Unai Basurkok Vendée Globe estropadan parte hartuko dau
2007-09-20 15:21 Euskaldunak munduanEskala barik eta bakardadean munduari birea emoten deutson estropadearen 2008ko edizinoan izango da portugaleteko itsasgizona.
Eskala barik eta bakardadean munduari birea emoten deutson estropadea da Vendée Globe eta 2008ko zemendiaren 9an Les Sables D´Olonne portu frantsesetik urtengo dau Unai Basurkok ‘Pakea’ itsasontziagaz. Holan, itsasgizon bizkaitarrak buelta bi emongo deutsoz munduari ia hiru urtean, igaz Velux-5 Oceans estropadeagaz Bilboko portutik urriaren 22an urten eta, 158 egun geroago 31.179 milia egin ostean, maiatzaren 5ean barriro ailegau arte.
Datorren urtean, munduko nabigatzaile bakarti onenen artean izango da Basurko. Michel Desjoyeaux, Jean Le Cam, Roland Jourdain, Dominique Wavre, Yann Eliès, Jéremie Beyrou, Loick Peyron, Kiko de pavant, Armel Le Cléac´h, Marc Guillemot, Samantha Davies, Dee Caffari eta Johny Malbon be tartean egongo dira (azken hiru horreek emakumezkoak dira), baita Velux-5 Oceans estropadan Basurkogaz ibilitako Bernard Stamm (irabazlea), Mike Golding eta Alex Thomson. Vendée Globe 2005ean jokatu zan azkenekoz eta Vincent Riou frantsesak irabazi eban, birea 87 egunean egin ostean.
Nabigatzaile horreek danak Imoca zirkuituaren barruan dagoz, 60 oineko (18,28 metro) belaontziak lehiatzen diran zirkuitua. Basurko hamalaugarren dago Imoca zirkuituko nabigatzaileen zerrendan.
3,5 miloe euroko aurrekontua
Estropadan parte hartzeko, Basurkok eta Pakea taldeak 3,5 miloeko aurrekontua izango dabe. Diru-laguntzino horren atzean Bizkaiko Foru Aldundia, BBK, Euskaltel eta Naturgas dagoz, Velux 5 Oceans proban legez. Basurkoren itsasontziak ‘Bizkaia’ irudia eroango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!