Euskaltzaindiak bat egingo dau Nafarroa Oinezegaz
2007-09-18 02:00 Euskerea berbagaiAntolatzaileen konbitari erantzunez, aurten be Nafarroa Oinezegaz bat egingo dau Euskaltzaindiak, eta Vianan hainbat ekitaldi egingo ditu: irailaren 20an, arratsaldean, Onomastika batzordea batuko da; irailaren 21ean, goizean Onomastika batzordea eta, arratsaldean, Sustapen batzordea
Antolatzaileen konbitari erantzunez, aurten be Nafarroa Oinezegaz bat egingo dau Euskaltzaindiak, eta Vianan hainbat ekitaldi egingo ditu: irailaren 20an, arratsaldean, Onomastika batzordea batuko da; irailaren 21ean, goizean Onomastika batzordea eta, arratsaldean, Sustapen batzordea; irailaren 21ean, barriz, 13:30etan, Vianako Erentzun Ikastolea bisitauko dabe Onomastika eta Sustapen batzordeetako kideek.
Akademiako iturriek jakinarazo dabenez, ageriko bilkurea be egingo dabe, irailaren 21ean, Vianako Kultur Etxean, 18:30etan hasita. Gregorio Galilea Vianako alkatearen ondoetorriaren ondoren, agurra eta aurkezpena egingo dabe Ventura González Ikastolako presidenteak eta Aritz Lizarraga Ikastolako zuzendariak.
Era berean, Miquel Gros i Lladós-ek idatziriko ‘Recuperación del Euskera en Navarra’ liburua aurkeztuko dabe. Euskaltzaindiaren Jagon bildumeari jagokon liburuaren aurkezpena Andres Iñigo Jagon sailburuak eta Nafarroako ordezkariak egingo dabe. Ondoren, liburuaren egileak berbaldia eskainiko dau. EKitaldia amaitzeko, Ikastolako ikasleek ‘Giltza daukagu’ Nafarroa Oinez 2007ko kantua abestuko dabe eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren berbak entzuteko aukerea izango da.
'Recuperación del euskera en Navarra'
Miquel Gros i Lladós-ek idatzi dau ‘Recuperación del Euskera en Navarra’ izeneko liburua eta Euskaltzaindiaren Jagon bildumearen laugarren alea da. Euskerearen soziologiaren hainbat ikerketa eta saiakera hartzen dituan Jagon bildumea erabat erabarritu dau Euskaltzaindiak.
Miquel Grosek berak azaldu dauenez, liburuaren helburuak bi dira: batetik, Nafarroako Foru Erkidego osoan euskerearen erretratua egitea, eta bestetik, euskal hizkuntzearen etorkizunari buruz hausnartzea.
Liburuan, nafarrek udal erroldetan (1986tik 2001ra) euskerearen ezagueraz emoten dituezan erantzunak aztertzen dira. Metodologia zehatza da: errolda horreek udalez udal eta banan-banan aztertu ditu Grosek; beraz, Nafarroako biztanle guztien datuak jaso eta aztertu ditu. Emoitzak eskualdeka, azpi-eskualdeka eta udalez udal aurkeztu ditu, bai eta Nafarroa osokoak be.
'Recuperación del Euskera en Navarra' liburuak egoera barri eta itxaropentsu baten aurrean gagozala baieztatzen dau. Liburuagaz, Nafarroan euskerearen alde lan egin eta egiten daben guztiak omendu nahi ditu Grosek. Bestalde, Nafarroako euskerearen etorkizunari buruzko zentzuzko eztabaidea proposatu nahi dau egileak.
Miquel Gros i Lladós katalana da eta gaztaroan Iruñean bizi izan zan hamar urtez. Abokatua da lanbidez, baina soziolinguistea bokazinoz. Hizkuntza gitxituak ditu ardura nagusi eta urteak dira Nafarroako euskerearen egoerea ikasten hasi zanetik, ikuspuntu diakroniko zein soziologikotik abiatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!