Espainiak bere barruan dauen hizkuntz aniztasuna onartzeko deia egin dau Patxi Baztarrikak
2007-07-13 02:00 Euskerea berbagaiEstaduko aginteari, bitarteko aktiboak eta eraginkorrak martxan jartea eskatu deutso, ‘hizkuntzen presentzia, alkarbizitza eta errespetua errealidade bihurtzeko, bai administrazinoan eta erakundeetan bai Estaduaren titularidadeko hedabideetan bai Estaduko hezkuntza sisteman bai eta administrazino periferiokoetan be.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Espainiako Estaduaren barruan dagoan hizkuntz aniztasunaren autortzearen aldeko deia egin dau, El Escorialen Cervantes Institutuak antolatuta Madrilgo Unibersidade Konplutensearen udako ikastaroetan.
‘Kontraesan handia dan arren, euskerearen presentzia, irakaskuntza eta sustapena zabalduago dagoz Espainiako Estadutik kanpoko erakundeetan eta unibersidadeetan Estadu barrukoetan baino, eta hori, Espainia Estadu eleaniztuna dan arren. Hau ez da tolerantzia kontua. Gakoa eleaniztasuna ezaugarri propiotzat hartzea eta onartzea da, argi eta garbi. Tolerau, bestearen izaerea, norberarena ez dana toleratu ohi da. Nork bere izaera sustatzea ez da tolerantzia. Behingoz, beraz, Espainiako Estaduak bere egin beharko leuke berezkoa dauen izaera eleaniztuna; aniztasuna aberastasun iturritzat hartuz eta Estaduko hizkuntza guztien zabalkundea eta proiekzinoa bultzatuz. Hauxe da benetan giltzarria eta gakoa’, azaldu dau Baztarrikak.
Era berean, Estaduko aginteari, bitarteko aktiboak eta eraginkorrak martxan jartea eskatu deutso, ‘hizkuntzen presentzia, alkarbizitza eta errespetua errealidade bihurtzeko, bai administrazinoan eta erakundeetan bai Estaduaren titularidadeko hedabideetan bai Estaduko hezkuntza sisteman bai eta administrazino periferiokoetan be. Kultura eta hizkuntzen arteko errespetua, alkartasuna, alkarbizitza eta komunikazinoa indartzeko ekimenean, Estaduak lagun izango gaitu, bidaide izango dau Eusko Jaurlaritzea’, gaineratu dau sailburuordeak.
Beste alde batetik, euskereak, katalanak eta galegoak bizi daben gaztelaniagazko desbardintasuna eta desorekea gainditzeko ekimena ez dala gaztelaniaren kontrako burrukea ziurtatu dau. ‘Hizkuntza propioak sustatzeko borondate zintzoaren emoitza litzateke, izan be, hizkuntzek ez dabe bereizten, alkartu baino’, nabarmendu dau.
Kontuak kontu, hizkuntzak bizibarritzen badira, integrazinoa eta alkarbizitza sendotuko dirala adierazo dau.
Etxepare Institutua
Patxi Baztarrikak Etxepare Euskal Institutua aurkeztu dau El Escorialen, Cervantes Institutuak antolatuta Madrilgo Unibersidade Konplutensearen udako ikastaroen barruan egindako mintegian. Hizkuntzen eta kulturen kanpo zabalpenaren inguruko mintegi honetan, Baztarrikagaz batera, Josep Bargallo Ramon Llull Institutuaren zuzendariak eta Luis Bara Torres Galiziako Xuntako zuzendari nagusiak parte hartu dabe.
Eusko Legebiltzarraren Legean oinarrituta, Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa dauen zuzenbide pribatuko herri erakundea izango da eta euskerea eta euskal kulturearen kanpo zabalpena izango dau helburu.
Alde horretatik, bere gain hartuko ditu lehenagotik Eusko Jaurlaritzeak zuzenean lantzen dituan hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak; hor txertatuko dira azken urteotan Kultura Sailak garatutako euskerea munduan erakusteko egitasmoak; eta euskal kulturearen alor desbardinetan (literaturea eta liburugintzan, ikus-entzunezkotan, arte ederretan eta abarrean) Kultura Sailaren bitartez eta alorrean alorreko sektoreen laguntzinoagaz egiten diran hainbat ekimen.
Etxepare Euskal Institutuaren helburuak euskerea eta euskal kulturearen mundu zabalpenagaz lotzen dira eta zenbait asmo zehatz izango ditu. Alde batetik, euskerearen irakaskuntzea, ikasketea eta erabilerea munduan sustatuko ditu, ha partekatzen daben komunidade guztien ekarpenak errespetatuz; euskerea nazinoartean onartua izan daiten lagundu eta sustatuko dau; eta jarduera horreek zabaltzen eta horreen kalidadea hobetzen lagunduko daben behar aina neurri eta ekintza sustatuko ditu.
Bestalde, euskal kulturea kanpora zabaltzen lagunduko dau bere forma guztietan, eta azkenik, Euskal Herriaren errealidadea euskeraz hitz egiten daben mundu osoko kolektibidadeetara hurreratuko, baita euskal komunidadeak dagozan edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek holan gomendatzen daben herrietara be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!