Argentinako La Plata Unibersidadean euskera eta euskal kultura lektorego programea jarriko dabe martxan

Bizkaie! 2007-08-14 02:00   Euskaldunak munduan

Lektoregoa datorren urteko zezeilaren 15etik abendura bitartean izango da, astean lau orduko klaseakaz. Horrezaz ganera, helburua datorren urtean Argentinako unibersidade nagusietan programea ezartzea da.

Datorren urteko zezeilaren 15etik abendura bitartean, astean lau orduko klaseakaz, Argentinako La Plata Unibersidadean euskera eta euskal kultura lektorego programea jarriko dabe martxan. Hori da Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta La Platako Unibersidadeko buru Raul Perdomok Nazinoarteko Hartu-emonetarako zuzendari Enriqueta Della Rosak sinatu daben hitzarmenean jasoten dana.

Baztarrikak eta Lorea Bilbao aholkulariak batzar bi izan ditue Buenos Aireseko Unibersidadean (UBA), Nazinoarteko Hartu-emonetarako idazkari eta Unibersidade Nazionalen Kooperazino Sareko Marcelo Tobin koodinatzaileagaz eta Filosofia eta Letra Fakultadeko Ana Maria Zubieta dekanordeagaz.

Lektoregoaren proposamena ‘begi onez’ ikusteaz gan, dokumentu bat lantzen hasi dira datorren urtean euskera eta euskal kultura lektorego programea ‘Argentinako unibersidade nagusian jarteko’, Baztarrikak azaldu dauenez.

Azkenik, Bahia Blancako Union Vasca euskal etxean berbaldia emon ondoren, aste honetan Bahia Blancako Unibersidadean batzarra izango dabe Guillermo Crapiste errektoreagaz, datorren urtean lektorego programea bertan abiarazoteko. Buenos Aireseko probintziaren hegoaldean dago Bahia Blanca, Argentinako portu-uri nagusienetakoa.

Argentinako bidaiaren barruan, euskal ordezkariek Etxepare Euskal Institutuaren sorreraren bezperan Tandile herriko (Buenos Airesetik 360 kilometro hegoaldera) euskal etxea bisitau eta zuzendaritzakoakaz alkarrizketa izan dabe.

Aste honetan amaituko dute Baztarrika sailburuordeak eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkulariak Hego Amerikara egindako bisitaldia, Kolonbian, Txilen eta Argentinan izan ostean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu