Jon Maia: 'oso pozik nago hiru diskoetako nire literatur obra txikiagaz'
2007-08-31 02:00 BarriketanBertsoak, koplak eta kultura eta estilo desbardinetako soinuak buztartuz, herririk herri sei bat urte egin eta hiru disko 'Karidadeko Benta', 'Amore, amore' eta 'San Quirico' plazaratu ostean, Karidadeko Bentak agur dinosku, taldea sendotuta eta momenturik onenetakoa bizi dauenean, hain zuzen be.
Karidadeko Benta taldearen agurra irailaren 5ean izango da Getxon, Nazinoarteko Folk Jaialdiaren barruan baina abuztuaren 31n, barikuan, jai berezia antolatu dabe Zumaian, Itzurungo hondartza inguruan; bertsolariak, musikariak, kantariak eta ezustekoak izango dira tartean, gaueko 22:30etatik aurrera.
Karidadeko Bentaren ganekoak Jon Maiak kontau deuskuz ondoko barriketaldian:
1.- Zergaitik erabagi dozue agur esatea taldeak momenturik onenetakoa bizi dauenean? Agurra behin betikoa da?
Bai, egia da; orain, beharbada momenturik onenean gagoz. Azken bi urtetan gora egin dogu, emonaldiak ugaritu egin dira, jente asko dator kontzertuetara eta oso gustora gabilz baina gure taldea ez egoan preparauta martxa honi eusteko eta kosta egiten jaku oraingo eskaerari erantzutea. Edozerk dauka hasiera bat eta amaiera bat eta hirugarren diskoa, San Quirico atara genduanean erabagi genduan uda amaieran ixtea. Ez genduan behartuta ibili gura.
Despedidea ezin dozu inoiz planteau pentsaurik bueltauko zaranik. Dana dala, ez dago jakiterik etorkizunak zer ekarriko deskun, bakotxa non egongo garan eta zertan. Ez dago ezer betikorik, apenas, heriotza bakarrik baina taldeenak ez dira heriotzak. Oraingoz ez dogu planteetan inoiz bueltatzerik baina nork daki...
2.- Bertsoak, koplak eta musikea buztartzea ez da gauza barria baina Karidadeko Bentak zeozelako hutsunea bete dau. Billabona eta Zizurkil arteko orain ehun bat urteko Karidadeko Benta haretako musika eta jai giroa berpiztea ez zan lan erraza izango...
Ez. Hasi ginanean, guk geuk be ez genkian zer egitera gentozan eta apurka-apurka formea hartzen joan zan gure musikea, taldearen egiturea zein zuzenekoen izaera. Azkenean, nik uste dot inork beteten ez eban lekua hartu dogula eta konparazinoak egiten gatxa dan leku bat edo estilo bat izan dogu, nire ustez originala eta ausarta baina musika arloan zein zuzenekoen planteamentuan.
3.- Taldean diziplina artistiko desbardinetako lagunak alkartu zarie. Zelan sortu zan taldea?
Taldea sortu zan bertso batzuk musikatzeko egin eustien eskaera batengaitik. Ezelako proiektu barik sortutako taldera da gurea. Perkusino jole lagun batzuei proposamena egin eta holan sortu zan. Beti izan naz zeozer barria egiteko zalea, ez betikoan ibilteko eta horixe izan zan abiapuntua. Hortik aurrera jenteari gustau egin jakon, geuri be gustau egin jakun bertsoaren eta perkusinoaren arteko nahasketea eta hortik hasi ginan ezagutzen genduzan beste musikari batzuei geugaz etorteko proposamena eginaz.
4.- Sasoi bateko orkestina giroa berreskuratu izan dozue baina badago zuon musikea definiduterik?
Ez dot uste. Inork ez dau asmatu definizino egokirik eta hori da beharbada gure berezitasuna, ia sailkaezinak garala. Danerik esan deuskue, patxanga fina, balkanikoa, ijitoa...; nik ez dot uste folk musika konbentzionala danik gurea, ezta egun modan dagoan World Music horretakoa. Zeozer freskoa, gaztea da Karidadeko Bentaren musikea. Lehengo orkestina hareek edozein musika mueta joten eben, munduko edozein musika eta guk be horixe egin dogu gaur egungo mundu zabalean kokatuta. Edozein musiketatik hartuta.
5.- Zuzenean talde berezia da Karidadeko benta, kontzertuak jente artean hasten dozuez, publikoari berba eginaz, probokazinoa, komunikazinoa lortu guran? Herrietako erromeria eta, oro har, kontzertuetara joateko ohiturea galtzen gagozala uste dozu?
Bai. Gustetan jaku publikoa eta eszenatokiaren arteko harresi hori apurtzea eta hasieratik jentea gure giroan sartzea. Horretarako, jente artean asko ibilten gara, inprobizau be asko egiten dot. Kontzertu guztietan izaten dan dinamikeagaz (jarri eta entzun) apurtu gura dogu; danok giro batean joatea da gure asmoa, ez izatea kontzertu pasibo bat publikoaren aldetik. Danon artean ondo pasetako modua eskaini gura dogu.
Erromeria giroa bertsolari nazan aldetik ezagutzen dot eta jente guztiak esaten dau barriro gora doala. Akaso, prentsa eta komunikabideen bidez, uri eta herri handietako egitarauak baino ez doguz ezagutzen baina auzo eta herri txikietako zirkuitoa be badago eta jente asko harrituko litzateke mendi artean ze giro dagoan eta zenbat jente ibilten dan betiko jai horreetan.
6.- Jon Manzisidorren musikea eta zure berbak alkartuz sortu dozuez kantuak ironia eta umorea osogai nagusi dirala. Zelako esperientzia izan da zuk zeuk sortutako kantuak abestearena?
Ederra. Nik ez dot nire burua kantaritzat hartzen eta ez neban pentsauko inoiz kantari bezela ezer egingo nebanik edo disko bat inoiz grabauko nebanik eta, beraz, pozarren nago. Norberak daki zelan idatzi dozuzan berbak, zelan kantau gura dozuzan eta esperientzia barria izanik, bertsolaritzeak emoten ez deustazan zenbait gauza egiten lagundu deust. Nire letrak kantatuz, kantetan ikasi dot, eszenatokian beste jarrera batzuk izaten eta, beraz, oso pozik nago nire literatur obra txiki honegaz.
7.- Bertsotan, musikan eta idazle zereginetan be ezagutzen zaitugu. Zein arlotan zabilz gustorago?
Danak dira desbardinak baina ni bertsotan nabil gustorago. Urtean zehar gehien egiten dodana be horixe da. Taldeagaz ibili nazan bitartean, tartean askosaz gehiago ibili naz bertsotan eta hori da nire adierazpide nagusia. Bertsoa da umetatik nire izakera, sentimentuak eta jarrera azaltzeko moldea.
8.- ‘Riomundo’ lan autobiografikoaren eta ‘Apaizac Obeto’ kronika liburuaren ondoren, zertan dabil orain Jon Maia?
Bertsotan nabil. Nahiz eta gauza desbardinak egin nire jardueren enborra beti bertsoa izan da. Zorionez sekula ez jataz falta izan bertso saioak eta beti ibili naz horretan. Ganerako gauzak, liburuak edo musikea, bertsoek itxi deustien tarteetan egindakoak edo bertsolaritzeari kendutako tarteetan egindakoak izan dira.
Liburugintzan, badaukadaz proiektu batzuk baina denporea da behar dodana. Beharbada orain taldearen agurragaz nire gauzak egiteko denpora gehiago izango dot.
9.- Zer ikasi dau Jon Maiak ‘Apaizac Obeto’ esperientzian?
Danetarik. Bizitzari buruz ikasten dozu batez be, esfortzuari buruz, gure herriaren historiari buruz... Zorionez itsasoagazko lotura finko bat emon deust esperientzia horrek ze amaitu ostean be hor jarraitzen dot Albaola alkartearen proiektu barrietan eta beste helburu batzuekaz itsasoagaz lotuta lan egiteko.
10.- Arraunean be ibilitakoa zaitugu, igaz Apaizac Obeto espedizinoan. Nork irabaziko dau aurten Kontxan?
Orain artekoak ikusita, nik uste dot Urdaibaik irabaziko dauela. Eta ez dinot hau Bizkaie!-rako dalako alkarrizketa hau...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!