Beste euskal liburu bi gehiago IBBY erakundearen Ohorezko Zerrendan

Bizkaie! 2007-07-19 02:00   Euskaldunak munduan

Patxi Zubizarretak idatzitako ‘Urrezko Giltza’ (Erein) eta Juan Mari Mendizabalek itzulitako ‘Bidaia munduaren amaierara’ (Erein) dira IBBY erakundearen 2008ko Ohorezko Zerrendan izango diran liburuak; lehenengoa, idazleen arloan; bigarrena, itzultzaileenean.

Patxi Zubizarretak idatzitako ‘Urrezko Giltza’ (Erein) eta Juan Mari Mendizabalek itzulitako ‘Bidaia munduaren amaierara’ (Erein) dira IBBY erakundearen 2008ko Ohorezko Zerrendan izango diran liburuak; lehenengoa, idazleen arloan; bigarrena, itzultzaileenean.

Beraz, Galtzagorri Euskal Ume eta Gazte Literatura Elkarteak proposatutako lanen artean bi aukeratu ditu munduan garrantzitsuena dan IBBY (International Board in books for young People) Ume eta Gazte Literaturako Erakundeak bi urtean behin osotzen dauen Ohorezko Zerrendarako.

Izan be, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundeak aurkezten ditu zerrenda horretarako Espainiako Estadutik hautagaiak. Estaduan hizkuntza ofizial bat baino gehiago dagoanez, IBBYk OEPLIri zerrendako idazle eta itzultzaileen sailean hiruna lan aurkezteko eskubidea emoten deutso. Ilustratzaileen arloan, barriz, lan bakarra.

Hautaketa hori egiteko, OEPLIren atal bakotxeko (kataluniarra, galegoa, madrildarra eta Galtzagorri, euskalduna) ordezkari bat izentetan da, epaimahai bat osotuz. Aurten, epaimahai hori Manu Lopezek (Galtzagorritik), Luisa Morak, Margarida Mateuk eta Manolo Figueirasek osotu dabe eta taldearen burua Itziar Zubizarreta OEPLIko lehendakaria izan da.

IBBYren Ohorezko Zerrendaa argitaratu barri diran liburuen hautaketa bat da. Ume eta gazteentzako idatzitako kalidade handiko liburuak batzen dira bertan. Bi urtean behin osotzen da eta IBBYko kide diran herrialdeetako idazle, ilustratzaile eta itzultzaileak nabarmentzen ditu. Zerrenda horretan sartzeak liburu horreen zabalpen eta ezagutzea sustatzen dau. Nazinoarteko editoreek liburu horreen barri jasoten dabe eta horrek atzerriko edizinoen itzulpenen gorakada nabarmena ekarten dau.

Aurreko urteetan IBBYko Ohorezko Zerrendan agertu diran euskal lanen artean honako honeek dagoz: Mariasun Landaren ‘Krokodriloa ohe azpian’ eta Elena Odriozolak ilustrautako ‘Atxiki sekretua’ (2006); Patxi Zubizarretak itzulitako ‘Printze txikia’ (2004); Juan Kruz Igerabideren ‘Botoi bat bezala’ eta Iñaki Mendigurenek itzulitako ‘Harry Potter eta sorgin-harria’ (2002); Maria Garikanok itzulitako ‘Urrezko ibaiaren erregea edo anaia beltzak’ (2000); Gerardo Markuletak itzulitako ‘Arkimederen hareneko te hura’ (1998); Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ (1994); Mariasun Landaik idatzitako ‘Iholdi’ eta Manu Lopezek itzulitako ‘Aliceren abenturak lurralde miresgarrian’ (1992); eta Anjel Lertxundiren ‘Tristeak kontsolatzeko makina’ (1990).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu