EJko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak hitzarmenak sinatuko ditu Kolonbia, Txile eta Argentinan

Bizkaie! 2007-07-23 02:00   Euskerea berbagai

Euskal ordezkarien asmoak aitatu herrialdeetako gobernu kideakaz, giza-talde indigenen ordezkariakaz eta unibersidadeetako ordezkariakaz hizkuntz politikarako gaietan alkarlanera begira aukerak zehaztu eta finkatzea eta Etxepare Euskal Instituaren sorrereari begira hainbat oinarri ezartzea dira.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkularia Kolonbiara, Pascua Uhartera eta Argentinara joango dira bertako gobernu kideakaz, giza-talde indigenen ordezkariakaz eta unibersidadeetako ordezkariakaz hizkuntz politikarako gaietan alkarlanera begira aukerak zehaztu eta finkatzeko eta Etxepare Euskal Instituaren sorrereari begira hainbat oinarri ezartzeko. Baztarrikak eta bere taldeak garagarrilaren 22tik abuztuaren 9a arte egingo daben bidaia trinkoa eta mamitsua izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako iturriek iragarri dabenez.

Kolonbian, bertako Gobernuan hizkuntza indigenen alorraren ardurea daben ordezkariakaz izango ditue bilerak, Kolonbiako Gobernuaren eskaera bati erantzunez eta Eusko Jaurlaritza eta Kolonbiako Gobernuaren arteko alkarlan aukerak aztertu eta jorratzeko asmoz. Horregaz batera, aukera bera aztertzeko herri indigenen ordezkariakaz batuko dira eta Popayan herrian hizkuntza indigenei buruzko mintegian parte hartuko dabe.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Paula Marcela Moreno Zapata Kolonbiako Kultura ministroagaz bilerea izango dau, bai eta Consuelo Mendez Kultura Ministerioko Etnokulturako zuzendariagaz eta Barne ministerioko Etnien zuzendaria dan Martha Pavonegaz be.

Baztarrikak eta bere taldeak lan bilerea izango dabe herri indigenen erakundeakaz eta gainera, Kolonbian herri indigenen hizkuntzen alorraren gaineko eskumena daben ministerioetako eta unibersidadeetako goi mailako ordezkariakaz alkartuko dira.

Kolonbiako gobernu-kideakaz, herri indigenen ordezkariakaz eta eragileakaz egingo dituen bileretan, Eusko Jaurlaritzeak hizkuntza bizibarritzean hartutako eskarmentua, Kolonbiarako eredugarri izan daitekeen neurrian, horren inguruko alkarlan aukerak jorratuko ditue. Azkenik, Patxi Baztarrikak eta Lorea Bilbaok Popayan herrian Kolonbiako herri indigenen mintegian parte hartuko dabe, garagarrilaren 26an eta 27an.

Pascua Uhartera garagarrilaren 29an helduko dira eta hiru egunen buruan, uharteko alkateagaz (Petero Edmunds) eta Txileko Gobernuan hizkuntza indigenen ardurea daben ordezkariakaz batzeaz gan, Pascua Uharteko Rapa Nui Kultura eta Hizkuntzarako Sailagaz eta uharteko CONADIko buruakaz aztertuko dabe euskerea bizibarritzeko prozesuan hartutako eskarmentua eta hainbat lan ildoen aplikagarritasuna Rapa Nui hizkuntzea bizibarritzeko.

Honen barruan, Patxi Baztarrikak eta CONADIko zuzendari nagusiak Eusko Jaurlaritzearen eta Txileko Gobernuan herri indigenen garapenaz ardurea dauen CONADI erakundearen arteko alkarlan-hitzarmena finkatuko dabe. Berau, 2005ean Eusko Jaurlaritzeak eta Txileko Gobernuak izenpetu eben alkarlan memorandumaren bidetik dator.

Argentinako bidaiaren barruan, euskerea eta euskal kulturearen zabaltze aldera, eta Etxepare Euskal Institutuaren sorrerearen bezperan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen goi buruak Argentinako Buenos Aires Unibersidadearen (Argentinako nagusiena) eta La Platako Unibersidadearen erretoreakaz bilerak izango ditue bi unibersidadeotan euskerea eta euskal kulturearen irakaskuntza abian jarteko asmoz.

Argentinako euskal etxeen federazinoagaz (FEVA) izango dituen lan bileretan herri haretan emoten diran euskera eskolen inguruko lana berbagai izango dabe (ezin ahaztu Argentina dala, Euskal Herritik kanpo, euskera ikasle gehien dauen herria). Horregaz batera, Baztarrikak Laurak Bat euskal etxearen 130. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko dau eta hizkuntza politika gaia izanda berbaldia eskainiko dau munduan zabalik dan euskal etxe zaharrenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu