Maite Lasa: ‘Lehen amesa zana gaur egun lortu daitekela ikusten dabe kirolari, alkarte eta herritarrek’

Koldo Isusi Zuazo 2007-07-27 02:00   Barriketan
ESAITeko kidea, Mendi Martxaren antolatzaileetakoa

Mendi Martxa 2007, zazpigarrenez antolatu dau Euskal Herriko kirol arlo danatan euskal selekzinoa izatea helburu dauen Esait, Euskal Herriko Selekzinoaren aldeko iritzi taldeak eta aurten garagarrilaren 28an Bastidan hasi eta abauztuaren 4an amaituko da Gernikan; danetara, zortzi etapa izango dira.

Mendi Martxaz eta Esait taldearen jarduera, erronka eta aurreikuspenez berba egin dogu Esaiteko Maitegaz eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Zazpigarren Mendi Martxa da honezkero. Zelakoa da orain artekoen balantzea?

Balorazino bat egiteko orduan bi atal hartuko neukez kontuan. Batetik, Mendi Martxak, ekimen bezela izan dauen bilakaereari jagokona; alde honetatik, bai parte-hartze, komunikazino zein antolakuntzeari dagokionean, balorazino oso positiboa da; arlo guztiotan urtetik urtera hobetzen saiatu gara eta gero eta jente gehiagorengana heltzen garala uste dogu. Gainera, 7 urteren ondorean, jenteak Mendi Martxa ezagutzea eta gizartean ondo txertatu dan ekimena izatea lortu da. Bestetik esan, ESAIT-ek Mendi Martxa Euskal Selekzinoaren aldeko aldarrikapena Euskal Herrian zehar lau haizetara zabaltzeko antolatzen dauela eta aldarrikapen hau gizartean erroturik dagoala eta euskal herritarren gehiengoaren gogokoa dala.

Errealidadean gure kirolarientzat gauzak ezer gitxi aldatu dira eta ofizialtasunez jarduteko eskubiderik ez dago. Beraz, arlo honetan egiten dogun balorazinoa da, Euskal Herriko instituzino eta alderdi politiko gehienak honetan ez dirala behar beste inpliketan eta arlo horretatik orain zazpi urteko egoeran gagoz.


2.- Zenbat parte-hartzaile izaten dira Mendi Martxan? Zein da parte-hartzailearen perfila?

Batez beste 100 partaide inguru izaten gara. Ikusi genduan mendian egoki ibilteko taldeari zeozelako mugea jartea nahitaezkoa zala; zenbait momentutan jente kopuru handiegiak bai mendian ibilteko, bai azpiegitura eta antolakuntzearen aldetik arazoak sortzen zituan eta 100 parte-hartzaile baino gehiago ez onartzea erabagi genduan. Horrek ez dau esan nahi jentea eguneko etapak egitera geugaz etorterik ez daukanik; izan be jente asko animetan da geugaz ibilbidea egitera euren ingurutik pasetan garanean.


3.- Danetara, zortzi etapa izango dira aurten, batzuk luzeagoak, gogorragoak eta beste batzuk, barriz, laburragoak, errazagoak. Preparazino berezia behar dau izena emoten dauenak? Zenbat kilometro eta ordu izango dira egunean?

Prestakuntza berezirik ez da behar Mendi Martxan parte hartzeko; bai, ostera, zeozelako forma fisiko onean, sasoian egotea; oinez, ibilaldi luzeak egiteko ohiturea izatea be ona da, jakina. Kontuan izna, tropelaren erritmoa lasaia izaten bada be, persona bakar batek ezin oztopa leikela taldearen jarduna. Bestetik, beti esaten dogu eguraldiak be etapen gogortasunean eragin zuzena dauela eta, beraz, Mendi Martxa abuztuan egiten dala kontuan hartu beharreko faktorea izaten da. Zortzi-hamar ordu ibilten gara batez beste eta etapa gogorrak errezagoakaz tartekatzen saiatzen gara ibilbideak ixten deuskun neurrian beti be.

Aurtengo etapak ondokoak izango dira: garagarrilaren 28an, Bastida-Beranturi; 29an, Beranturi-Kuartango; 30ean, Kuartango-Urduña; 31n, Urduña-Artziniega; abuztuaren 1ean, Artziniega-Balmaseda; 2an, Balmaseda-Portugalete; 3an, Portugalete-Mungia; azken etapea, barriz, abuztuaren 4an izango da Mungia eta Gernika bitartean.


4.- Mendi Martxan parte hartu gura izan ezkero, zer egin behar da? Badago aukerarik etapa bakarra edo pare bat edo hiru egiteko?

100 partaideko kopurua bete bitartean izena emon daiteke; horretarako bi telefono zenbaki ditugu: 659-070019 eta 696-297999; bestetik, gastuei aurre egiteko inskripzinoa pagau behar da. Zeharkaldi osoa egiten dauenak 155€; erdia egiten dauenak 80 eta egun solteak egiten dituenak, barriz, borondatea.


5.- Izena emonaz eta aurrez zehaztutako diru sarrerea eginaz, otorduak, lo egiteko lekuak eta gida ziurtatuta izango ditu parte-hartzaileak eta, horrezaz gan, oroigarri legez, ibilbidean zehar grabautako irudiakaz DVD bat jasoko dau bakotxak, ezta?

Bai, hori da antolakuntzea joan-etorriko autobusaz, gosariez, lo lekuaz eta egunean zehar behar ditugun ogi eta frutaz arduratzen da. Horrezaz gan, lo zaku, motxila handiak eta eguneko zeharkaldirako behar ez ditugun ganerako trasteak herriz herri garraiatzen dituan kamioia dogu.

DVDari dagokionean, oroigarri polita begitandu jakun Mendi Martxan zehar jenteak egindako argazkiakaz bilduma bat egin eta parte-hartzaile danei banatzea; egia esan jenteak asko eskertu dauen ideia izan da.


6.- Zer aldarrikatzen dozue Mendi Martxa honegaz?

Euskal Selekzioaren aldeko aldarrikapena egiten dau ESAIT-ek, hau da, Euskal Herriari, herri legez jagokon eskubidea dala, euskal selekzinoek nazinoartean ofizialtasunez parte hartzea, hain zuzen. Gaur egun gure kirolariek eta euskal federazinoek ezin dabe nazinoarteko txapelketetan ofizialtasunez jardun eta ondorioz sarri kirolariek beste herrialde baten izenean parte hartu behar izaten dabe nahitaez.

Aurten, ‘Kalean nahiz mendian erabili ehna’ lemapean dator Mendi Martxa, Espainiako federazinoei uko eginaz.


7.- Euskal Herriko kirol arlo guztietan euskal selekzinoa izateko asmoaren alde, orain 12 bat urte hasi zan lanean ESAIT. Aurrera egin ete dogu? Indar politikorik barik, independiente ez garan bitartean jai daukagu?

Duda barik aurrera egin dogula pentsetan dot, horixe da behintza inkestetan ikusten dana. Lehen amesa zana gaur egun lortu daitekela ikusten dabe kirolari, alkarte eta herritarrek; ilusinoa, gogoa dago eta hori abiapuntu ederra da.


8.- Euskal Selekzinoaren Eguna, Venezuela-Euskadi partidua eta Frantziako Tourraren harian, Aubisquera igoerea izan doguz oraintsu. Urtean zehar zelako ekitaldiak antolatzen dozuez?

Zeuk aitatu dozuz gehienak. Berbaldiak, batzarrak (federazinoakaz, kirolariakaz, agintariakaz...), herri krosa edo lasterketak be antolatzen ditugu eta aurten pozarren gagoz, euskal selekzinoak kanpora urten dauelako, Venezuelara, hain zuzen be. Esaiteko ordezkariak be han izan ziran eta gure aldarrikapen eta egoerearen barri emon jaken bertako agintariei.


9.- Euskal gizartean, ESAIT taldearenganako zelako jarrerea atzemoten dozue?

Orain arte behintzat harrera beroa eta sentikorra jaso dogu. Gure eretxiz, herri honek argi dauka selekzinoa behard auela eta lortzeko antolakuntzea nahitaezkoa dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu