Unai Elorriaga: 'Euskal musikea sano garrantzitsua izango da pelikulan'
2007-09-10 02:00 BarriketanUnai Elorriagaren SPrako tranbia, 2002an Espainiako Literatura Saria irabazi ebanliburuan oinarritutako film luzea errodatzen dabil egunotan Aitzol Aramaio zuzendari ondarrutarra; Algortako Portu Zaharrean, Gorlizen eta Bilbon dabilz beharrean.
Hector Alterio, Daniel Bruhl, Barbara Goenaga eta Julieta Serrano dira filmaren protagonistak baina Ramon Barea, Marian Aguilera, Mikel Albisu, Iñake Irastorza, Mikel Laskurain eta Klara Badiola aktoreak be tartean izango dira.
Aitzol Aramaioren lehen film luzea izango da hau. Aurretik ‘Terminal’ film laburra egin eban, nazinoarteko jaialdietan 20tik gora sari irabazi dituan lana.
Film honen grabazinoak eragin deutsozan sentimentuez, hona hemen Unai Elorriagak kontau deuskuzanak:
1.- Bosgarren filmazino asteari ekingo deutso Aitzol Aramaioren taldeak irailaren 10ean. Zuk zeuk orain arte ikusi eta bizitakoetatik zer nabarmenduko zeunke? Hector Alterio Lucasena eta Daniel Brhül Marcosena egiten zelan ikusi dozuz?
Ikusitakoagaz gustora nago. Zurtz eginda geratu nintzan proiektu txiker batean horrenbeste jente ikusikeran; pentsaizu, tartean aktore internazionalak dagoz baina talde osoa kontuan hartuta 50 bat lagun ibiliko dira beharrean. Horrezaz gan, euren artean dagoan giro ederra nabarmenduko neuke. Errodajeak zelakoak izaten diran nik oraintsu ezagutu dot baina nahikoa normalak izaten ei dira hasarreak, ezinikusiak eta holakoak eta Aitzol Aramaioren lantaldean nik ez dot ikusi ezer txarrik.
Aktoreakaz, barriz, ezusteko handia hartu dot ze jakin arren, maila eta esperientzia handikoak dirala, pentsetan nebana baino hobeto moldatu diralako gidoiagaz eta interpretazinoagaz. Entonazinoa, tonua, keinua erabagiorrak dira eta horreetan Hector Alterio maisu handia da, gauzak argi izaten ditu eta zortzi edo bederatzi toma egin behar badira be, keinurik txikiena be ez dau ahaztuten. Kontua da ze, akaso, alkarrizketak lar onak izan ez arren, Alterioren ahotsean itzel geratzen dirala.
Daniel Brhül be oso aktore ona da, sekula be ez dau hutsik egiten eta ganera tipo jatorra, interesantea da, atsegina, berbarako gozoa.
2.- Argitaratuta dozuzan hiru nobeletatik bat zinemara eroateak ze hausnarketa eragiten deutsu?
Ez dakit. Niretzako ezusteko handia izan da hau, hasieran ezin neban liburua film bihurtuta imajinau, arraroa egiten izan jat neuk idatzitakoa aktoreen ahotan entzutea baina pozarren nago. Aitzolen erregalu ederra da hau. Noz edo noz beste nobelaren bat be zinemara eroan daitekeela pentsau arren, bizitzan bakarra egitea be nahikoa da niretzako.
3.- Liburuetako istorioak filmeetara eroatea ez da gauza barria. Nondik nora sortu zan SPrako tranbia zinemara eroateko ideia?
Aitzol Aramaioren ideia izan zan. Liburua euskeraz irakurri eta berehala konturatu zan hor pelikula bat egoala. Telefonoz deitu eustan ordura arte ezagutzen ez neban Aitzolek eta proposamena egin eustan. Nik baiezkoa emon neutson eta hortik aurrera Aitzol beharrean hasi zan. Lehenengo deia 2002an izan zan eta, beraz, bost urteko lana behar izan da errodajeari ekiteko. Tarte luzea emoten dau baina zineaz dakian batek baino gehiagok esan deustie bost urte gutxi dala, normalean gehiago luzatzen dala prozesua.
4.- Gidoia idazten be parte hartu izan dozu. Zelakoa izan da prozesua? Zein izan da zure ekarpena?
Gidoia Aitzol Aramaiok eta Michel Gaztambidek egin dabe. Zazpi-zortzi bersino izan ditu eta ni idatzitakoen ganean ibili naz beharrean. Aitzolek bersino danak bialdu izan deustaz eta nik zuzenketak edo egokitzapenak egin izan ditut. Berbarako, kasu batzuetan niri gogor egiten jatazan berba batzuk personaje batzuen ahotan edota, Maria protagonista zaharrak erre egiten eban gidoian eta nik esan neutsen nik buruan neukan Mariak ezin ebala inondk inora erre... holako gauzak zuzendu izan dodaz eta horixe izan da nire ekarpena.
Hizkuntzearen arloan, hemengo gaztelania eta Madrilekoa desbardinak diranez, hor be izan dira zuzenketa edota aldaketa batzuk.
Oro har, prozesua polita, luzea eta gogorra izan da; tarteka eztabaida saioak be izan doguz baina jarrerea beti izan da positiboa.
5.- Liburuaren espiritua herri txiki batean egon arren, ez dira inon agiri pelikulan ikusiko diran Algorta edo Bilbo. Istorioa nonbait kokatu behar zalako izan da hori eta zu getxotarra zaralako?
Algorta edo munduko beste edozein herri txiki izan daiteke liburukoa. Nik liburu eta istorio esentziala, unibersala egin neban eta, esangura horretan, liburuan leku izenik ez aitatzeko erabagia apropos hartu neban, leku izen batek izan leikezan konnotazinoak, topikoak eta metaforak ebitetako. Dana dala, nik buruan beti euki dot Algorta, niretzako istorioa Algortan pasau da eta nik horixe esan neutson Aitzoli, Algortan, Algortako goi partean, Kasino, Satistegi eta iguruetan. Ez Portu Zaharrean. Hasieran goi aldean egitekotan ibili ziran baina, azkenean, Portu Zaharraren kolorea eta magia aukeratu zituen.
6.- Zelako filma izango da? Zein generotan koka daiteke?
Liburua bera zein generotan dagoan ez dakit, nobelea ete dan be dudan nago. Gitxi gorabehera liburuaren espiritua filman ez galtzea espero dot baina genero kontuetan ez naz sartuko ze kasu honetan ez dago bape argi edo ez da bape erraza genero batean ala bestean sartzea.
7.- Euskeraz idatzita dagoan liburutik gaztelaniaz izango dan filmera aldatuz zeozer galdu ala irabazi da?
Gauza batzuk galdu eta beste gauza batzuk irabazi, segurutik. Edozelan be, gaztelaniazko bersinoa be neurea da eta nik beti esaten dot ez dakidala zein dan originala, zergaitik da euskerazkoa originala? Zergaitik da originala argitaratzen dana eta ez aurreko bersinoa edo aurreko zirriborroak? Originaltasunaren kontzeptu arraroa dogu; danok ei dakigu zein dan originala eta zein dan bersinoa baina gauzea ez dagoala hain argi pentsetan dot. Testu bat idazten dozunean, ez dakit zenbat zuzenketa egin behar izaten diran eta, beraz, ez dakit zenbagarren zuzenketea ete da originala? Ez dakit zenbagarren bersino hori hartzen bada originaltzat zergaitik ez da hartzen gaztelaniazkoa (neuk egindakoa) originaltzat? Egileak euskeraz eta gaztelaniaz idatzi badau, biak dira originalak.
8.- Liburuetan oinarritutako filmeak ikusi ostean, sarritan desilusinoa sentidu izan dogu, liburua askoz gehiago gustau jakulako. Pasau jatzu zuri holakorik?
Bai. Ez daukat gogoan izenburu bat baina bai sentidu izan dot desilusino hori. Gustau jatazanak, barriz, ondo gogoan dodaz, berbarako, El nombre de la Rosa, liburua eta filma, biak gustau jatazan. Baita El perfume biak be.
Dana dala, nik uste dot gauzak bereizten jakin behar dogula, liburua gauza bat da eta filma beste bat, sormen eta arte lan desbardinak dira. Aurreretxiak baztertzea komenidu da. Bakotxak bere ezaugarriak ditu eta bakotxaren balioa deskubriduten jakin behar da, oinarrian beste obraren bat egon arren.
9.- Filmazino lana asteon amaituko da eta hortik gora lan handia egongo da egiteko. Filmaren titulua zehaztuta dago? Ze musika entzungo da filman?
Ez, oraindino izenburuaren bila jarraitzen dogu. Webgune bat abiarazotekotan ibili dira baina oraingoz geldi dago izenburua zehaztea falta dalako. Mundu guztiak liburuaren itzulpena bera buruan euki arren, produktorak dino Un tranvia en SP ez dala komertziala eta, oraingoz, horretan gagoz.
Musikeari jagokonez, Marcos protagonisteak soinu txikia, trikitia joten dau eta, beraz, euskal musikea sano garrantzitsua izango da pelikulan. Ezpatadantzea eta tango bat baina trikitiagaz jota be entzungo dira. Soinularia Josu Zabala, Hertzainak taldean ibilitakoa izango da.
10.- Sprako tranbia, Van Hoffen ilea eta Vredaman nobelen ostean, laugarrena bidean dago. Durangoko Azokan argitaratuko da? Zertan zabilz orain?
Aurten ez, segurutik datorren urteko azokarako be ez eta Jaungoikoak gura badau, 2009ko udabarrirako ataratea da asmoa. Nobela luzea da, sakona, pisutsua baina ulerterraza, irakurleari erraztasunak emoteko neu nabil lana egiten. Orain arte egin dodazan nobeletatik bereiztuko dan obrea izango da.
Diktadura sasoian mobiduten da istorioa; nobela osoa teilatu baten gainean pasauko da; protagonistak lau dira eta teilatuan lau horreetako baten arrebearen zain dagoz, tren geltokiaren ondoan. Orain hogei urte diktadura sasoian desagertutako neskearen zain dagozan bitartean, haren istorioa birsortzen emongo dabe denporea.
Urte bi daroadaz idazten eta ia beste bi beharko dodazala kalkuletan dot. Lau zati izango ditu eta lehenengoa, luzeena amaitu barri dot. Istorioa bera buruan eta zirriborroak koadernoetan dodaz eta idazteko prozesuan nago. Datu lez esango deutsut nobelearen azken esaldia be honezkero badakidala zein izango dan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!