Deusto eta Injineruek 2026ko amabitxiak aurkeztu ditue
2026-03-03 09:10 KirolaSara Ortega eta Jone Amezaga Athletic Clubeko jokalariak eta Idoia Postigo Bilbao Metropoli 30ekoa izango dira.
44. Injineruak-Deusto Estropadarako gero eta gitxiago falta da eta unibersidade-zentroek dagoeneko ezagutzera emon ditue tripulazino bakotxeko amabitxiak. Desafioaren ohiko ekitaldian martiaren 11n, eguaztenean, izango da, iluntzeko 19:00retan, Bilboko Injinerutza Eskolako Areto Nagusian.
Erronkea estropadearen aurreko egutegiaren momenturik sinbolikoenetako bat da: tripulazino bien arteko lehen aurrez aurrekoa, kirol-lehia formalizetan baita.
Injineruak taldeak ordezkaritza zuri-gorri bikotxa izango dau, izan be, tripulazinoak amabitxi berezi bi izango ditu lagun aurtengo edizioan: Sara Ortega eta Jone Amezaga Athletic Clubeko jokalariak. Futbolari biek Estropadearen espirituagaz guztiz identifiketan diran balioak ordezkatzen ditue: ahalegin kolektiboa, konpromisoa, tokiko nortasuna eta lehiakortasuna. Hareen presentziak, gainera, unibersidadeko kirolaren eta eliteko kirolaren arteko loturea sinbolizetan dau, emakumeen kirolak gizarte eta kirol-erreferente lez dauen zeregina indartuz.
Deustuk lidergoaren eta uriaren ikuspegiaren alde egin eta Idoia Postigo Bilbao Metropoli 30eko zuzendaria izango dau amabitxi. Bere parte-hartzeak lidergoari, barrikuntzari eta uri-eraldaketeari lotutako begiradea ekarriko deutso Estropadeari. Balio horreek bat egiten dabe unibersidade-tradizinogaz eta Bilboren bilakaereagaz, Estropadearen historiatik bereizi ezin dan uria baita.
Martia, tradizinoa eta emakumeen protagonismoa
Martian Desafioaren barri emotea Emakumearen Nazinoarteko Egunagaz batera dator, esangura berezia emoten baiteutso amabitxien artean emakumeen presentzia nabarmena dauen edizinoari.
Aurreko urteetako ohitureari eutsiz, amabitxik tripulazino bakotxeko enbajadore izango dira, arraunlariakaz batera handitasuna edo gorentasuna, umorea, lehia eta unibersidadeko espiritua buztartzen dituan ekitaldian.
Aurten, Desafioaren ekitaldia unibersidadera bueltau eta Bilboko Injinerutza Eskolako Areto Nagusian egingo da. Azken urteotan, Itsasmuseum Bilbao izan da topaketa honen eszenatokia eta Injineruak-Deusto Estropadeak barriro be eskerrak emoten deutsoz erakunde horri, erakutsitako harrera eta lankidetza bikainagaitik, lotura estua dauelako erakunde horregaz. Etorkizuneko edizinoei begira, unibersidade-zentro biek Erronkearen egoitzea beren unibersidadeen artean txandakatzea adostu dabe. Formula barri horren lehen urtea zanez, egoitzea zozketa bidez erabagi zan, eta oraingo honetan Bilboko Injinerutza Eskoleari egokitu jakon. Holan, Injineruak eta Deustu uretara salto egin aurretik lehen aldiz begira egongo diran lekua izango da. Berbaldi, erronka eta kirol-promesak, arraunlari ohiak eta unibersidade-komunidadea batzen dituan hitzordua markauko dabe.
Amabitxiak prest dagoz taldeak babesteko eta Injineruak-Deusto estropadea bere fase erabagigarrian sartu da behin betiko. Gogoratu martiaren 27an, barikuan, 18:00etan izango dala.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
