Azken urteotako mahats-batzerik eskasena Frantzian

Imanol Sarasola Enologoa 2007-08-30 02:00   Jan edanak

Adituek dinoe, 2003koa kenduta, XIX. menderaino joan beharko geunkela uzta hain goiztiarra ezagutzeko, eta aurreratze honek produkzinoa % 6 gitxiago izatea be ekarriko dauela aurreikusi dabe.

Aurtengo aldaketa metereologiko gorabeheratsuak (negu leuna, udaberri udatiarra eta uda euritsua) hiru astez aurreratu dau mahats-batzea Frantzian. Adituek dinoe, 2003koa kenduta, XIX. menderaino joan beharko geunkela uzta hain goiztiarra ezagutzeko, eta aurreratze honek produkzinoa % 6 gitxiago izatea be ekarriko dauela aurreikusi dabe. Bestalde, 2000. urtetik eskasena izentau daben bilketa hau ona be izan daiteke, izan be, azken urteotan gitxiago produziduteko agindua egon da, bestek beste, superprodukzinoari aurre egiteko.

Ikusteko dago, beraz, zelako kalidadeko ardaoa datorren. Hasiera batean, ona esan daiteke baina era berean, azken bi hilebeteetako euriteek eragindako hezetasunagaitik hainbat gaisotasunek jota dago mahatsa. Datozen hiruzpalau asteotan eguraldia euritsua bada, egoera larria izan daiteke. Bestalde, eguraldiak laguntzen badau, gitxiago egotea onuragarria be izan daiteke frantziar ardaoarentzat, izan be, azken urteotan salmenten jatsiera nabaria sufriduten ari da kanpotik, Estadu Batuak, Hego Afrika eta Australiatik saltzen diran ardaoak dirala eta.

2006an, bodegetan, 2004-2005 kanpainako 40 miloe hektolitro saldu barik egozan atarabiderik ezin topauta. Ardaogileen diru sarrerak % 37 jatsi ziran urte batean. Ardaogintza inguruan krisiaz berba egiten hasi ziran, alde batetik gehiegizko produkzinoa eta bestetik, kanpoko ardaoen arrakastea alkartu ziran eta ondoriak sufriduten dagoz orain.

Horrenbeste Jatorrizko Izendapen izatea be ez ei da euren onerako. Frantzia osoan 440 Jatorrizko Izendapen dagoz eta kanpora saltzerakoan, traba bat gehiago da hainbeste izatea, asko Frantziako ardaoa erostera doaz eta zehaztasun gehiago erabagi beharrak eragotzi egiten ei dau salmentea. Adibidez Bordelen, 57 Jatorrizko Izendapen dagoz, 10.000 nekazarik kudeatzen dituelarik 123.000 lur hektareatan. Kanpoko merkaturako konplikatuegia. Hori dala eta, eskualde batzuetan, izendapen desbardinak alkartzea proposatzen ari dira eta marka nazional bakar bat sortzea be aitatu da.


Merkatua orekatu

Aurten espero da, produkzino txikiagoak salmenten merkatua erreguletan laguntzea. Aurreikuspena 49´90 miloe hektolitrokoa izatea da, 2006an 53´02 eta 2005ean 53´31koa izan ziralarik. Jatsiera nabarmena, hurrago dago 2003ko errekorretik 47´5, 1999kotik baino, urte honetan 62´9 miloe hektolitro produzidu ziran eta. Eskualderik kaltetuenak hego-ekialdekoak dira, igaz baino % 16 gitxiago batzea espero dabe; Bordelen % 13, Charentesen % 10, Loira Bailaran % 6. Alsacia eta Jurak eskualdeetan baino ez dabe aurreikusi produkzinoa igotea.

Ez da arrazoi bakarra izango Frantziako ardaoen prezioek gora egin daien, barruko kontsumoaren jatsierea be hor baitago.

Azken buruan, sikatea dala eta, Australian be gitxiago produzidu dabe eta Argentinan eta Hego Afrikan be ez da uzta ona izan. Azken hamarkadan, hego hemisferioa munduko ardaoen % 14´8 produzidutetik %18´5 produzidutera igaro da. Kontuak kontu, ardaoen salmentarako jatsierea hain kaltegarria izango ez bada be, champagne egileentzat oso kaltegarria da uzta okerra izatea, izan be, salmenten igoeran ez dago etenik urtetik urtera. Azken urtean, izen handiko markek (Moet Chandon, Lanson edo Pommery) errekor guztiak gainditu ditue; danetara, 328 miloe botila saldu ditue, % 3´4ko igoerea izan dabelarik eta 41.000 miloe Euro dirutan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu