SPRIk eta EHUk ‘Barrikuntza eta Jakintzaren Kudeaketa’ masterra eskainiko dabe
2007-07-27 02:00‘Barrikuntza eta Jakintzaren Kudeaketa’ masterra bere ezaugarriak dituan lehenengoa da EHUk eskaintzen dituanen artean, eta eraginkortasunez buztartuko ditu enpresearen mundua eta unibersidadearen mundua.
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Soziedadeak eta Euskal Herriko Unibersidadeak graduondoko titulazino ofizial barri bat abiarazoko dabe urritik aurrera; danetara, 15 plaza eskainiko dira. ‘Barrikuntza eta Jakintzaren Kudeaketa’ masterra bere ezaugarriak dituan lehenengoa da EHUk eskaintzen dituanen artean, eta eraginkortasunez buztartuko ditu enpresearen mundua eta unibersidadearen mundua.
Bi erakundeek jakinarazo dabenez, jakintzaren gizartean gero eta garrantzitsuagoak dira barrikuntza eta jakintza, eta titulu ofizial barri honen helburu zehatzetako bat gizarte honetan behar diran lanbide profilak sortzea da.
Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak abiarazotako Enpresa Lehiakortasunerako eta Gizarte Barrikuntzarako 2006-2009 Planaren helburuen artean jasoten zan ingurune barri baten baldintzetara egokitutako lanbide profilak sustatzea eta garatzea eta sistemako agenteen artean jakintza transferitzeko mekanismoak indartzea. Testuinguru horretan sortu da SPRIk eta EHUk eskainiko daben titulazino barria eta, haren bidez, eremu ez teknologikoan enpresa zabaltzeko jakintza sortuko da.
Ekimen honetaz gan, SPRIk baditu barrikuntza arloko beste batzuk abian Euskadi+Innova ekimenaren barruan, esate baterako, Innovanet sarea, Barrikuntzearen Euskal Agentzia edota Barrikuntza Agendak Programea, eta guztiek dabe helburu bat, hau da, barrikuntza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa sarean.
Prestakuntza teoriko praktikoa
Diziplina anitzeko prestakuntza graduondoko hezkuntza programa honen ezaugarrietako bat da. Danetara, 69 lagunek emongo dabe, horreen artean, unibersidadeko 33 irakaslek eta barrikuntzan eta jakintzan espezializautako erakundeetako 36 profesionalek. Eremu honetako adituak diran SPRIko profesionalak irakasle arituko dira master barri honetan.
Ikastaroan 60 kreditu dagoz, danetara 1.500 ordu; saio praktiko eta presentziazkoak (480 ordu), norberaren lana eta beste jarduera batzuk (480 ordu) eta enpresako praktikak (540 ordu).
Ikastaro honek ikasturte bat iraungo dau, Bizkaiko campusean emongo da, Bilboko Banco de España Eraikineko 2. zenbakian, eta lau jakintza arlo handi bereiziko dira: Barrikuntzearen eta Jakintzaren Etorkizuna; Barrikuntzaren eta Jakintzaren Testuinguruak; Kudeaketa Eremuak; eta Tresnak eta Aplikazinoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!