Urteroko kontua, urtero desbardina
2007-08-31 02:00 BertsolaritzeaItxaso Paia eta Arrate Illaroren bertsoak heldu jakuz Bizkaie!-ra. Bertsolari gazteak dira biak, Algortakoak eta bertsoa txikerretatik bizi izan dabenak. Bertsotan euren udearen barri emoteko prest dagoz.
Ia konturatu barik joan jaku udea eta beragaz batera gehienon oporrak. Urteroko kontua da hori. Bitartean, hamaikatxo jai, parranda eta lo-aldi pasau dira. Urteroko kontua da hori be. Halanda be, urtero da desbardina, bai norberarena, bai besteena. Arrate Illarok adibidez, ez dau hori uste. Hori hobeto ulertu dagizun, Itxaso Paia eta Arrate Illaroren bertsoak heldu jakuz Bizkaie!-ra. Bertsolari gazteak dira biak, Algortakoak eta bertsoa txikerretatik bizi izan dabenak. Bertsotan euren udearen barri emoteko prest dagoz.
Itxaso Paia:
Noiz erabaki nuen izan behar
Nuela psikologoa?
Ekainarekin batera heldu
Zen azterketa mordoa
liburu arteko gaupasa aukeran,
Bestela garagardoa
Azal zuria eta logela,
Edo gauaren morboa
Argi eta garbi hautatu nuen
Karrera irailera doa!
San Juanak eta Leioa
Eibar, bertso-ikastaroa,
Sopelan jaiak, Zapatu Azula,
Berritxun bertsosaioa,
Nahigabe piztu berri zitzaidan
Parrandarako gogoa.
Gero Aubixara ume artera
Lana: bertso-udalekua
Begiralelez 10 egunez
Itzela izan ze kontua
20 gaztetxo, mendi berdea,
euskara eta kantua
negar malkotan berriz etxera
noski nahiko nekatua
laster Plaentxi, gero Algorta
(Iñaki bere Santua),
Cameroseko lakua,
Gasteiz, Fermin, kontzertua…
Nire amak dio Guantanamora
Nengokeela zigortua
udan etxerik ez zapaltzea
baldin balitz delitua.
Mari Jaiaren gona azpitik
zazpi gaueko astea
larunbatetik, larunbatera
diru-zorroen hustea.
Atzo gaur omen da eta bihar
ere, zelako nahastea!
Orain euria, gero eguzkia
ez al da izango ostea?
Eguraldiak gugan sortu du
Itzela buruhaustea
Orain hobe ondo janztea
Urrirako utzi belztea
Uda, negua, negua, uda
Berdinak diren ustea
komeniko zait eta espero dut
desberdintzen ikastea
Arrate Illaro:
Ekaina, uztaila ta abuztuan
jaiak daude nahi adina
nahiz eta izan eguraldia
hondartzarako ziztriña
ondo legoke berriro ere
San Juanetan bagina
aurtengo uda kristona izan da
luzea ta atsegina
beste era baten esanez gero
uda guztien berdina.
Azterketetan gastatu ostean
bolia eta lapitza
bi hilabetez asko ta asko
patxada baten gabiltza
gogoan daukat Barinatxeko
olatu gogorren bitsa
oporrak dira hain zuzen ere
lasaitasunaren giltza...
ea ez zaidan inoiz bukatzen
ikaslearen bizitza.
Gehienontzako gozagarria
izan da azken bolada
baina oporrak bukatu dira
luzatu orduko gaba
kezkatzen gara bueltatu behar
baitugu errutinara
agur hondartza agur parranda
ta patxada pikutara
baina udatik udara ere
gozatzen jakin behar da.
Lizardi Sariketea
Uda-amaieran be bertsoen faltan inor egon ez daiten, Lizardi sariketara joateko gonbita egin dabe Zarauztik. Bertako Euskal astearen barruan jokatuko da aurten XXXI. edizinoa. Kanporaketak Urpekoa alkartean egingo dira irailaren 3an eta 4an eta bertso-saioa 20:30ean hasiko dan afariaren ostean izango da. Hamasei parte-hartzaile izango dira guztira: Eneritz Zabaleta, Mizel Mateo, Karmele Mitxelena, Arkaitz Oiartzabal, Odei Barroso, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin, Jokin Labaien, Hodei Iruretagoiena, Maialen Velarde, Egoitz Eizagirre, Oihana Bartra, Aitor Urbieta, Agin Rezola, Unai Muñoa eta Aitzol Barandiaran. Onenak sartuko dira irailaren 7an, gaueko 22:00etan hasita egingo dan finalean. Joan eta gozau!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!