Ibon Ajuria: ‘errealidade desbardinak ezagutzeak gure ikuspegia zabaltzen dau’

Testua Saioa Torre Gereketa Argazkiak Ibon Ajuria 2007-07-20 02:00   Barriketan

Asiatik ibili ostean, irudiez eta musikaz osotutako proiekzinoa egin dau.

Askok Bizkaiko azken bertsolari txapelketan ezagutuko zenduen. Luzaroan han eta hemen ibili ostean, bertora etorri, txapelketan sartu eta finalera ailegau zan, baita lan fina egin be. Ikasketaz filologoa da eta munduan ibiltea gustetan jako. Asiako zenbait herrialde bisitau ostean, irudiez eta musikaz osotutako proiekzinoa egin dau eta herrietako kultur etxeetan erakustea dau helburu.


1.- Bidaiari amorratua zaitugu. Zerk bultzatuta?

Bidaiatzea beti gustau izan jat. Alemanian bizi nintzala eta Europa erdian egonda, asko mobidu barik inguruko lurraldeetara bidaia interesgarriak egin nituan. Batez be orduan biztu jatan bidaiatzeko grina. Ordutik hona, Berlinera urtero egiten dot salto.

Errutineagaz apurtzeko eta arnas freskoa hartzeko aukera parebakoa da bidaiatzea. Errealidade desbardinak ezagutzeak gure ikuspegia zabaltzen du. Bestalde, distantziatik norbera eta norberaren ingurua objektiboago ikusten da. Hausnarketarako eta norbere buruari testa egiteko une aproposa da. Aberasgarria da lagun barriak egitea, esperientziak batzea, jenteagaz tratua izatea... Bidaiatzean, hori guztia lortzea errazagoa da etxean gagozanean baino. Ordurik eta prisarik barik libre sentiduten naz, gura dodana egiteko libre. Bueltatzerakoan, gehienetan gogobeteta nator, kanpoan egon nazan denporan zeozer handia bizi izandako sentipenagaz.


2.- Bidean ataratako argazkiakaz eta bertako musikeagaz ikus-entzunezko proiekzinoak antolatu dozuz. Ze mezu zabaldu gura deutsazu publikoari?

Publikoari bizitakoaren zati txiki bat erakustea da helburua. Bidaiaren nondik norakoak eta bidaiatzeko erea azaldu, pasarte batzuk kontau, sentipenak adierazo...Musikea be bertakoa da eta sekuentzia bakotxari jagokon kantea aukeratzen saiatu naz. Bertara joateko gogoa norbaiti biztu ezkero, asko poztuko nintzake, eta besterik barik bertako errealidadea ikusi gura dauenarentzat be, bidaia labur baina polita izan daiteke.


3.- Argazkiak ibilbidearen ordenean antolatuta erakusten dozuz. Zeren arabera egin dozu aukeraketea? Paisajea, jentea... Zertan zentrau zara?

Ataratako guztien artetik, batez be argazkiaren kalidadearen arabera egiten dot aukeraketea. Argazkiak erakargarria izan eta zer esana emon behar dau. Paisajea, jentea, objektuak, eraikinak... edozer izan daiteke argazkia atarateko aproposa. Orokorrean, ez naz argazki asko ataraten dituana eta argazkia ona izango dala uste ez badot, normalean ez dot klik egiten.


4.- Zergaitik Laos eta Tailandia? Zergaitik India?

Alemanian bizi nintzala, inguruko lagun batzuk lurralde horreen ganean oso ondo egin eustien berba. Lehenago ez jatazan horren interesgarriak begitantzen, baina apurka-apurka enbidia puntua eta bertara joateko grina sortu jatazan. India, Nepal, Laos eta Tailandian egon ondoren, bertako biziteko erea, prisarik eza, gitxigaz konformetako kapazidadea, bizi-poza eta batez be barrea oso erakargarriak begitantzen jataz. Barriro joateko gogoz nago.


5.- Bidaiotan, zein da memorian grabauta geratu jatzun lekua, paisajea, personea edota bitxikeria?

Bidaiotan memorian grabauta geratu jatana aukeratu beharko baneu, ziurrenik Dani, Adriá eta Jordi katalanakaz pasautako hilabete biak nabarmenduko neukez. Dani Indiako bidaiaren hasieran ezagutu neban. Aste bi geroago, Adriá eta Jordigaz Varanasiko ostatu batean egin genduan bat, Danik lau hilabete lehenago India Hegoaldeko hondartza batean ezagutu zituan. Gure artean kimika ona egon zan eta batera jarraitzea erabagi genduan. Adriá eta Jordi ezagutu nituanean, Athleticen koloreko praka labur urratuak eta banbuzko makila eroien. Ez euken oinetakorik eta Varanasiko kale zikinetan ortozik joiazan. Laurok Nepalera abiatu ginan eta Annapurnako hiru asteko trekking ikusgarria egin genduan. Adriák hamar egun egin zituan zapatarik barik, 3000 metrora hankak hotzegi sentidu zituan arte. Himalayako paisajeak, jenteagaz izandako tratuak eta gure arteko giroak hiru aste ahaztezin eskaini euskuezan.


6.- Anekdotaren bat?

Trekking haretan, herrixka batera heltzean lagun asko topau genduzan borobilean eta erdian, begiluzeen ikusmina erakarriz, saddhu bizar luzeduna. Askok barre egiten eben, besteek, korroto keinuak eginez, ez eben espektakulua begi onez ikusten. Saddhuak ikusi gintuanean, zertarako zan kapaz erakutsi gura izan euskun. Bere erronka zakilagaz 70 kiloko harri pisutsua altzetea zan. Jordik eta Adriák harriaren pisua egiaztau ondoren, altzetea lortu ezkero, dirua emongo eutsela agindu eutsen. Lehenengo, zapi luzeagaz harria inguratu eta mutur biak marapiloz lotu zituan. Ondoren, zakilaren punta esku bategaz luzatu eta zapia zakilaren erdi inguruan jarri eban. Azken pausuan, bi eskuak zakilaren puntan imini eta gorantza indarrak egin zituan. Punta gorantza eroan arren, zakilaren erdialdea beherantz hondoratu zan harriaren pisuaren poderioz. Puzka eta arpegia gorri, lehen saialdian ez eban bere helburua lortu. Minutu pare bateko atsedenaren ostean, bigarren saialdiari ekin eutson. Azkenean, harria pare bat zentimetro altzetea lortu eban.


7.- Zein da bidaiariaren eta turistearen arteko desbardintasuna?

Biak be kontzeptu zabalak dira eta oso subjektiboak. Ni egondako lurraldeei jagokenez, bidaiaria bisitetan dauen lurraldearen kultura, errealidadea eta biziteko erea ezagutzeko gogoz doa. Bertako jenteagaz tratua izateko irrikitan dago, beraien funtzionetako eta pentsetako erea hobeto ezagutzeko. Ahal dan neurrian, antolatutako bidaiak ebitetan ditu, baita lurralde barruan be, eta bere kabuz bidea egiten saiatuko da, bertakoak mobiduten diran moduan mobiduta. Hotel handietan lo egin beharrean, bertakoen ostatu sinpleak bilatzen ditu. Jateko orduan be, bertakoek jaten daben lekuetan jaten dau. Helburua bertakoen biziteko erara hurreratzea izan arren, nabaria da bidaiariak bertakoak baino diru gehiago dauela eta egoera berean ez dagoala. Askok bidaiari izan nahi dogu, baina gure pribilegioakaz bigarren taldean jausten gara sarritan. Norberak aukeratu behar dau, bizitzako momentu bakotxean nolako bidaia egin gura dauen, bi aukerak dira zilegi.


8.- Bakardadea sentidu dozu? Bakarrik joatea aberasgarriagoa dala uste dozu?

Bakarrik joatea gauza bat da, bakarrik egotea beste bat. Bidaiotan bakarrik oso gitxitan egon naz. Ia beti egin dot bidaiariakaz topo eta bertakoakaz be etenbako tratua izan dot. Bakarrik joateak askatasun gehiago suposatzen dau ibilbideak eta bidaideak aukeratzeko garaian, baita nahi dozunean beste leku batera joateko be. Bestalde, zabalagoa izatera derrigortzen zaitu eta jenteagaz kontaktua topetan dozu. Halanda be, benetako lagun bat ondoan ez izatea desabantaila da, batez ere laguntasuna eta babesa behar dozuzanean. Zoritxarrez, ez da erraza lagunakaz lurralde bat aukeratzea eta epeetan bat egitea. Bakarrik joatea aberasgarriagoa danik ez neuke esango, baina orokorrean aberasten zaituela bai.


9.- Bidean, beste herrialde batzutako bidaiariak be ezagutu dozuz eta eurekaz be ibili zara. Zelakoa izan da esperientzia hori?

Oso esperientzia aberatsa izan da. Kontinente guztietako jentea ezagutu dot eta batzukaz bidaia laburrak egin ditut. Kulturalki hain desberdin egiten jakuzan lurraldeetan, antzeko egoeran gagozanok batzeko joerea dugu eta kulturalki hurrago sentiduten gara. Bidaiariak egonaldiaren zutabe garrantzitsua dira.


10.- Mexikon zagoz orain. Zergaitik Mexiko? Ze ibilbide egiteko asmoagaz joan zara, zer bila?

Asian bi bidai egin ondoren, Amerikara joan nahi nuen eta azkenean Mexiko aukeratu dot. Ez dago arrazoi berezirik hautaketa horretan, beti otu jat lurralde interesgarria eta orain da nire ordua hemen egoteko. Oraindino ez nago oso seguru zein ibilbide egingo dodan, oraintsu ailegau nazalako, baina ziurrenik Guatemalan aste bi pasauko ditut eta beste lau Mexikon. Zeren bila noan pentsaukeran, ez dot ezer konkreturik buruan, nahiago dot bertara joan eta bidaiak eskaintzen deustana erregalutzat hartu, mexikarrakaz nahastau eta gauzak jazoten itxi.


11.- Bihar-etzi, bizipenak libururen batean batzeko amesa izango dozu...

Esperientziak bizitea ez da nahiko liburu bat egiteko, bizitakoa idatziz egoki adierazoteko gai izan behar da. India eta Nepalen ganean nahiko daukat idatzita baina ez dakit argitaratzea posible izango dan. Testuakaz eta argazkiakaz akaso etorkizunean zeozer egin ahal iznago da.


12.- Ikasketaz filologoa zara, lehenengo ingeles filologia ikasi eta Alemanian lau urtez biziten egon ostean, hona etorri eta aleman filologia egindakoa. Orain, irakaskuntzan jarduten dozu. Behar horregaz, lotuta ikusten dozu zeure burua?

Lanak lotu egiten zaitu eta irakaskuntzan gehiago, baita lanaren zain egoteak be, zerrendetatik edozein momentutan deitzen zaituelako. Hurrengo ikasturtean ikastetxe publikoetan lan egiteko intentzioa dodanez, lanik barik hasiko dot ikasturtea. Halanda be, irakaskuntzak beste lan askogaz konparauta, bidaiatzeko askatasun asko emoten dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu