Pedro Mari Bastegieta: ‘munduan dagoan animaliarik tontoena geu gara’

Saioa Torre Gereketa 2007-08-03 02:00   Barriketan
Arratzuko nekazaritza ekologikoaren ikastaroaren arduraduna.

Nekazaritza ekologikoa gero eta indar handiagoa hartzen dagoala ez dago ukatzerik. Oraintsu Ekolur alkartearen ekinbidez, Getxoko azoka ekologikoaren bigarren edizinoa izan da 58 produktore inguruk parte hartu dabelarik eta, horrezaz gan, Arratzuko Udalagaz lankidetzan, ingurumena errespetau eta ongarri kimikorik erabilten ez dauen lurgintza mueta honen onurak ezagutarazoteko asmoz nekazaritza ekologikoaren gaineko ikastaro praktikoa antolatu dau udarako. Pedro Mari Bastegieta da ikastaroaren arduraduna eta Arratzuko Loiolene baserrian egin dozu barriketatxua.


1.- Zein da ikastaroaren helburua?

Ezer baino lehen, nekazaritza ekologikoa ez dala atzo goizekoa esan gura neuke; gure guraso, aitite eta amumek beti landu dabe lurra ongarri kimikorik barik eta, esangura horretan, helburu nagusia nekazaritza ekologikoaren onuren barri emotea, lurra modu tradizionalean lantzen dabenei beste lugintza mueta batzuk badagozala ezagutarazotea eta, era berean, nekazariei sinistuarazotea nekazaritza ekologikoa posible dala gaur egun. Horretarako, ikastaro berezia abiarazo dogu; 200 metro koadroko solo bat erabiliko dogu praktiketarako eta, teoria azaltzeko, barriz, Udalak itxi deuskuzan lokal batzuk erabiliko doguz. Solo horretan, 28 bariedade doguz eta hor jenteak zuzenean ikusiko ditu landareak hazten eta ze tratamentu erabili dogun.


2.- Zelan antolatuta dagoz eskolak?

Danetara, 30 bat lagun batu dira eta lehenengo azalpenak teorikoak izan dira, produkzino ekologikoa zer dan, ze alde dagoan konbenzionaletik ekologikora, zeintzuk diran onurak eta abantailak...

Praktikak soloan hasi doguz baina parte-hartzaileek ez dabe ‘beharrik’ egiten, ez dabe lurra lantzen, landarak zelan hazten diran, ze plaga egon dan eta ze produktu erabilten dogun ikusten dabe bertatik bertara, produktu naturalak, beti.

Garagarrilean pare bat aste egin genduzan, azalpen teorikoak eta solora pare bat bisita egin doguz eta abuztuan oportxuak egon arren, irailean bueltauko gara.

Beste alde batetik, teoria eta praktikaz gan, nekazaritza ekologikoak indar handia dauen lekuetara, Nafarroara edota Errioxara osterak preparetako gogoz gabilz.


3.- Aitatutako helburu horreek lortzeko, zer-nolako teknikak erakutsiko dozuz? Ze barazki landuko dozuez?

Nekazaritza ekologikorako ez da teknika berezirik behar. Oinarrizkoa da ongarri kimikorik ez erabiltea eta gaixoei edo plagei metodo naturalakaz aurre egitea. Ongarri kimikoek ur gehiago behar izaten dabe eta, beraz, ur asko aurrezten da.

Beste alde batetik, soloan 28 ortuari edo barazki doguz, besteak beste, piper, tomate, azelga, aza, porru, indaba eta letxugak. Bitxikeria legez, Peruko kiwicha be badogu, munduan dauenik alimentorik onena, akaso; proteina kantidade handia dauka eta kaltzio, fosforo, burdin, potasio, zink eta E eta B bitaminatan da aberatsa. Hazia neuk ekarri neban igaz eta han 3500 metrotik gora eta klima epel eta tropikalean hazten bada be, oraingoz landarea oso ondo dator.

Horrezaz gan, Asiako, Pakistaneko landara bi sartu doguz, bata kalabazearen antzeko bat eta bestea berdetan jaten dan kalabazin bat; azken hau sikatzen itxi ezkero, esponja modura balio dau, esfolietako, zelulitisaren zein psoriasiaren kontra. Igaz Pakistaneko bi horrek sartu nituan eta ondo emoten dabe.


4.- Zein da ikaslearen perfila? Edadea, gizonezkoa ala emakumezkoa, baserritarra ala kalekoa?

Lehen be esan deutsut, 30 bat lagun batu gara eta danetarikoak, gazteak, edadekoak, baserritarrak, lurra era ekologikoan lantzen hasi gura dabenak... Gizonezkoak zein emakumezkoak dagoz eta edade kontuan, 65 urtera artekoak zein 28 urtekoak.


5.- Labur-laburrean, zer da produktu ekologiko bat?

Produktu ekologikoa da metodo naturalak erabiliz sortutakoa, gizakiek manipulautako ongarri kimiko eta pestizidarik barik; produktu ekologikoa ezelako toxikotasunik bako amalurraren produktua dala esango neuke.

Nik neuk amalurra estimadu daukat, ingurumena babestu gura dot, kutsadurarik ez dot gura, txoxikorik ez dot nire gorputzean sartu gura. Gauza bat esango deutsut, munduan dan animaliarik tontoena geu gara. Diruagaitik kapaz gara gure jatekoa (landara, arrain, okela), itsasoa zein airea kutsatzeko. Atara kontuak, produktoreak erabilten dauen pestizida eta substantzia toxiko horreen azken kate-maila geu gara.


6.- Eta produktu transgenikoak zeintzuk dira?

Labur-labur esango deutsut. Metodo naturalak erabilten diranez, produktu ekologikoak ez dauka ezelako toxikotasunik.

Nekazaritza tradizionalean ongarriak, intsektizida eta bestelako substantziak erabilten dira eta, beraz, barazki edo ortuarietan doazen gai toxikoak geuk hartzen doguz.

Beste alde batetik, produktu hidroponikoak dagoz; lurrik barik hazten dira, ordenadore bidez landarak hazteko behar daben substantzia kimikoa bideratuz.

Transgenikoetan, barriz, geneak modifikauta dagoz, hazteko hormonak, pestizida, intsektizida eta enparauak erabilten ditue eta tristeena da Europa mailan baimenduta dagozala gizakion kontsumorako.


7.- Bio, Activia... Dendatan holako piloa ikusten dira. Benetakoak dira ala kontsumitzailea nahastau baino ez dabe egiten?

Ekologikoa, Bio (biologikoa) eta organikoa izenak entzun arren, hirurak erabilten dira produktu ekologikoa izentetako.

Zuk aitatu dozuzan horreek, barriz, bio faltsuak dira. Bolada baten legean egoan zulo bati esker, Bio etiketea erabilten eben batzuk, osasunerako produktuaren ustezko onurak goraipatuz. Geroago, gauzak argitu ziran eta gaur egun, Bio etiketea produktu ekologikoak baino ezin dau erabili. Logotipo, ziurtagiri eta erregistro zenbakirik barik ezin da ‘Bio’ etiketea erabili. Dana dago kontrolpean. Aldundiko adituak etorten jakuz aldian-aldian eta lurra eta landara orriak eroaten ditue analizetako.


8.- Txinatarrak, honezkero, ‘erradiazino kosmikoa’ dalakoari esker tomate erraldoiak produziduten hasi dira. Horretarantz goazela uste dozu? Kantidadeari eta tamainuari kalidadeari baino garrantzi gehiago emoten jako?

Egun, dana gura dogu arin. Produzidu be ahalik eta arinen, diru gehiago atarateko, zelan produziduten dan eta ze kalte eragin daitekeen kontuan hartu barik. Multinazionalen esku gagoz eta horreen helburua dirua irabaztea da gizakiak kutsatu arren; behin kutsadurea eraginda multinazionala bera arduratuko da kutsadura horri aurre egiteko beste produktu bat merkaturatzeaz. Negozio hutsa dago tartean.

Tomate erraldoien kasua aitatu dozu eta nik esango deutsut tomate transgenikoakaz esperimentetan dabilzala, animalia nordikoen geneak erantsiz, tomatea denpora hotzetan, neguan eta produzidu ahal izateko. Horraino ailegau dira.

Edozelan be, zorionez jenteak gero eta gehiago begiratzen deutsola kalidadeari esango neuke.


9.- Ovo lacto barazkijalea zaitugu. Zergaitik erabagi hori?

Zer esango deutsut, ba. Ez daukat ezelako beharrizanik beste animalia bat jateko. Historian, munduan milaka izan dira animaliak konsumidu barik bizi izan diranak. Astakeria galanta begitantzen jat animaliei sufrimentua, torturea eragitea, zentzunik bako kapritxoa, barazkiak eta bestelako jateko batzuk konsumiduta bizirauteko arazorik ez dagoalako.

Arrutzak eta gaztaia jaten dodazala esango deustazu, akaso, eta esango deutsut arrautza ekologikoak baino ez dodazala kontsumiduten. Libre dabilzan (ez erabat libre baina) oiloen arrautzak baino ez dodaz jaten. Gaztaiaren kasuan, bardin, gaztaia kologikoa baino ez dot jaten.


10.- Produktu ekologikoak karuagoak dira...

Bai. Produktu ‘konbenzionalak’ baino karuagoak dira. Apur bat karuagoak izatea nik normal ikusten dot, % 20, 30 karuago baina merezidu dauela pentsetan dot ze produktu ekologikoak % 20-25 bitartean dauka materia siku gitxiago, azukera gehiago daukaz, alimentu gehiago dauka.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu