San Justoko karobia barriro ketan
2007-08-03 02:00Orain dala hamabi urte, Gorbeia mendiaren magaleko San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Aurten be, abuztuaren 4an eta 5ean kareharria, egurra eta sua batuko dituan labea ketan ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.
Karobien ke zuriskea XX. mendearen erdirantz amatau zan. Dana dala, orain dala hamabi urte Gorbeia mendiaren magaleko San Justoko karobia berreskuratu eta karea antxinako erara egin eban Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo asteburua karegintzearen gune bihurtu da Zeanuriko Otsemendi auzunea. Aurten be, abuztuaren 4an eta 5ean kareharria, egurra eta sua batuko dituan labea ketan ikusteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.
Abuztuaren 4an, zapatua, goizeko hamaiketan biztuko da karobia eta urte osoan ahaztuta eta amatauta egon dan kea San Justoko haretxen artean joango da Gorbeia mendiaren tontorrerantza.
Orain dala hamabi urte jarri eben martxan 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan karobia. Horretarako, karea azkenengoz egin eban Juan Aranagaz hartu-emonetan jarri zan Ipizki Taldea eta, Aranaren zuzendaritzapean, konponketa lanei ekin behar izan eutsen kare labea ketan jarri aurretik.
Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Gokuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziran 1950ean leku horretan azkenekoz lan egin ebenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziran bitartean, Julian eta Kandidok idipareagaz Atxebeiko beheko errekatik (San Justo goiko aldean) kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekarten eben. Soloetan ongarri moduan erabili ziran 2.000 kintal (100.000 kilo) kare produzidu zituen danetara.
San Justokoa karobi frantsesa deritxana da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauta eregitakoa. Apurka-apurka estutzen doan zulo bat da, lau metroko sakonereagaz, goian 150 zentimetrogaz eta behean 40gaz.
Kare labe frantsesek era honetan egiten dabe lan: erregai funtzinoa egiten dauen egurrez beteten da zuloa eta sua emoten jako; gero, ganean, kareharri kapa bat jarten da. Harria errekeran, kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egur eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban. Horregaitik, hiruzpalau etxe alkartuz edota auzolanean egiten zan.
Baina, zertarako egiten zan karea? Funtzino desbardinak eukazan: eraikinak eregiteko, lurragaz eta uragaz nahastauta etxeko hormak eta mueta guztietako hormak eregiteko morteroa lortzen zan; uragaz nahastauta, baserrietako hormak zuritzeko ‘letxerea’. Nekazaritzan, soloetako ongarri legez edota koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzantzan, kortak desinfektetako eta ganaduen apatxetako gaixotasunei aurre egiteko. Tifusa eta nafarreriaren kontra egiteko be erabilten ei zan. Aitagarria da arrautzak konserbetako erabilerea.
Ikus daitekenez, funtzino ugari beteten zituan kareak eta, ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziran karobiak. Baina, XX. mendean, abono kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera geratu zan produkzinoa, mendearen erdirantz guztiz desagertu arte.
Abuztuko lehenengo domekan, Gorbeia mendiaren magalean, Zeanuriko Otsemendi auzuneko Justo eta Pastor Deunen baselizearen inguruan Arratia bailarako erromeriarik bitxi eta herrikoienetakoa ospatzen da.
Beste elementu batzukaz batera, baselizeak nortasuna emoten deutso auzoari. Baina, horrezaz ganera, Otsemendikoaren kasuan, Kofradia izenez ezagutzen dan Euskal Herri tradizionalaren gizarte eta politika antolaketarako egiturearen hainbat elementu bizirik dagoz oraindino: maiordomoa eta basozaina karguak; Kofradiaren urteko batzarra, auzolanean egiten diran bidegintza eta landare imintea...
Domekan, abuztuak 5, hamabietako mezearen ostean barauskarria izango da, maiordomoak banatutako ardao zuria eta galletak jateko aukerea. Bazkalostean, bolalekuan bola batzuk bota eta karobia lanean ikusteko aukerea be izango da.
1950ean azkenekoz
Karobi frantsesa
Karearen erabilerea
San Justoko baselizea eta Otsemendiko kofradia
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!