Hartzidura alkoholikoa zaintzeko tresna barria

Imanol Sarasola Enologoa 2007-07-26 02:00   Jan edanak

Montpelliereko Unibersidadean sortu daben hartzidura alkoholikorako simuladorearen bidez hartzidurearen zinetika deskribidu daiteke zehaztasun handiz eta hartzidurearen iraupena be aurreikusi daiteke % 90 inguruko zehaztasunagaz.

Azken urteotan bodegan emon izan diran aurrerapenak upealakoak izan badira be, oraindik orain, hartzidura alkoholikoari jagokonean, asko dago egiteko. Izan be, enologia alorreko oinarrizko ezaugarria da eta muztioak jatorriz desbardinak izaten diranez, legamien garapena be desbardina izaten da. Azken aurrerapen teknologikoei esker, batez be, informatika alorrak sentsoreen garapenean egin dauenari esker, pentsau daiteke epe motzera, aitaturiko aldagarriak kontuan hartu ahal izango dirala.

Sentsore horreen zehaztasunei esker, batez be CO2aren sortzea kontroletan dabenena eta analisien maiztasuna (hainbat analisi ordu bakotxeko), posible da aldi berean lortzea produziduten dan alkoholaren azterketea, hartzidurearen ostean geratzen dan azukerea eta baita hartzidurearen unean uneko abiadurearen kalkulua egitea be. Enologoentzako eta ardaogileentzako informazino barria da hau eta era berean oso baliogarria. Izan be, bi eratako parametroakaz zuzenean lotuta dago:

1. Tekonologikoa. Hartzidurarako tenperaturea neurtzeko frigorien kontrola ahalbidetzen dau.

2. Mikrobiologikoa. Legamien jardunean proportzionalidadea neurtzen dau.

Horra hor, Montpelliereko Unibersidadean sortu daben hartzidura alkoholikorako simuladorearen garrantzia. Simuladore honen bidez hartzidurearen zinetika deskribidu daiteke zehaztasun handiz eta hartzidurearen iraupena be aurreikusi daiteke % 90 inguruko zehaztasunagaz.

Simuladorea egiteko erabili dan modeloak kontuan hartzen ditu legamien hartzidurarako gaitasuna mugatzen daben mekanismo fisiologikoak, besteak beste, zelula barruan sartzen diran konposatuen sarrerea, batez be, konposatu nitrogenatuen eta azukeren garraioa eta etanolaren zeregin inhibitzailea.

Aitatutako tresna honek, simulazinorako ez eze, depositoen gestinorako erabagiak hartzeko aukera ugari be eskaintzen ditu, hartzidurarako hasiera unea proposatuz eta tenperaturen gorabeherak eta nutrienteen beharrak be adierazoz.

Azken buruan, aitatutako tresnak, orain arte azukera-alkohol-CO2, hartzidura alkoholikoaren oinarrizko erreakzinoa be aztertzen dauela nabarmendu behar da. Gainera, epe labur edo ertainean, espero daigun balio izatea beste bide metaboliko batzuk aztertzeko, beti be, produktuaren kalidadearen onerako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu