Jaurlaritzeak Euskerearen Organo Komun Iraunkorra sortzea proposatu deutso Nafarroari
2007-09-13 02:00 Euskerea berbagai‘Orain arte, Nafarroako gobernuagaz ezin izan dogu akordioa lortu, kolore politikoak jantzi deutsozalako euskereari’. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak lankidetza-proposamena egin deutso, ‘errespetu instituzional eta juridiko-administratiboan oinarrituta, euskerea sustatzeko balioko dauen organoa’.
Hizkuntza Gitxituen Euroitunaren betete-mailearen ganeko datuen inguruan berba egiteko, Madrilen izango dira gaur eta bihar Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrika, Koordinazino zuzendari Erramun Osa eta Hizkuntza Politikarako aholkulari Lorea Bilbao. Aurretik, txostenaren balorazinoa egin dabe Bilbon emondako prentsaurrekoan.
Europako Kontseiluak Europako Hizkuntzen Gutunean jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzeak hiru puntu bete behar zituan: batetik, justizia arloko beharginen euskalduntzea; bestetik, Derrigorrezko Biharren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskerea sustatzea; eta, azkenik, euskerazko komunikabide elektroniko pribaduak bultzatzea. Baztarrikaren esanetan, Eusko Jaurlaritzearen ordezkaritzea etxeko-lanak ondo beteta joango da Madrileko batzarrera, aitatutako hiru arlo horreetan gogor egin dauelako lan azken bi urteotan. Halanda be, ‘justizia arloan, berbarako, oso gatxa da lan egitea, eskumenik ez dogulako’. Komunikabide elektronikoen kasuan, barriz, ‘azken urte bietan Jaurlaritzeak emondako laguntzinoek nabarmen egin dabe gora’. Beraz, ‘Europako Gutunean oinarritutakoa euskereak bete egiten dau’. Bitartean, Baztarrikaren esanetan, Espainiako Estaduko Administrazinoa eta Erakunde publikoak ‘urrun dagoz’ Europako Hizkuntzen gutunean jasotakoa betetetik. Izan be, ‘Eurogutunean jasotako neurriak eta Euskerearen Legea bardin-bardin bete behar dae Estaduko erakunde publikoek’.
Horreek kontu danak Madrilen aztertuko ditue. Bestalde, Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak be bilerea izango dau Europako Kontseiluko adituakaz, egiten daben lanaren barri emoteko.
Nafarroari proposamena
‘Espainiar estaduak hizkuntza propioak doguzan erkidegoetako gobernuakaz hasiera-hasieratik loturea izana positiboa da baina Nafarroako gobernuagaz ez da bardin jazoten’, esan dau Baztarrikak. ‘Orain arte, Nafarroako Gobernuagaz ezin izan dogu akordioa lortu, kolore politikoak jantzi deutsozalako euskereari’. Hori dala eta, sailburuordeak Organo Komun Iraunkorra sortu eta martxan jarteko proposamena egin deutso, ‘errespetu instituzional eta juridiko-administratiboan oinarrituta, euskerea sustatzeko balioko dauen organoa’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!