Kontseiluak dino euskal museoetan hizkuntz-eskubideak ez dirala guztiz bermatzen
2007-08-30 02:00 Euskerea berbagaiEuskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskadi, Nafarroa eta iparraldeko museoetan euskereak daukan egoerea aztertu dau udan eta hizkuntz-eskubideak ez dirala guztiz bermatzen ondorioztatu dau. Zerbitzu egonkorretan euskera maila ona da eta arazoak ahozko zerbitzuetan agertzen dira.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskadi, Nafarroa eta iparraldeko museoetan euskereak daukan egoerea aztertu dau udan zehar eta hizkuntz-eskubideak ez dirala guztiz bermatzen ondorioztatu dau. Azterketearen arabera, zerbitzu egonkorretan euskera maila ona da eta arazoak ahozko zerbitzuetan agertzen dira.
Kontseiluak gaur Bilbon adierazo dauenez, udan zehar Euskadi, Nafarroa eta iparraldeko 19 museo aztertu ditu Hizkuntza Eskubideen Deklarazino Unibersalaren 45. artikulua, kultur arloetan lurraldeko hizkuntza propioen erabilera eskubideen bermeak zehazten dituana, beteten dan ala ez ikusteko.
Aztergai izan diran museoen % 63an harrerea euskeraz egiten dabe baina horreetako zazpi museotan ez dira gai zerbitzua euskeraz emoteko. Gainera, aretoetan doban banatzen diran eskuorrien % 22 erdara hutsean eskaintzen dirala salatu dau.
Era berean, txartelen erdia baino gehiago erderaz baino ez edo erderea nabarmenduz egiten dituela adierazo dau.
Beste alde batetik, bisita gidatuen arloan, nabarmentzekoa da aztertutako museoetatik seik baino ez dabela zerbitzua euskeraz eskaintzen; beste lau aretotan erderea da aukera bakarra eta besteek euskeraz bisitea egiteko, aldez aurretiko eskaerea nahitaezkoa da.
Lurraldeka, Gipuzkoak lortu ditu emoitzik onenak eta Segurako Erdi Aroko Museoak lortu dau puntuazinorik altuena, 21 puntu 30etik. Bizkaian eta Araban euskerearen presentzia kontuan hartzekoa dala adierazo dabe, Guggenheim, Zumalakarregi, Kutxagunea eta Untzi museoek 18 puntu lortu ditue eta.
Bestelakoa da Nafarroako eta iparraldeko egoerea, bertan Baionako Bonnat, Miarritzeko Itsas Museoa, eta Nafarroako Unibersidadeko Zientzia museoek punturik lortu ez dabelarik. Azpimarragarria da aldi berean, Santxo museo nafarraren euskera maila, baina lurralde horretan museoek zer hobetu asko dabela azaldu dabe.
Azkenik, Nafarroan eta Euskal Autonomi Erkidegoan euskerea berezko hizkuntza dala legez gogorarazo dabe eta, beraz, herritarrek eskubidea dabela zerbitzuak euskeraz izateko eta urraketak salatzeko, horretarako, Behatokiaren Euskararen Telefonoa nabarmenduz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!