Maite Rosende da Itzulia Basque Country 2026ko kartelaren egilea

Bizkaie! 2026-03-02 13:55   Kirola

Itzulia apirilaren 6tik 11ra egingo da.

Arte Ederren Bilboko Museoan egin da aurtengo Itzuliko kartelaren aurkezpena. Bertan izan dira Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea; Javier Riaño OCETAko (Organizaciones Ciclistas Euskadi Txirrindularitzako Antolakuntzea) presidentea; Maite Rosende, aurtengo kartelaren egilea; eta, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria.

Ekimena, orain dala 8 urte hasi zan Eusko Jaurlaritzearen eta Arte Ederren Bilboko Museoaren lankidetzeari esker. Gerra Zibilaren aurretik, euskal artista ezagunek egin zituen Itzulia lasterketea iragarteko irudiak eta, horreetako asko, Arte Ederren Bilboko Museoan gordeta dagoz. Tradizinoa berreskuratzeko asmoz, 2019an lankidetzea sustatu zan eta Euskadi Literatura Sarietan Literatur Lanen Ilustrazinoa kategorian saritutako personeak kartela sortzea erabagi eben. 

Holan, aurtengo kartelaren egilea Maite Rosende da. Itzulia Basque Country apirilaren 6tik 11ra artean jokatuko da, Bilbon hasi eta Bergaran amaituta. Itzulia Women, barriz, maiatzaren 15etik 17ra izango da.

Maite Rosendek adierazo dauenez: kartelak paisajea eta pelotoia buztartzen ditu. Lasterketearen nortasuna islatuko dauen irudi erraz eta ezaguna sortu gura izan dot, indar eta erritmo handikoa.

Javier Riañok ondokoa azpimarratu dau: oso pozik gagoz, txirrindularitzea eta artea alkartzen diran lankidetza honegaz jarraitzeagaitik. Maiteren ilustrazinoaren bidez, tropelaren kolorea, gure lurraldeko mendiak eta liderra bereizten dauen maillot horia ikus geinkez.

Bestalde, Miguel Zugazak, Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendariak, Itzuliak arte-sorkuntzeagaz dauen loturea bizirik eustearen garrantzia nabarmendu dau: holan Itzuliak kartelismoaren eta ilustrazinoaren tradizinoa jasoten dau, iruditegia bisuala ahaztu barik.

Maite Rosendegaz batera, ondoko honeen diseinuak be ikusi izan dira: Yolanda Mosquera, Asisko Urmeneta, Miren Asiain, Javier Isusi, Maite Mutuberria, Joseba Larratxa eta David de las Heras.

Itzulia Basque Country 2026

Itzulia Basque Country 2026 apirilaren 6tik 11ra egingo da. Guztira sei etapa izango dira:

  • 1. etapea: Bilbo-Bilbo.
  • 2. etapea: Iruña – Cuevas de Mendukilo.
  • 3. etapea: Basauri – Basauri.
  • 4. etapea: Galdakao – Galdakao.
  • 5. etapea: Eibar – Eibar.
  • 6. etapea: Goizper-Antzuola – Bergara.

Itzulia Women 2026 maiatzaren 15etik 17ra egingo da eta etapak oraindino ez dira jakitera emon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu