Getxon etorkinentzako ‘AISA’ euskera ikastaroetan izena emoteko epea zabaldu dabe

Bizkaie! 2007-09-13 02:00   Euskerea berbagai

HABEk diseinautako materiala erabiliz gauzatzen dan ekimenaren helburua da udalerrira heltzen diran personen integrazinoa bertako hizkuntzearen bitartez sustatzea.

Eusko Jaurlaritzeak Getxoko Udaleko Euskera Zerbitzuagaz eta Immigrazino Zerbitzuagaz alkarlanean antolatutako etorkinentzako ‘AISA’ euskera ikastaroetan izena emoteko epea zabaldu dabe datorren urriaren 5era arte.

Getxoko Udalak jakinarazo dauenez, HABEk diseinautako materiala erabiliz gauzatzen dan ekimenaren helburua da udalerrira heltzen diran personen integrazinoa bertako hizkuntzearen bitartez sustatzea eta horretarako ikastaroetan oinarrizko zenbait gauza euskeraz esaten irakasten da, hau da, eguneroko egoerak ulertzeko oinarrizko gaiak erabilten dira, besteak beste, agurrak, eskola, garraioa, merkatua edo osasuna.

Azaldu dabenez, ‘AISA’ ikastaroek aurten barritasun bat dakarre, Europar Batasuneko herrialdeetatik heldutako lagunek be parte hartu ahal izango dabelako klaseetan.

Ekimenaren antolatzaileek uste dabe ‘AISA’ ikastaroek oso harrera ona dabela udalerrian azken bi ikasturteotan, 7 taldetan banatuta, 100 lagunek baino gehiagok parte hartu dabelako, ‘Getxo izanik Euskadin ikastalde gehien dauen udalerria’ Euskera arloko zinegotzi Koldo Iturbek adierazo dauenez.

Beste datu adierazgarri bat da aurreko ikasturtean osotu ziran 3 taldetako bat zapatu arratsaldeetan batzen izan dala 17 etorkinen partaidetzeagaz, besteak beste, Kolonbia, Paraguay, Ekuador edo Bolibia herrialdetakoak.

Hain zuzen be zapatuko klaseetan igaz parte hartu eban Bolibiako emakume batek, oso balantze positiboa egin dau ikastaroei buruz. Bere bikotekideagaz eta semeagaz batera parte hartu eban eta ‘klaseei esker agurrak eta forma batzuk ikasi genduzan eta horregatik oso pozik gagoz’ azaldu dau.

Ikastaroak 16 urtetik gorako atzerritarrei dagoz zuzenduta eta 60 orduko ikastaroak dira, astean 4 klase-ordugaz, bi egunetan banatuta. Eskolak datorren urriaren 15ean/16an hasi eta zezeilean amaituko dira. Matrikulea 10 eurokoa izango da eta asistentzia ona izan eta ikastaroa amaitzen dabenei dirua itzuliko jake, diplomea emoteaz gan.

Izena emoteko eta argibide gehiago jasoteko interesatuek Udal Euskaltegira, Lauaxeta Euskaltegira edota Udaleko Euskara Zerbitzura jo leikie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu