Ameriketara joandako euskal artzainen omenezko monumentua aurkeztuko dabe Gernikan

Bizkaie! 2007-09-28 14:22   Euskaldunak munduan

Artzain Munduak, ‘Ohore zuri euskal artzaina’ lelopean, urriaren 1ean, Gernikan, Ameriketara joandako euskal artzainei omen egiteko antolatutako ekitaldia zabalduko dau aurkezpenak. Monumentua Europa parkearen alboan, Gernikako Arbolatik hur egongo da.

Artzain Munduak, ‘Ohore zuri euskal artzaina’ lelopean, urriaren 1ean Gernikan Ameriketara joandako euskal artzainei omen egiteko antolatutako ekitaldien artean hareen gorazarrez aurkeztuko dan metro biko monumentua aitatu behar da. Europa parkearen alboan eta Gernikako Arbolatik 150 bat metrora egongo dan harriaren aurkezpenean (goizeko 10:30ean) Gernikako alkate Jose Mari Gorroño, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburu Gonzalo Saenz de Samaniego, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Madariaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza diputatu Irene Pardo eta Artzain Munduko ordezkari Nikolas Segurola izango dira.

Artzain ‘amerikanoen’ omenezko monumentuaren aurkezpenaren ostean, 11:30ean, Ana Madariagaren gidaritzapean Batzar Etxeari eta Gernikako Arboleari bisiteea egingo deutse ekitaldian izena emon daben 500 bat lagunek. 13:00etan emongo jako hasierea Lizeo Antzokian artzainen omenezko saioari. Horretan, besteak beste, Ameriketan izandako zenbait artzainen testigantzen ikus-entzunezko emonaldia izango da; Erramun Martikorena eta Daniel Aire, Xalbadorren semea, abeslariek parte hartuko dabe; eta Renoko unibersidadeko Joxe Mallea historiagileak Ameriketako euskal artzainek idatzitakoez berba egingo dau. Omen-ekitaldiagaz amaitzeko, bazkari ederraz gozauko dabe Maloste kiroldegian (14:30ean).


Alduden irailaren 30ean izango da omenaldia

Gernikako ekitaldiaren bezperan beste bat antolatu dau Artzain Munduak Alduden, helburu beragaz. Beste 500 bat lagun izango dira bertan, artzain eta laguntzaileen artean. Artzainen omenezko mezearen ostean (11:00etan), Gernikan egingo dan legez, monumentua aurkeztuko dau alkarteak eleizearen ondoan (12:00etan). Egun horretako ekitaldiari amaierea herriko pelotalekuan egingo dan bazkariak emongo deutso (14:00etan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu