EHUk ‘Euskerazko komunikazinoa eta hizkuntza gitxituak’ masterra eskainiko dau

Bizkaie! 2007-08-22 02:00   Euskerea berbagai

Tenkologia barriek ekarritako erronka barrien aurrean kazetari profesional onak eta euskaldunak trebatzea da 2007-2008 ikasturtean Leioako campusean eskainiko dan masterraren helburu nagusia.

Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak ‘Euskerazko komunikazinoa eta hizkuntza gitxituak’ izeneko master profesional ofiziala eskainiko du 2007-2008 ikasturtean Leioako campusean.

Master honek kontuan hartu ditu Europatik datozan agindu barriak. Matrikuletan diran ikasleek 60 kreditu europar edo ECTS (European Credit Transfer System) lortu beharko ditu (36 derrigorreko irakasgaietan eta ganerako 24ak aukeratzeko moduluen artean).

EHUko iturriek adierazo dabenez, ekimena ‘ez da hutsetik sortua, neurri handi batean, azken bost urteetan fakultade berak eskaini dauen ‘Euskal Herria XXI’ doktorego programearen segidea baita’.

‘Teknologia barriek izugarrizko abiadea hartu dabe azkenaldi honetan. Maila guztietan igarten dan fenomenoa da: lan-munduan, akademia arloan, gizartean, baita kazetaritza munduan be. Erronka barri horreen aurrean profesional onak eta euskaldunak trebatzea ezinbestekoa da. Hori da helburu nagusia. Hori da programa honen jomugea’, azaldu dabe.

Egun, 700 inguru kazetari euskaldun dagoz lanean eta azken hamarkadetan aurrerapausuak egin izan diran arren, ‘asko geratzen da oraindino be egiteko. Horregatik sortu da master hau, dagozan indar-guneak sustatzeko eta igarten diran bakotasunak tapetako’, ganeratu dabe.


Alkarlana

Master honen antolakuntzan eragile askok egin dabe lan. EHUren barruan bost departamentu izan dira alkarlanean: Kazetaritza eta Kazetaritza II, Ikus-entzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea, Euskal Filologia eta Soziologia. Aurrerago aitatutako doktorego programan be arlo horreek hartu dabe parte.

Horrezaz ganera, master profesional honek EHUtik kanpo be topau ditu begirunea eta babesa. Eusko Jaurlaritzak, berbarako, laguntzino ekonomikoa emongo deutso Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen bitartez.

Ikasturteko azken hilabeteetan --2008ko bagila, garagarrila, abuztua eta iraila-- master honetako ikasleek praktikak egiteko aukerea izango dabe. Zeregin horretan ondorengo enpresa eta erakunde honeen konpromisoa lortu dabe antolatzaileek: EITB, Berria, Argia, Elhuyar, Topagunea, Aldaketa 16, UEU, EHU bera eta Eusko Ikaskuntza.

Eskaintza akademikoa 56 irakaslek osotuko dabe; 30 EHUkoak izango dira eta ganerako 26ak eremu desbardinetan lan egiten daben profesionalak.

Eskainiko diran irakasgaiek era guztietako arlo eta gaiak landuko ditue: euskerearen komunikazino-eremua, kazetaritzea hizkuntza gitxituetan, ziberkazetaritzea, edizino digitala, komunikabide elektronikoak, diseinu grafikoa, zientziaren dibulgazinoa, persuasinoa, zinema-kritikea, komunikazinoaren ikerkuntzea edota bestelako komunikazioa, besteak beste.

Kazetaritzan, Ikus-entzunezko Komunikazinoan edota Publizidadea eta Hartu-emon Publikoetan lizentziadunek sarbide zuzena izango dabe. Komunikazino-ikasketak egin bako beste lizentziadunek be aukerea izango dabe matrikuletako. Horretarako, atari-proba bat gainditu beharko dabe.

Kasu danetan, sarbidea lortzeko ezinbesteko baldintzea izango da lizentziatura euskeraz eginda izatea edo, beste hizkuntzaren batean lizentziaduna izan ezkero, EGA edo baliokide dan beste titulu baten jaube izatea.

Lizentziadu barriez gan, master hau lanean dagozan profesionalei be begira dago. Horregaitik, eskolak arratsaldez emotea aurreikusi dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu