XIX. mendeko 100 gatzagari buruzko azterketa sakona kalean
2007-07-26 02:00Lan sakon horrek garai batean ‘urre zuria’ deituriko produktua produziduteko penintsulan erabilitako sistemei buruzko ikuspegi orokorra eskaintzen dau, eta XIX. mendearen erdialdean (koroak gatzaren monopolioa ezeztatu eta jabegoak egiazko jabeei itzuli aurretik) martxan egozan ehun gatzaga baino gehiago zehetasun osoz deskribiduten ditu.
Arkitekturearen Arkeologia ikertzen dauen Euskal Herriko Unibersidadeko ikerketa-taldeko kidea dan Alberto Platak ‘Gatzaren produkzino-zikloa eta erret-gatzak XIX. mendearen erdialdean’ izeneko liburua argitaratu dau. Lan sakon horrek garai batean ‘urre zuria’ deituriko produktua produziduteko penintsulan erabilitako sistemei buruzko ikuspegi orokorra eskaintzen dau, eta XIX. mendearen erdialdean (koroak gatzaren monopolioa ezeztatu eta jabegoak egiazko jabeei itzuli aurretik) martxan egozan ehun gatzaga baino gehiago zehetasun osoz deskribiduten ditu.
Arabako Foru Aldundiak argitaratu dauen liburuaren helburu nagusia lan-tresna bat eskaintzea izan da, gatzaga horreek ahanzturatik berreskuratzeko; izan be, 1960ko hamarkadan bertan behera itxi ziranetik erabat ahaztuta egon dira, EHUko iturriek jakinarazo dabenez.
Azken urteetan gatzagei buruzko ikerketak nabarmen ugaldu dira. Horren adierazgarri da, alde batetik, Alberto Plataren ikerketa hau Gesaltza Añanako gatzagei buruzko doktore-tesiaren zati izatea, eta, beste alde batetik, gatzaga horreek berreskuratzeko Arabako Foru Aldundiak bultzaturiko plan zuzentzailearen parte izatea.
Dana dala, orain arteko ikerketa gehienek batez be gorabehera historiko, politiko eta ekonomikoak aztertu ditue eta ia-ia ez dago gatzagen errealidade fisikoa aztertu dauen beste ikerketarik. Lan honek hutsune hori beteten dau, iturri idatzien eta ebidentzia materialen arteko loturarik ezari aurre eginaz eta, beraz, tokiko memoria historikoa galtzea ebitatuz.
Bestalde, Arkitekturearen Arkeologia izeneko diziplinan oinarritzen dan lanerako metodo bat eskaini nahi da liburuan emoten dan informazino ugariagaz, eta baita egileak Gesaltza Añanan eta Poza de la Salen (Burgos) egindako lanen azalpen zehatzagaz be.
Metodologia horren helburua da, alde batetik, gatzagak eta hareek lantzen zituen gizartea ahalik eta sakonen ezagutzea; eta, beste alde batetik, gatzaga horreen eraikuntzak eta historiak izan dauen garapena ezagutarazotea zaharbarritze-lanak egiten dituenei.
Alberto Plata Montero (Eibar, 1974) Historian doktorea da EHUn. Bere esperientzia arkeologikoa 1997an hasi eban Gasteizko Santa Maria katedralean. Gaur egun katedral horren barruko indusketa-lanak koordinetan dihardu.
Arkitekturearen Arkeologia ikertzen dauen ikerketa-taldeko kidea da 1998tik, koordinatzaileen taldekoa, hain zuzen be. Ikerketa-talde hori Agustin Azkarate katedradunak zuzentzen dau. 2007an QARK arkeologia-enpresea, EHUren ikerketa-jardueratik sortutako spin off bat, sartu zan taldean. Hainbat indusketa zuzen ondoren eta Euskal Herriko eta bere inguruko hainbat parametro-irakurketa egin ondoren, Alberto Platak batez be gatzagen arkitektura ikertzera zuzendu dau bere jarduerea.
Jarduera horretatik aitatzekoa da Gesaltza Añanan eta Poza de la Salen (penintsula iparraldeko bi gatzagarik garrantzitsuenak) egin diran arkeologia-lanen koordinazinoa. Joan dan bagilean irakurri eban ‘Estudio histórico arqueológico del valle salado de Salinas de Añana (Álava)’ izeneko tesia, cum laude kalifikazinoa jaso ebana eta laster argitaratuko dana, lan horrretan oinarritzen da, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!