Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea martxan honezkero
2007-09-24 15:55 BertsolaritzeaHasi da Txapelketea. ‘G puntua’ martxan da. Gipuzkoa bertsotan murgilduko da hiru hilebete eskasean zehar. ‘G’ handiaren pean bertsoa bidelagun: Orion eta Legazpin lehenengo pausuak. Ordu berean. Gai berakaz. Bertsolariak ezagunak; geureak. Guztiak. Sailkapen fasea galbahea ei da, baina inor ez da kanpoan geratzen: G puntuak danok batu baikaitu.
Hasi da Txapelketea. ‘G puntua’ martxan da. Gipuzkoa bertsotan murgilduko da hiru hilebete eskasean zehar. ‘G’ handiaren pean bertsoa bidelagun: Orion eta Legazpin lehenengo pausuak. Ordu berean. Gai berakaz. Bertsolariak ezagunak; geureak. Guztiak. Sailkapen fasea galbahea ei da, baina inor ez da kanpoan geratzen: G puntuak danok batu baikaitu.
Orioko Kultur Etxea aukeratu dau Txapelketeak abiapuntutzat. ‘Ehun eta zortzi aulki jarri dizki(n)at’, esan dau arduradunak; baina beste hamarren bat be sartu ditu azkenean, eta beste hogeiren bat be bai tente. Bertsozalez leporaino, beraz, aretoa; eta ez kanpoko zirimiriari igesi, egiari zor.
Lehen saioa bertsolarientzat, baina baita epaile, gai-jartzaile, antolatzaile eta enparauentzat be. Nerbioak: dana ondo abiarazo nahiarenak. Eta dana ondo atera da. Kartzela bihurtutako jangelarena be bai.
Halaxe bota dau lehen agurra Agin Rezolak: gerora lehen postuan sailkatu danak. Halan dabe, kosta jako saioari berotzen. 8ko nagusian motel joan ziran hiru bertsoaldiak.
8ko txikian umoreak saioa hauspotu eban. Hasi dira giharrak askatzen. Eta, segidan, 10eko txikian, jo dau goia saioak. Bertsoaldi osoak hirurak, eta borobilak. Mitxelenarena eta Barandiaranena biziena, jostagarriena. Halan dabe, Gaztelumendi eta Alberdirena osoena: añorgatarraren lanaldirik finena izan da akaso. Rezola, bitartean, tirri-tarra, puntuak batzen, egoki.
Kartzelako saioa azken kapituloa. Puntuari erantzuten ahul samar ibili ziran danak be; borobildu ezinda. Gaia emonda, barriz, bertsokera anitz eta txukunak. Baina ofiziorik handiena ebenek osotu zituen istorio beteenak: Rezola eta Gaztelumendik. Baina guztien aukerak egokiak eta duinak, dudarik barik.
Legazpiko Latxartegi Antzokian, 250 lagun inguru batu ziran Egoitz Aizpururen aginduetara, Mikel Arrillaga, Xabier Sukia, Mirari Martiarena, Beñat Lizaso, Iñigo Arzelus eta Jokin Sodupe bertsotan ikusteko. Saio txukuna izan da Legazpikoa eta hemen be, Orion bezela, ofizio handiena erakutsi dabenak bi hatz aurrerago geratu ziran: Xabier Sukia eta Beñat Lizaso.
8ko handiko saioa txepela; topikoari jarraituz. Sukia eta Arrillagaren artekoa, akaso, aitatzeko modukoa. 8ko txikian agertu dira lehen txingarrak: umorea beti da pizgarri bertsotan. Lizaso eta Sodupe txikiteroen arteko lanaldia polita izan zan.
Halan dabe, 10eko txikian lehertu da saioa. Soduperen eta Sukiaren artekoak merezi dauen mailea emon eutson saioari.
Puntu erantzunena hainbestean bete dabe seiek. Gaia emonda, barriz, Sukiaren egokitasunak lehen postua bermatu deutso oriotarrari. Besteak be txukun; Soduperen umoreak eta originaltasunak zaleen txaloak irabazi zituan.
Hortik aurrera, Xabier Sukiak erabilitako doinu barria izan da nobedade. Neurri luzeko 6 puntuko doinua, ‘Covadonga’ inguruan ebilela asmautakoa, antza, kontakatiluen esanetan. 6 puntukoak boladan dagoz azken aldian, eta doinu barririk be izango da G puntuan zehar; ondo-etorriak izango dira danak.
Hernaniko Biteri antzokian, giro ederra, eguzkitsua izan zan, bai bertsotarako nahiz bestetarako. Kanturako prest: Uxue Alberdi, Unai Agirre, Joxe Luix Urdangarin, Manex Mugica, Arnaitz Lasarte eta Gorka Etxeberria. Antolatzaileak bildur Biteri beteko zan ala ez. Ez alperrik duda egin: saioa berandu hasi zan etorren jente-oldeari tokia bilatu beharragaitik. Azkenean, 250etik gora lagun hurreratu ziran. Arnaitzen eta Uxueren aldeko pankartak hormatan. Danak prest dana emoteko. Eta holan izan da neurri batean, behintzat, oso puntuazino altuko saioa izan baita. Horren adibide final laurenetarako zuzeneko txartela lortu dauen Uxue Alberdiren 289,5 puntuak, poto bat egin arren.
Bestetik, ofizio handia erakutsi eben bigarren eta hirugarren sailkatutako Unai Agirrek eta Joxe Luix Urdangarinek. Lasarte eta Etxeberria be polito ibili ziran, baina nerbioek eta gaztetasunak azken postuetara eroan ditue. Manex Mugikak bere umorea eta originaltasuna agirian itxi ditu.
8ko handiko lanetatik hasi dira hiru oilarrak gandor-jaian. Urdangarinek eta Agirrek erakutsi eben herritarren aurrean ez ebela amore emongo. 8ko txikian Mugikaren umorea eta plantea izan dira nabarmentzekoa. 10 txikian, barriz, ordura arte egoki ibili zan Alberdik sendo borobildu eban lanaldia, bertso-joskura finagaz.
Kartzelan, barriz, puntuari erantzuten besterik ezean ibili ziran, beste behin, seiak. Gaia emonda, ostera, bertsoaldi benetan dotoreak osotu zituen Agirrek, Urdargarinek eta Alberdik, azken honek poto egin arren. Agirreren hirugarren bertsoa saioko onena izan zan.
Saio ederra, beraz, Hernanikoa. Indartsuen dagozanak indarrak erakusten hasi diran seinale.
Zaldibiko Herri Antzokian, 200 lagun pasatxo batu ziran. Bete-bete. Aretoa gozo bertsotarako. Bertsolarientzako aulkiak be zinema-zuzendarien antzekoak. Sei bertsolari ziran karteldegian errege, eta Iñigo Izagirrek jakin eban rolik onena jokatzen, eta eroso samar lortu eban final laurenetarako zuzeneko txartela.
Saioa ondo hasi eben guztiek. 8ko txikian nahiz handian lanak txukunak izan ziran. 10eko txikian, barriz, behera egin eban saioak, ez eben eta jo-puntuan asmetan jakin.
Bakarka, barriz, puntuari erantzuten halamoduz ibili zan seikotea eta, gaia emonda, lanaldi gorabeheratsuak izan ziran. Izagirreren ofizioak lehen postuari eusteko bidea emon deutso. Casabalen lana aitatzekoa izan da, egiari zor.
Badoa aurrera sailkapen fasea, eta oilarrak hasi dira euren kukurrukuak fintzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!