Iker Acero: 'munduko lehen hamar potentzien artean dago Euskal Herriko surfa'
2007-10-01 14:25 BarriketanAcero anaien artean (Eneko, Kepa) zaharrena, 1975. urtean jaio zan, Bilbon, eta egun Getxon bizi da. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu euskal kostaldeko olatuak baina Mundakako eta Bawako (Indonesia) olatuak ditu gogokoen.
Olatu handiak maite ditu eta datozen egun edota hilebeteetan Punta Galeako olatuetan jantzan ikusi geinke Punta Galea III. Big Challenge txapelketea tarteko. Olatu handiko konbidapenezko txapelketea da. Euskal Herriko Surf Federazinoak eta 3Sesenta aldizkariak antolatuta, surflari profesional zein afizionatuek (Iker eta Eneko Acero, David Bustamante, Manu Portet, Aritxa Saratxaga, Aritz Aranburu...) urriaren 1etik 2008ko apirilaren 1era bitartean, zain egon beharko dabe 3-4 metroko olatuen zain.
Surfaren filosofiaz, olatu handien enkantuaz eta Punta Galea Big Challence horri buruz gehiago jakin guran, Iker Acerorengana jo dogu.
1.- Zein da olatu handiaren enkantua? Zergaitik maite dozue horrenbeste?
Ezer baino lehen, surferraren eta itsasoaren arteko ‘burrukearen’ enkantua aitatuko neuke; pentsaizu txapelketa honetan parte hartuko dogun surfistok normalean bildurrik barik sartzen garela uretan. Esangura horretan, emozino eta zirrara handiko momentuak biziten doguz olatu handiakaz, abiadurea be handiagoa da, jatsierak zailtasun handiagokoak izaten dira eta, beraz, duda eta errespetu puntu hori sano erakargarria da.
Arrisku egoera horrek be zeozelan engantxau egiten zaitu; kontuan izan, olatuak 80 metroko itsaslabarrean apurtzen dirala. Hatxak be hur-hur ikusten dozuz eta tensinoa eta emozinoa etenik bakoa izaten da. Ganera, urtean 20 bat aldiz apurtzen dauen olatua da (olatu handien artean, Europako onenetakoa) baina guk behar doguzan baldintzetan (3-4 metroko olatuak) beharbada, bi hiru egunetan baino ez da egoten aukerarik eta, beraz, ederra izaten da olatu horreek hartzea.
2.- Big Challenge honetan 3-4 metroko olatuak behar dira (praktikan 6-7 metroko hormak). Benetako arriskua dago holako olatuetan?
Bai. Igaz bi edo hiru taula apurtu ziran, bi edo hiru surflarik hatxetatik urten behar izan eben lehorrera, uretako motorren laguntzinoa behar izan eben batzuk, taulak galdu ziran... Arriskua benetakoa da. Dana dala, holako egoeran uretan sartzen garenok gitxieneko preparazinoa izaten dogu, lekua ondo ezagutzen dogu, olatuek hatxetara eroaten bagaitue gitxi gorabehera badakigu nondik urten errazago...
2.- Ohiko surf txapelketa edo zirkuitoetatik kanpo dagoan txapelketea da Punta Galeako hau. Zergaitik?
Surfeatzeko modua eta planteamentua guztiz desbardinak dira. Normalean, txapelketa batean 20 minutuko mangak egiten dira koadro batzuetan eta egindako lanaren arabera, aurrera edo atzera zoaz finalera heldu arte.
Big Challenge hau, barriz, bainu librea balitz moduan planteauta dago. Surflariok 3-4 ordu inguru egingo doguz uretan olatuak hartzen eta epaileek erabagiko ditue sariak. Danetara, 8000 euro dagoz sarietarako (olatu handiena, surflari osoena, jatsierarik onena eta wipe out onena).
Bestetik, kontuan izan, Big Challenge honetarako sei hilebeteko tartea dagoala (ohiko txapelketak egun zehatz batzuetan egiten dira), izan be, olatuak noiz agertuko diran ez dago jakiterik. Itsasoaren eta olatuen egoerea aztertu eta txapelketako zuzendariak, surflariek eurek eta ozeanografo batek egingo dabe uretan sartzeko deialdia.
3.- Surfa desbardin sentiduten dabe bigrider diranek eta ganerakoek? Filosofian badago alderik?
Nire eretxiz surflarion filosofian ez dago alderik. Desbardina dana da egoerearen arabera modu diferentean erantzutea olatuaren gainean. Hondartzan olatuak hartzen badozuz, konpetentzia handia dago, olatu gehiago hartzeko eta abar. Egoerea arriskutsuagoa danean, barriz, lehia puntua galdu ez arren, jente gitxiagogaz zagoz uretan eta berez, bakarka praktiketan dan kirola izanik, olatu handien artean zagozanean, gehigo sentiduten dozu kolektibo baten parte zarala eta normala izaten da alkarri animoak emotea, bateren batek olatua hartzen dauenean, begira egotea laguntzinoa behar badau arin joateko eta holan. Kontuak kontu, ez dot esango talde kirol bihurtzen danik baina kutsua sano desbardina da. Uretan sortzen dan giroa berezia izaten da, lagun artekoa.
4.- Parte-hartzaileen artean profesionalak eta ez profesionalak dagoz. Lehiarik ez dala izango lar esatea izan daiteke... Izen batzuk aurreratu zeinkez?
Era guztietako surflarien presentzia da, nire ustez, txapelketa mueta honeen ezaugarria eta surflariak zein ikusleak erakarteko giltza. Holako olatu eta txapelketetan surflari profesionalak ikustea ez da erraza izaten, urtean zehar konpromiso asko izaten dituelako baina profesional izan ez arren, holako olatuetan ibilteagaitik zeozelako izena eta errekonozimendua dabenak be trebeak dira uretan.
Lehia kontuan, bueno, txapelketea da izan eta, jakina, surflari bakotxak emon leiken onena emongo dau uretan.
Izen batzuk zeuk emon dozuz sarreran. Parte-hartzaileen zerrendea oraindino zarratu barik dago; kontuan hartu, aldez aurretiko jarrerea eskatzen dauela txapelketeak, datozen sei hilebeteotan edozein momentutan deia jasoteko zain egon behar zara eta hori ez da posible surflari batzuen kasuan. Berbarako, orain lehen bi asteetan sortuko balitz olatua, segurutik Eneko eta Kepa anaiak Kanarietan egongo dira munduko zirkuitoko txapelketa batzuetan parte hartzen. Aritz Aranburu be kanpoan egongo litzateke... Eneko Orain Maldivetan dago.
5.- Gurean, olatu handiak normalean udagoien eta negu partean sortzen dira. Jakina, neguan eta udan uretan sartzea ez da gauza bera...
Hawaaiin, berbarako, bainu-jantzia eta taula baino ez dabe behar uretan sartzeko baina gurean, neguan traje barik ezin zara sartu. Gure kostan, udan 20 graduren bueltan dago ura baina neguan 10-11 baino ez dira izaten eta trajea beharrezkoa da.
Edozelan be, neguan surfa egiteak gauza ona be badauka ze askoz jente gitxiago dabil uretan. Udan surfean dabilzanen % 60-70 inguru ez da hondartzetara hurreratzen, batetik, hotzagaitik eta bestetik, olatuak askoz handiagoak diralako eta, beraz, asko be gitxiago gara uretan ibilteko.
6.- Getxon surfa arnasten dala entzuten da sarri, baina kostako herria izanik, normala be izan daiteke hori, ezta? Umeak surfean ikusita, urte batzuk barru elite mailan euskaldun gehiago egongo ete da?
Bai. Euskal kostaldean, Getxon, Mundakan, Zarautzen tradizino handikoa da surfa eta jenteak normaltasunez bizi dau surfa, gizartean barruratuta eta errotuta dago. Kanpora, berbarako, surf tradizino laburragoko Galiziara edo Asturiasera goazenean, modu berezian hartzen gaitue badakielako surfean zeresan handia daukagula.
Beste alde batetik, egia da azken aldian surf eskoletan lan handia egiten dagozala; umetatik hasten dira surf egiten eta, alde horretatik, kantera sendoa egotea garrantzitsua da baina maila handiagoa edo jente gehiago egotea, leitekeana da baina gatx ikusten dot. Badakizu gaur egun maila handia dagoala Euskal Herrian; laupabost surflari dabilz munduko zirkuitoa egiten eta hori datu adierazgarria da. Neskak be polito datoz eta beharbada, erraztasun gehigo egon daiteke, surfean neskak oraintsu hasi diralako.
Gaur egun, munduko lehen hamar potentzien artean dago Euskal Herriko surfa.
7.- Zelakoa da surflariaren bizimodua?
Surflaria beti dago itsasoari begira baina surflariak eta surflariak dagoz, jakina, dedikazinoaren, mailearen zein profesionalizazinoaren arabera baina, oro har, azken aldian surflariaren bizimodua 'estresantea' dala esango neuke; lehen egunkaria baino ez egoan baina gaur bide gehigo dagoz itsasoaren, haizearen zein eguraldiaren barri jasoteko (Internet, olatuen iragarpena...). Hortik aurrera, beti prest egoten gara olaturik onenak dagozan lekuetara joateko eta ez deusku ardura izaten kilometro partidea egin behar izatea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!