Miren Elgarresta: ‘Ameriketan, ‘euskaldun’ berbea errespetuzko berbea da’

Saioa Torre Gereketa 2007-09-24 15:15   Barriketan
Artzain Mundua alkarteko koordinatzailea

Iragana Gaurkotuz proiektuaren barruan, Artzain Mundua alkarteak Ameriketara joandako Euskal Artzainen Topaketea antolatu dau. Irailaren 30ean Alduden (Nafarroa Beherea) eta urriaren 1ean Gernikan, 50. eta 60. hamarkadetan Ameriketan izandako artzainek bazkari ederra egiteko aukerea izango dabe sasoi bateko kontuak kontetako. Miren Elgarrestak koordinau dau ekimena.


1.- Hasteko, ekimenaren helburuak zehaztuko doguz. Zeintzuk dira?

Duda barik, ekitaldi honeekaz Euskal Herriko artzain emigratzaileak omentzea da gure asmoa. Alde batetik, Ameriketan artzain izateagaitik eta, bestetik, eurek hainbeste urtean Euskal Herritik kanpo euskal kulturea zabaltzen lan bikaina egiteagaitik be. Ameriketan ‘euskaldun’ berbea errespetuzko berbea da, han euskalduna izatea ondo ikusita dago eta hori guztia artzainei esker lortu da.

Bestalde, Artzain Munduak Iragana Gaurkotuz proiektuagaz hasi gura dau. Proiektu honek Ameriketan 150 urtean izandako artzain diasporearen historia jaso, batu, gorde eta zabaldu gura ditu.


2.- Luzaroan egindako lanari esker, Artzain Mundua alkarteak 1.000 artzain inguruz osotutako datu-basea egin dau. Zelan bideratu dozue lan hori?

Iragana Gaurkotuz proiektuagaz hasteko, garbi geunkan hemendik joandako artzainak ezagutu behar genduzala, eurak proiektuaren lehen gaia dira eta. Beraz, datu-basea eregitea zan lehengo pausua. Erabilitako metodologia oso sinplea izan da. Bilaketa lan horretarako laguntzaile talde bat osotu dugu; danak aproposak eta konprometiduak ganera. Bizkaian, Kepa Mallea izan da arduraduna, artzain baten semea eta Ameriketara joan zan emigratzaile baten anaia; Iparraldean, Ttale Ouret Donibane Garaziko artzaina; eta, Nafarroan, Sunbilako artzain alkartea eta Lesakako Udala. Herriz herri sekulako miaketa-lana egin dabe danek.


3.- Zein ondorio hasi zaree ataraten ikerketa-lan horretatik?

Kopuruari lotuta eta proiektuari hasierea emoteko nahiko material badagoala esan geinke. Ganera, artzain-kopuru hori handiagoa izango da, herri batzuk oraindino aztertu barik geratu diralako.

Egun, artzain gehienak Bizkaian bizi dira, gure datuen arabera erdia hain zuzen be; Nafarroan eta Iparralden be emigrazinoak bete-betean jo eban. Gipuzkoan eta Araban, antza, ez eban aparteko eraginik izan.

Baina ondorio horreek ez dira behin betikoak. Orain arte egindakoa proiektuaren hasierea besterik ez da, beraz, goizegi da behin betiko ondorioak atarateko.


4.- Ameriketan geratutako euskal artzainen barri badozue?

Bai, artzain batzuen barri badogu baina ez askorena. Dana dala, NABO erakundeagaz hartu-emonetan gagoz eta Ameriketan bizi diran artzainen barri izateko gero eta aukera gehiago dagoz. Azpimarratu behar dogu proiektuan, Euskal Herrian garatzeaz ganera, Ameriketakoa be kontuan izan behar dala emigrazinoaren fenomenoa bere osotasunean aztertu ahal izateko.


5.- Orokorrean, zerk bultzatuta etorri ziran etxera bueltan Ameriketara joandako artzain hareek?

Ia danek argi euken Ameriketara diru apur bat egitera joan eta Euskal Herrira bueltan etorriko zirala. Ganera, hasieran joandakoak ez baina azkenekoak kontratupean joan ziran eta derrigorrez 3 urte pasau ostean etxera bueltan etorri behar ziran. Horrenbestez, joan aurretik erabagi hori hartuta egoala esan geinke. Dana dala, askok Ameriketan geratu gura izan eben eta, egun, amerikarrak dira. Halanda be, artzain-ugazabak izatea lortu arren, gehienek artzaintzea ez dan beste lanbide batzutara jo eben.


6.- Zergaitik aukeratu dozuez Aldude eta Gernika artzainen topaketea egiteko?

Aldude bailarea artzain eta bertsolaria izan zan Xalbadorren bailarea da. Xalbadorrek kulturea eta artzain-aktibidadea oso ondo buztartu zituan. Ganera, bailara horretatik artzain ugari joan ziran Ameriketara eta herri txiki asko ia hutsitu egin ziran.

Gernikagaz, bestalde, ez da egon dudarik. Alkarrizketatu doguzan artzain guztiak bat etorri dira topaketea foru uribilduan egiteagaz. Eurek eskatu euskuen Gernikan egitea, Ameriketatik bueltau ziranetik, asko astelehenero joaten baitira Gernikara.


7.- Gernikan, zenbat lagun batuko dirala aurreikusten dozue?

Kopuru hori salgai dagozan bazkari txartelen bidez zehaztu geinke. Honezkero 400 lagunek emon dabe izena.


8.- Egun horretarako, bazkariaz gan, hainbat ekitaldi antolatu dozuez. Zein izango da egitaraua?

Jai-egunari artzaina omentzeko monumentuaren aurkezpenagaz emongo deutsagu hasierea. Monumentua Europa izena hartzen dauen parkearen ondoan dago, Gernikako Arbolatik oso hur. Artelana Sara herriko Mikel eta bere seme Xan Urbistondok egin dabe. Harrizkoa da eta erakutsiko dauen irudia enborra da. Enbor horretan Ohore Zuri Euskal Artzaina leloa zago zizelkatuta.

Ondoren, Gernikako Arbolea eta Batzar Etxea bisitauko dabe artzain izandakoek. Arbolearen inguruan batuko dira eta argazki bat atarako jake, oroigarri legez.

Eguerdiko ordu batean Lizeo antzokian ekitaldi berezia izango da dokumental baten proiekzinoagaz. Ikus-entzunezko dokumental horretan musikea, bertsoak eta irudiak izango dira protagonista. Irudietan, batez be artzain bizkaitarren lekukotasunak ikusiko dira.

Egunari amaierea emoteko, Maloste kiroldegian bazkari ederra izango da. Bertan, euren esperientzia gazi-gozoen ganean berba egiteko aukerea izango dabe.


9.- Artzainek Ameriketan egindako lana garrantzitsua izan zan eta, bueltan etorri ziranek, bertoko ekonomia suspertzen lagundu eben. Zein mailatan?

Gehienek, Ameriketan irabazitako dirua Euskal Herrian inbertidu eben eta bertoko ekonomiarentzako itzelezko bultzadea izan zan hori. Baserriak konpondu zituen eta makinaria erabilten hasi ziran. Beste askok euren egoera personala hobetu eta etxebizitza edota kotxe hobea erosteko beste egin eben atzerrian.

Modu batean edo bestean, bakotxaren egoerea hobetzeaz gan, aldi berean Euskal Herriari mesede egin eutsiela azpimarratu behar da.


10.- Garai globalizatuotan, zelan ikusten dozu euskal artzaintzearen etorkizuna? Erabat galduko dala uste dozu?

Gatxa da etorkizunean zer jazoko dan asmetea. Euskal Herrian, azkeneko aldian, lehenengo sektorean izugarrizko aldaketak ikusi doguz. Alde batetik, baserri askok aktibidadea itxi dabe, bai, baina bestalde, beste askok errentagarritasuna hobetu eta baserritik bizitea eta lan egitea lortu dabe. Errentagarritasunagaz batera, gure baserritarrek, orokorrean, euren bizimoduak hobera egin dauela igarri dabe. Sasoi batean, baserrian lan egitea txarto ikusia bazan be, orain ez da hori pasetan eta baserritarrak errespetetan dira. Duda barik, lehenengo sektorea behar-beharrezkoa da eta, beste edozein aktibidade legez, ondo horniduta egon behar dau etorkizunari aurre egiteko. Artzain Munduaren aldetik, Euskal artzaintzea indartzea eta promozionetea da gure helburu nagusia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu