‘Nafarroako Euskararen Institutuaren helburu orokorra betetea ezinezkoa da gaur egungo legediagaz’

Bizkaie! 2007-09-11 02:00   Euskerea berbagai

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Oinarriak alkarteak Nafarroako Gobernuak aurkeztu barri dauen Euskararen Institutuaren sorrereari buruzko balorazinoa plazaratu dabe.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Oinarriak alkarteak Nafarroako Gobernuak aurkeztu barri dauen Euskararen Institutuaren sorrereari buruzko balorazinoa plazaratu dabe. ‘Euskerearen egoerea aldatzeko beharra atzemon dabe Nafarroako agintariek eta hori ona da; halan da be, hizkuntza-politikak Nafarroan dituan hutsuneak oso handiak dira eta euskerearen normalizazinoak aurrera egiteko hizkuntza politikea errotik aldatu beharra dago’.

Lehenengo eta behin formak kritikau ditue, izan be, Nafarroako Euskararen Kontseiluaren bilera deialdia bezperan jaso eben eta oraindino ez dabe euskerazko bersinoa eskuratu. ‘Baldintza horeietan nekez bete leiteke erakundeari jagokon aholkularitza lana’ azpimarratu dabe ordezkariek.

Edozelan be, alde positiboak nabarmendu nahi izan ditue ordezkariek azterketeari hasierea emoteko: ‘Arretaz begiratu ezkero eta neurri batzuk begi positiboakaz begiratu ezkero, hizkuntza-politikearen inguruan orain arte ezagutu dogun beligerantzia zeozertxu lasaituko dala esan leiteke’.

Halan da be, orain arteko politikan desegokiak eta estrukturalak izandako gaiak mantendu egiten dira: Corpus juridiko desegokia, Administrazinoa euskalduntzeko borondaterik eza, alkarlanerako gunerik eza, euskeraz ikasteko legezko debekua, Euskalgintzearen marginazinoa, baliabide eskasia, Unibersidadea eta Lanbide Heziketearen egoereari eustea, hizkuntza-politika eraginkorraren faltea...


Euskerearen estatusa aldatu behar da

Nafarroako Gobernuak sortutako Institutuak helburu orokor interesgarria dauka baina ezinezkoa izango dau hori betetea’, azaldu dabe ordezkariek. ‘Nafarroako legedia berezko galgea da euskerearen normalizazinorako. Hau da, helburua herritarrek daben eskubideaz ari da baina 86ko legeak galarazo egiten dau euskerearen ezagutzea eta erabilerea lurraldearen zati handi batean, ezkontezinak dira, beraz, helburua eta bitartekoak’.

Corpus juridikoak ez dau ahalbidetzen helburua betetea. ‘Euskerea ez da ofiziala lurraldearen zati handi batean. Euskerearen estatusaren desegokitasunak euskerearen normalizazinoari muga errealak ezartzen deutsoz eta hori aldatzeko inolako asmorik ez dago iragarritako jardunbidean’.

Institutuaren ebazpenek lotesleak izan behar dute zehar-lerro izaerako jardunbidea izateko.

Institutua Hezkuntza Sailaren egituran sartuko dabela iragarri dabe agintariek, Sailburuaren agindu zuzenetara egongo da. Euskerearen aldeko bi alkarte horreen eretxiz, euskereak Lehendakaritzaordea behar dau, Kulturatik ezta Hezkuntzatik kudeatzeak ez deutsolako zehar-lerro izaerea bermatzen.


Euskararen Institutuan atzerriko hizkuntzarik ez

Institutuan atzerriko hizkuntzak be kontuan hartu ditue nahiz eta ‘Euskararen Institutua’ izan. ‘Ez da oso erraz ulertzen zergaitik sartu behar diran atzerriko hizkuntzakaz lotutako gaiak euskerearena ei dan Institutu batean, are gitxiago, helburuari erreparetan badeutsagu, ez baitau atzerriko hizkuntzen aitamenik txikiena be egiten’, kritikau dabe ordezkariek.


Hezkuntzan ereduak gainditu behar dira

Hezkuntzak irakastereduen arazoa gainditzeko erabagia hartu beharko leuke Kontseiluko eta Oinarriak alkarteetako kideen eretxiz: ‘ereduak gainditzea eta belaunaldi barriak osorik euskalduntzea posiblea izateaz aparte, egin beharko litzatekeen zeozer da’.

‘Gaur egun arlo publikoan Nafarroako hegoaldean euskeraz ikastea legez debekatua da; aldiz, atzerriko beste hizkuntza batzuetan hori egin daiteke, eta ondorioz, normalizazinoa bera hipotekau egiten da’.


Hizkuntza-politikak eremu egokia behar dau

Euskararen Institutuak hizkuntza-politikak aztertu eta ebaluauko dituala azaldu dabe agintariek, baina ebaluetako aldez aurretik eredu egokia behar da, logika guztien arabera. Ez da inongo kasutan hizkuntza-politika egokia definiduten ‘eta erreferentzia orain arte ezagutu doguna baldin bada, desegokitzat jo behar dogu euskerearen normalizazinora eroan beharrean urrundu egiten gaitualako’. Aholkularitza lana inori eskaini ahal izateko zein dan hizkuntza-politika hori jakin behar da aurretik.


Euskerearen aurrekontua handitu behar da

Institutuak ez dau iragarri zenbat eurotan handituko dan aurrekontua. ‘Bitartekoak gehitzea ez aurreikustea hizkuntza-politika bera baldintzatzeko modua da’.


Administrazinoaren euskalduntzea

Ez da gaia jorratzen, ez dira euskalduntze planak iragarten, ez da aitamenik egiten Administrazinoko langileek hizkuntza ofiziala ezagutzeko izan beharko leukien betebeharraz, ez da Osasunbidea, Foruzaingoa, Justizia arloa eta beste Sail batzuk euskerazko zerbitzua eskaintzeko egin behar dan lanaz, ez da hitz egiten kontratau beharreko langileek izan beharko leukien ezagutzaz, ez da proposatzen gai hau egoki garatzeko beharrezkoa dan corpus juridikoaz eta abarrez, baina helburuak dino herritarrok euskerea erabilteko eskubidea dogula. ‘Zelan egingo dabe hori Administrazinoa euskalduntzeko neurririk barik?’


Euskalgintzeagaz alkarlanean

Bai Kontseiluak eta bai Oinarriak taldeak euren prestutasun osoa adierazo dabe euskerearen normalizazinoaren alde Nafarroako Gobernuagaz lan egiteko. Halan da be, ez da artikuletan bide eraginkorrik Euskalgintzeak ekarpenak egin eta horreek kontuan hartuak izateko. ‘Ez da nahikoa euskalgintzeak izango dituan ordezkarien kopurua eta proportzinorik bakoa Gobernuak izango dituan zuzeneko ordezkarien parean. Gainera, Nafarroako Euskararen Kontseiluaren osoketan ez da talde euskaltzale horren izendapenik egiten’.

Informazino gehiagorako:
www.kontseilua.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu