Koldo Iturbe: ‘etorkinen integrazinoa euskerearen bitartez sustatzea da asmoa’

Koldo Isusi Zuazo 2007-09-17 02:00   Barriketan
Getxoko Udaleko euskera, kultura eta gazteria zinegotzia

Etorkinak euskerearen mundura erakarteko asmoz, AISA 2007-2008 ikastaroak abiarazoko ditue Getxon hirugarren urtez. Harrera ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak antolatzen ditu eta Ikastaroetan HABEk diseinau eta argitara emon dituan inmigranteen kolektiboari zuzendutako ikasmaterial bereziak erabilten dira, AISA ikasmaterialak, hain zuzen be.

Ikastaroak 20 bat udalerritan antolatzen dira baina Getxon beste talde ez da inon sortu.

Gai honen ganeko gorabeherak eta Getxon euskereak bizi dauen egoeraz, hona hemen Koldo Iturbe, Getxoko euskera, kultura eta gazteria zinegotziak kontau deuskuzanak:


1.- Helduen euskalduntze alfabetatzearen ikuspegitik, etorkinena alor estrategikoa da bape duda barik. Zein izaten da oro har etorkinen euskereagazko eta euskal kultureagazko jarrerea? Euskal gizartean zenbaterainokoa da etorkinen intregrazinoa?

Oro har, nik uste dot nahikoa jarrera positiboa dala etorkinena; salbuespen batzuk kenduta, etorkinek integrazinorako gogoa dakarre eta ez dira gitxi erdal kulturea ez eze, euskal kulturea be ezagutu gura dabenak. Guk abiarazoteko egitasmoetan erantzun ona jaso dogu etorkinen partetik, ez bakarrik ikasteko edo behar egiteko orduan, baita parrandarako zein ondo pasetako orduan be. Ezelako konpleju barik parte hartu izan dabe.

Ganera, etorkin batzuen jarrera zabal hori kontuan hartu eta aztertzeko modukoa dala pentsetan dot, bihar-etzi, eskura doguzan baliabideak ahalik eta ondoen erabilteko.

Beste alde batetik, etorkinen integrazino maila zelakoa dan zehaztea gatxa izan arren, datu legez esango deutsut, sarritan AISA ikastaroetan parte hartu daben lagunek euskaltegietan ohiko ikastaroetan segidutea eskatu izan dabela, berbarako, guk lehenengo urtean izan genduzan 46 ikasletatik 31k eskatu euskuen ohiko ikastaroetan jarraitzea. Horrezaz gan, konprobau izan dogu etorkinek euren seme-alabak B ereduetara bialtzen dituela eta euskal kulturea ezagutzeko eta horretan sakontzeko asmoa izaten dabela.


2.- Zeintzuk dira ikastaroen helburuak?

Gure udalerrira heltzen diran personen integrazinoa euskerearen bitartez sustatzea da helburu nagusia eta horretarako ikastaroetan oinarrizko zenbait gauza euskeraz esaten irakasten jake, hau da, eguneroko bizimoduari errazago aurre egiteko zein eskolatutako seme-alabakaz bertoko hizkuntzan gitxieneko komunikazinoa lortzeko. Beraz, eguneroko egoerak ulertzeko oinarrizko esaldiak eta gaiak erabilten dira: agurrak, eskola, garraioa, merkatua edo osasuna.


3.- Nondik datoz etorkinak? Zein da etorkinaren perfila? Azken urteotan igarri da gorabeherarik? Zelakoa da orain arteko balantzea?

Hasieran Europako Batasunetik kanpoko etorkinentzako antolatu zan programa hau baina aurten lehenengo aldiz EBeko herrialdeetatik heldutakoek be parte hartu leikie ikastaroetan. Edozelan be, gehienak Ertamerikatik eta Hegoameriketatik datoz. Getxon, Boliviatik etorritakoak dira talde handiena osotzen dabenak baina Kolonbia, Paraguay zein Ekuadorrekoak be badoguz.

Perfilari jagokonez, kontuan izan, ikastaroak 16 urtetik gorako atzerritarrentzat dirala. Gehienak gurasoak izaten dira, guraso gazteak, 30 bat urtekoak eta gehienak emakumezkoak izaten dira, normalean ikasteko gogo handiagaz datozenak.

‘AISA’ ikastaroek oso harrera ona izan dabe udalerrian azken bi ikasturteotan, 7 taldetan banatuta, 100 lagunek baino gehiagok parte hartu dabelako, Getxo izanik EAEn ikastalde gehien dauen udalerria.

Aurten, urriaren 5ean amaituko da izena emoteko epea. Honezkero, erroldatuta dagozan etorkinak hasi dira euren etxeetan Alkate jn.aren kartea jasoten ikastaroen ganeko informazino guztiagaz.

Balantzea, beraz, sano positiboa da. Lehenengo urtean egitasmoa martxan jarri zanean, ez dot uste nik holako emoitzak esperoko ziranik.


4.- Getxon beste talde ez da inon sortu, ezta Bilbo uriburuan be. Zer adierazoten dau datu horrek?

Kontuan hartu, Getxora datorren etorkinen kopurua handiagoa dala beste udalerri batzuetara doazenakaz konparauta. Ganera, denpora tarte laburrean atzerritar piloa etorri da gurera. Etorkin horreek gura gizarte zerbitzuek bideratu ditue laguntza eta hezkuntza arloetan eta, beraz, integrazinoa azkarragoa izan da; seme-alabak euskerazko ereduetan ikustea arrunta da, etorkinek euskerea ikastea onuragarria dala ikusi dabe, zeozelako ‘beharra’ sentidu dabe.

Datu legez esango deutsut etorkin batzuk eskatuta, zapatu arratsaldeetan be talde bat sortu zala igaz eta hori adierazgarria da, euren denpora librea erabilten dabelako euskerea ikasteko.


5.- Ikastaroak antolatzeko orduan, udalak tartean sartzeak bidea erraztu dau? Zelakoak izan dira negoziazinoak euskaltegiakaz?

Duda barik, hartu-emonak zuzenagoak diralako eta liburuak finantzatzeko eta publizidadea egiteko orduan be erraztasunak eskaintzen doguzalako. Gu lehendik be kontaktuan gengozan etorkinakaz, bitartekari moduan alkarte batzuk dagozalako, berbarako, Berdintasuna eta esan deutsudan legez, komunikazinoan eta hartu-emonetan pausuak asko erraztu dira.

Euskaltegiakaz izan doguzan negoziazinoetan ez da izan arazorik. Euskaltegiren batek ezin izan dau eskaini holako ikastarorik, batez be, irakasleen perfila apur bat berezia dalako eta ikastaroak emoteko ordutegia be sarritan ohiz kanpokoa izaten dalako. Beraz, gure herriko euskaltegietatik bat kenduta beste guztiak programan sartu dira.


6.- Harrera ikastaroa 60 ikastordukoa da eta HABEk argitaratutako AISA ikasmateriala erabilten da. Zeintzuk dira materialaren ezaugarriak?

Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko materiala da, sinple-sinplea eta Afrika, Latinoamerika, Asia eta Europako Ekialdetik etorritako lagunakan pentsatuz garatu da. Eguneroko bizimoduari eurre egiteko moduko gai eta esaldiak lantzen dira. AISA ikasmateriala lau liburutan jasota dago. Liburu bakotxak bost unitate batzen ditu. Unitatearen iraupena, bataz beste, hiru ordukoa da; beraz, lau liburuena 60 ordu inguru. Unitateakaz batera, hiztegiari aparteko garrantzia emonaz, irudizko hiztegia eskaintzen da zazpi hizkuntzatan: euskerea, gaztelania, ingelesa, frantsesa, arabiera, berberera eta txinera. Ikasle bakotxak ale bat jasoten dau ikastaroaren amaieran, diplomeagaz batera.

Ikasmaterial horreekaz, etorkinek ulermena garatuko dabe gehienbat, kaletik doazela errotuluetan jasoten diran berbak ezagutu eta galduta sentidu ez daitezan. Berba egiterakoan laguntzinoa eskatu edota oinarrizko galderak egiteko gitxieneko gaitasuna be lortuko dabe. Hainbat esaldi be buruz ikasiko ditue esaldiaren barruko berbak analizau barik.


7.- Euskalduntze orokorreko ikastaroetako edukinakaz eta ikastereduagaz konparauta, irakasleek aparteko ahalegina egin behar dabe harrera ikastaroetan?

Irakasleentzat esperientzia barria da, euskalduntze orokorreko taldeakaz konparauta, ikastaro honeek sano desbardinak dira. Euskerea ikasteko erritmoa motelagoa izaten da arrazoi askorengaitik. berbarako, klase berean ama-hizkuntza desbardinetako ikasleak izanik, irakasleei denpora gehiago kostetan jake eginbeharrekoa adierazotea. Bestetik, irakasleak ikastaroetan askotan emon behar izaten dau hemengo gizartearen ezaugarrien barri. Ez dira, beraz, euskalduntze orokorreko ikastaro arruntak, baina ikasleentzat egokiak eta motibagarriak dira.


8.- Biztanle kopuruari jagokonez, hiru uriburuak alde batera itxita, Getxo EAEko bigarren udalerririk handiena da, Barakaldoren atzetik. Zelako egoerea bizi dau euskereak Getxon?

Oraindino argitaratu barik dago azkeneko inkesta soziolinguistikoa eta, beraz, datu horreen zain gagoz. Dana dala, argi daukagu euskeraz dakienen kopuruak gora egin dauela. Nik ez neuke esango erabilereak aurrera pausu handirik egin dauenik baina paisaje linguistikoan eta herrian ikusi daitekeen euskerearen presentzia handiagotu egin dala argi dago, edozeinek esaten dau. Erabilerea areagotzea da erronkea eta arlo horretan lan handia dago egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu