Deustuko Unibersidadeak WebLabakaz izandako laneko esperientziak jaso ditu argitalpen batean

Bizkaie! 2007-07-24 02:00

Luis Gomes eta Javier Garcia Zubia irakasleak dira ‘Advances on remote laboratories and e- learning experiences’ liburuaren editoreak. Laborategiak ikasleei eta gizarteari zabaltzen deutsezan tresna honen barri emoten dauen lana da, izan be, teknologia horrek laborategi errealetako ekipoetara etxetik edo beste edozein lekutatik sartzeko modua emoten dau, ordenagailu bat eta Interneteko konekzinoa izanda.

Deustuko Unibersidadeak urrutiko laborategi edo WebLab dalakoen mundua lehenengoz zehatz-mehatz ezagutzeko modua emoten dauen lan bat argitaratu dau. Luis Gomes eta Javier Garcia Zubia irakasleak dira ‘Advances on remote laboratories and e- learning experiences’ liburuaren editoreak. Laborategiak ikasleei eta gizarteari zabaltzen deutsezan tresna honen barri emoten dauen lana da, izan be, teknologia horrek laborategi errealetako ekipoetara etxetik edo beste edozein lekutatik sartzeko modua emoten dau, ordenagailu bat eta Interneteko konekzinoa izanda.

Joan dan zemendian, Suedia, Alemania eta Austriako urrutiko laborategietako europar adituak ‘International Meeting on Profesional Remote Laboratories’ topaketan alkartu ziran eta bertan sortu zan han aurkeztutakoa eta eztabaidatutakoa argitalpen batean jasoteko ideia, hw, sw, segurtasun, web zerbitzu, web semantiko, psikologo, soziologo eta bestelako profesionalakaz bat eginik.

Topaketea Deustuko Unibersidadeko Ingeniaritza Fakultadeak antolatu eban, web 2.0 (http://weblab.deusto.es) teknologiaz diseinauta dagoan lehenengo laborategia eta bakarra dauen ikastegiak. Laborategi honetan 300 ikaslek egin ahal izan ditue praktikak, PC, PDA eta mugikorren bidez, Unibersidadeko geletara joan barik.

Gaur egun, Deustuko Unibersidadetik nabarmendu dabenez, esperimentuak zientzia eta ingeniaritzako hezkuntzan erabagigarriak dira, izan be, inork ez dau imajinetan diziplina horreetan prestakuntza egokia jaso daitekeenik laborategiko praktikak egin barik.

Halan da be, unibersidadeentzat holako laborategiak jartea eta mantentzea arazo larria da, bai ekonomia aldetik bai antolaketa eta hezkuntza aldetik. Aurrekoa nabarmenagoa da ekipamendua garestia edo arriskutsua danean. Holako arazoen konponbidea (edo lasaibidea) Urrutiko Laborategiak edo WebLab dalakoak diseinetea da, ikasleek eta bezeroek laborategiko praktika bat etxetik edo Interneteko konekzinoa dauen edozein lekutatik egiteko modua izateko.

Esandakoak baditu muga batzuk, baina gero eta WebLab gehiago agertzen ari dira hainbat ingurutan. Lehenengoak 1996an agertu ziran mikroelektronika arloan (Jesus del Alamo MITen), nahiz eta benetan 2000. urtean abiatu. Gaur egun oso arlo desbardinetan ari dira WebLabak agertzen: elektronikan, robotikan, industri kontrolean, mekanikan, automatizazinoan, teleskopioetan, mikroskopio elektronikoetan eta abar.


Eguneko 24 orduetan

Urrutiko laborategia beti dago eskura eta horrek aukerea emoten deutse ikasleei euren denporea hobeto antolatzeko, erraztu egiten dau laborategi klasikoen kudeaketea, herrialdeen arteko lankidetzea errazten dau (Espainian gaua danean, Latinoamerikako ikasleak laborategietan sartu daitekez), ikaslearen ikaskuntza autonomoa eta esanguratsua bultzatzen dau eta prestakuntza osoa emoteko modua eskaintzen dau.

Halan da be, danak ez dira aukerak, erronkak be badagoz: teknologikoak (teknologia da WebLab baten ezaugarririk nagusiena?), hezkuntzakoak (baliozkoa da, hezkuntzaren ikuspegitik, WebLab bat?), zabalkundekoak (instalau daiteke WebLab bat beste unibersidade/ikastegi batean?), irisgarritasunekoak (urrutiko laborategietan beharrizan bereziak dituen personak sar daitekez?), segurtasunekoak (WebLab batek erakunde zerbitzari oso baten segurtasuna kaltetu leike?), softwarekoak (diseinau daiteke WebLab bat web 2.0 zerbitzu legez?, ebitau daitekez plug-inak?), alkarlanekoak eta abar.

Aukera eta erronka horreez gan, asko dira urrutiko laborategi baten garapen, mantenimendu eta zabalkundean lan egiten daben eragileak: ikasleak, ikertzaileak, irakasleak, hezitzaileak, erakundeak, zerbitzu teknikoak, baita gobernuak eta herrialdeak be, horrek guztiak WebLab benetan baliogarriak garatzea zaildu egiten dauelarik.

Gai horreek guztiak jorratzen dira liburuan hainbat ikuspegitik eta hainbat herrialdetako (Errumania, Suedia, Alemania, Portugal, Austria, Brasil, Italia eta Espainia) autoreen laguntzinoagaz. Nickerson eta Maren urrutiko laborategiei buruzko funtsezko artikulu baten egileen arabera (ACMn argitaratua), liburu hau da urrutiko laborategien arloan esklusiboki eta diziplina ugaritatik egin dan lehenengoa, eta horrek aparteko garrantzia emoten deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu