EHUk argitaratzen dau Espainiako zientzia-aldizkari aitatuena

Bizkaie! 2007-07-25 02:00

Philadelphiako (AEB) Institute for Scientific Information (ISI) erakundeak egindako neurketa baten arabera, Euskal Herriko Unibersidadeak argitaratzen dauen ‘The International Journal of Developmental Biology’ aldizkaria, garapenaren biologia alorrekoa, Espainian argitaratzen diranetatik gehien aitatzen dana da, ezagutza zientifiko, tekniko nahiz medikoaren alorreko beste guztiak kontuan hartuta.

Philadelphiako (AEB) Institute for Scientific Information (ISI) erakundeak egindako neurketa baten arabera, Euskal Herriko Unibersidadeak argitaratzen dauen ‘The International Journal of Developmental Biology’ aldizkaria, garapenaren biologia alorrekoa, Espainian argitaratzen diranetatik gehien aitatzen dana da, ezagutza zientifiko, tekniko nahiz medikoaren alorreko beste guztiak kontuan hartuta.

ISIk urtero egiten dau ‘Science Citation Index/Journal Citation Reports’ (SCI/JCR) izeneko katalogoa. Katalogo horretan kontau egiten da zientzia-aldizkari profesional batek argitaraturiko artikulu bat zenbatetan aitatzen dan ISI erakundeak berak aukeratutako argitalpen-multzo batean. Argitalpen-multzo hori mundu osoko 6.000 bat aldizkarik osotzen dabe; horreetatik Espainiako 30 besterik ez dagoz, Estaduan argitaratzen diran 1.000tik gora aldizkariren artean.

Orain gitxi argitaratu dan 2006ko SCI/JCRren arabera, ‘The International Journal of Developmental Biology’ aldizkariak 2.663 aitamen ditu, hau da, 2005ean baino 405 gehiago. Beraz, arlo bakotxean aldizkari batek dauen garrantzia akademikoa neurtzeko erabilten dan ‘eragin-faktorea’ 3,577ra igon da aldizkari horren kasuan. Era horretara, Garapenaren Biologia alorreko nazinoarteko 34 aldizkarietatik bederatzigarren geratu da 2006an.

Zelulen Biologia eta Histologia saileko katedradun Juan Aretxagak zuzentzen dau ‘The International Journal of Developmental Biology’. Aldizkari hori nazinoartekoa da, ingelesez argitaratzen da eta garapenaren biologia jorratzen da bertan. Alor hori Biologia eta Medikuntza esperimentalaren espezialidade bat da. Zelula-bereizketearen prozesuak eta morfogenesia aztertzen ditu, enbriologian, minbizian, zahartze-prozesuan, ama zeluletan, birsorkuntza tisularrean eta abarretan. Batez be biologia zelularraren eta molekularraren teknikak erabilten ditu ikerketarako.

Aldizkari horren asmoa laster hilerokoa izatea da, baina gaur egun zortzi ale argitaratzen ditu urtean; azkena joan dan bagilean kaleratu zan, 51. liburukian, 5. zenbakiagaz. Papelezko argitalpenak 30 herrialdetako harpidedunak ditu, batez be AEBtako unibersidadeetakoak. Era berean, edizino digitalak be (www.ijdb.ehu.es) baditu harpidedunak eta artikulu solteen erosleak. Gaur egun edizino digital horrek 110 herrialdetako 100.000 bisitari izaten ditu hilero.

Aldizkariak batez beste 100 artikulu argitaratzen ditu urtean. Funtsean ikerketa-lan jatorrizkoak dira. Eskuz idatzita jasoten diran lanak gitxienez nazinoarteko hiru adituk aztertzen ditue modu altruista eta anonimoan. Iragazki akademiko horretatik pasau ostean, jasotako artikuluen % 50 atzera botaten dira.

Aldizkariaren nazinoarteko ospearen arrazoia kalidade zientifikoa izateaz gan, barrikuntzea be bada. Barrikuntza horren adibide dira, besteak beste, argitaratzen dituen audio-artxiboak. Artxibo horreei esker zientzialari ospetsuei eginiko alkarrizketak entzun daitekez, edo ikerlariei eurei entzun ahal jake egindako ikerketearen emoitzei buruzko azalpenak emoten.

Juan Aretxaga irakaslearen eretxiz, gaur egun aldizkariak dauen ospea 20 urte baino gehiagoko lan gogor eta etenik bakoaren emoitzea da. Espainian, eta bereziki Euskal Herrian, nahiko prestakuntza badagoala azpimarratu dau, ‘ilusino eta ekimen alor bakotxeko nazinoarteko aldizkari ospetsuenakaz lehiatzeko. Benetan uste dot Garapenaren Biologian behintzat lortzen ari garala, eta ahalegin horri esker, EHU dagoeneko lehiatzen ari da munduko argitaletxe zientifiko onenakaz’, adierazo dau

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu