Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako gobernuek Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna estadu osoan beteteko eskatu dabe
2007-09-17 02:00 Euskerea berbagaiGobernu autonomoetako ordezkariek adierazo dabe ‘beharrezkoa’ ikusten dabela ‘hizkuntza ofizial propiodun autonomia erkidegoek Estaduak eleaniztasuna sustatzeko neurriak erabagiteko garaian parte hartzea’.
Europako Kontseiluaren Aditu Batzordea Madrilen izan barri da, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna Espainian ze mailatan beteten dan aztertzeko. Egindako batzarretan, Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako gobernu autonomoetako ordezkariek adierazo dabe ‘beharrezkoa’ ikusten dabela ‘hizkuntza ofizial propiodun autonomia erkidegoek Estaduak eleaniztasuna sustatzeko neurriak erabagiteko garaian parte hartzea’.
Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako gobernuetako hizkuntza politikako arduradunek, Patxi Baztarrika, Paquita Sanvicén eta Marisol López, hurrenez hurren, euren txostenak emon deutseez Europako agintariei. Txostenotan, autonomia erkidegoetako gobernuok bakotxak beraren eskumenak betez egiten daben hizkuntza politikearen barri emon deutse Batzordeari. Ganera, martiaren 16an Bilbon alkarregaz sinatu eben lankidetza hitzarmena be azaldu deutse.
Hitzarmenagaz, hizkuntza politikearen arloko alkarlanaren oinarriak ezarri ditue eta Estaduko Administrazino Orokorrari ‘exijidu’ deutse estaduan dagoan eleaniztasuna onartzeko eta bere egiteko. Holan, ‘euskerea, katalana eta galegoa euren autonomia erkidegoetatik kanpo be herritarrek ezagutzeko aukerea izango dabe, Espainiako herritarren artean hizkuntza-alkarbizitzaren eta kultur aniztasunaren baloreak zabaltzeko’.
Adituen Batzordeak aztertzen dauen Europako Gutunaren betete-maileari jagokonez, Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako gobernuek balorazino positiboa egin dabe. Europako Gutuna (CELROM) Europako Kontseiluak 1992an onartu eban eta espainiar Estaduak 2001ean berretsi. Bere aplikazinoa Autonomia Estatutuetan ofizialak ziran hizkuntzetara baldintzatu eben. Baldintza hori estadu osora zabaltzea da Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako gobernuen helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!