Eusko Jaurlaritzeak atzerrian hiru ordezkaritza barri zabalduko ditu
2007-07-10 02:00 Euskaldunak munduanIñaki Agirre Eusko Jaurlaritzako Kanpo Gaietarako idazkariak 2010. urterako atzerrian beste hiru ordezkaritza edegiko dituela iragarri dau: Parisen 2008an, Londonen 2009an eta Berlinen 2010ean.
Iñaki Agirre Eusko Jaurlaritzako Kanpo Gaietarako idazkariak 2010. urterako atzerrian beste hiru ordezkaritza edegiko dituela iragarri dau Euskal Kolektibidadeen Nazinoarteko IV. Biltzarraren aurkezpenean Bilboko Euskalduna Jauregian. Lau urterik behin egiten dan Biltzarra hilaren 13an amaituko da. Alkarren barri izan, euskal etxeen egoerea aztertu eta aurrera begira zer egin zehaztuko da Biltzarrean.
Agirrek adierazo dauenez, zabaldu nahi dituen hiru ordezkaritzetatik bat 2008an Parisen zabalduko dabena izango da. 2009an Londonen jarriko dabe eta 2010ean Berlinen hirugarrena. Agirrek argi itxi nahi izan dau zein dan EAE kanpora ataratearen arrazoia, haren ustez borondate politikoa, ikaskuntza, solidaritatea eta euskal herritarren interesak babestea dira ordezkaritzen helburua, izan be, Agirrek zehaztu dauenez, EAEko produkzinoaren % 70 esportau egiten da eta horregaitik, kanpoan egotea nahitaezkoa da.
Ordezkaritzearen zereginaren inguruan honakoa esan dau Agirrek: ‘enpresa txiki, ertain eta handiei laguntzea da helburua; merkatu azterketak eginez, bazkideak bilatuz eta tratuak bultzatzeko erakundeakaz hartu-emonetan jarriz’. Garbi adierazo dau Agirrek zein ez dan ordezkaritzearen egitekoa, ‘ez da ez kontsulatu bat eta ezta bidaia agentzia bat be’, halan da be, arazorik dauen edozein bidaiariri laguntzinoa emoteko be balio dauela esan dau.
Jon Erdozia, Eusko Jaurlaritzeak Txilen daukan ordezkariak azpimarratu dau haren ordezkaritzeak beteten dauen lana enpresari barriei laguntzea dala, ekitaldi instituzional eta kulturalez gan.
Ordezkaritza bat herrialde batean edo beste batean jarri erabagiteko, erispide politiko, sektorial, ikaskuntzazko eta solidaridadezkoak aztertzen dituela adierazo dau Iñaki Aguirrek; eta ingurualde batean dagoan euskal herritar kopurua erispide edo baldintzatzat hartzea ukatu egin dau.
Danetara, zazpi ordezkaritza ditu Jaurlaritzeak munduan zehar, Madril, Argentina, Brusela, Txile, Venezuela, Mexiko eta Ameriketako Estadu Batuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!