarra topau eban bidean baina momentu berean ‘Southampton’ gerra-ontzi ingelesa tartean jarri zan eta ‘Mina Sorriego’ ontzian joiazanak ‘Hillfern’ ontzi ingelesera pasetea erraztu eban. Holan heldu ziran gudariak Frantziara. Handik Katalunia aldera joan ziran burrukeagaz jarraitzeko. Horreek dira gure azken gudarien barriak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu