Josu Legarreta: ‘nahiz eta txikiak izan, gero eta handiagoak gara’
2007-07-06 02:00 BarriketanEusko Jaurlaritzeak Euskal Gizataldeakazko Hartu-emonetarako zuzendaritzearen bitartez, Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarra antolatu dau ‘Zubigintzan’ lemapean. Hitzordua Bilbon izango da garagarrilaren 9tik 13ra eta diasporako 120 bat euskal etxeetako ordezkariak espero ditue antolatzaileek.
Kongresua euskal etxeak batzeko abagunea da, alkarren barri izateko eta alkarregaz behar egiteko. Aurten, ‘Zubigintzan’ lemapean, kongresua antolatu dabenen asmoa ‘gizabanakoen, alkarteen, enpresen eta gobernuen artean komunikazino era barriak edegi eta bultzatzea da, beti be Euskal Herriaren eta bere diasporearen arteko loturea sendotuz eta batetik besterako bidea gerturatuko daben norabide askotako zubiak edegiz’.
Josu Legarretagaz ‘Un nuevo 31’ liburuaren aurkezpen egunean izan ginan eta ondoko berbaldia izan genduan beragaz:
1.- ‘Zubigintzan’ lemapean, zeintzuk dira Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarraren helburuak? Egitarauan zer nabarmenduko zeunke?
Biltzar danen helburua berbera da, hau da, hurrengo lau urterako plangintzea zehaztea. Munduko euskal etxeetako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzea batzen gara eta aurretik abiarazoteko planen balorazinoa eta hurrengo lau urterako erronka eta egitasmoak aztertu eta plangintzea egiten dogu. Biltzarreko helburuetan sartuta, memoria historikoaren berreskurapena aitatuko neuke lehenengo; kongresuan aurkeztuko doguz azken zortzi urteotan argitaratu diran 32 tomoak eta azken 3 urteetan ameriketan argitaratutako 134 aldizkarien digitalizazinoa. Horrezaz ganera, euskal etxeei eurei eskatuko deutsegu egungo egoerearen diagnostikoa eta bihar-etzirako egiteko nagusiak. Era berean, datozen lau urteetarako plangintzak gauzatu ahal izateko arautegiak zelan egokitu be aztertuko dogu.
Kontuak kontu, biltzarrean berbaldiak, mahainguruak, Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Nagusiaren eta EHUren arteko beka hitzaremnaren sinadurea zein euskerearen eta euskal kulturearen nazinoarte mailako zabalkundea helburu dauen Etxepare Institutoaren aurkezpena izango dira.
2.- 8/1994 Legean ezarritakoaren arabera, lau urtetik behin egiten da Biltzar hau, kanpoko euskal etxe eta gizataldeen eta euskal erakundeen arteko topagune izateko. Bete-beteko biltzarkide legez, besteak beste, Euskal Etxeen Federazinoa daben herrialde bakotxeko hiruna kide, eta Federazinorik bako herrialde bakotxeko beste hiruna kide bertaratuko dira. Zerenbestekoa da Euskal Etxeen Federazinoaren garrantzia?
Munduko 21 nazinotan 162 euskal etxe dagoz, horreetatik 75 Argentinan eta 35 AEBetan. Beste 10 Espainian eta Europan eta banaka batzuk munduko beste herrialde batzuetan. Federazinoak, barriz, Argentinan, AEBetan, Uruguayn, Espainian eta Venezuelan dagoz eta, jakina, lurralde zabalak diranez, federazinoaren garrantzia sekulakoa da euskal etxeen arteko koordinazinorako eta plangintza eta erronka barriak zehazteko. Federazinorik ez dagoan lekuetan nabarmena da hutsunea eta euskal etxeen funtzionamenduan eta gizarte mailan daben eraginean igarten da hori.
3.- Biltzarrean sortzen diran eztabaida eta gogoeta guztiak ondorioen agiri batean jasoko dira eta Erakundeen Jarduerarako Lau Urterako Plana lantzeko orduan kontuan hartuko dira. Zeintzuk izan daitekez datozen lau urteotarako egiteko eta erronkak?
Biltzarrean bertan zehaztuko dira erronkak baina lehen be zeozer aurreratu deutsut, egin doguzan argitalpenak eta aldizkarien digitalizazinoa sano garrantsitsuak dira guretzako. Memoria historikoaren berreskurapen prozesuan, hitzarmen bat izenpetuta daukagu EHU, Lehendakaritza eta Bahia Blanca, Argentinako Hegoaldeko Unibersidadeagaz Ameriketan azken 100 urteetan argitaratutako egunkari guztietan euskaldunei buruz esan diran barri guztiak digitalizetako. Urte gitxitan sekulako materiala izango dabe ikertzaileek euskaldunen historia kanpoan zein dan aztertzeko.
4.- Urazandin, diasporeari buruz egin diran azken argitalpenen barri emongo dozue. Azaldu eiguzu zer diran Urazandi Valparaiso, Urazandi Montevideo, Urazandi Nabo eta Urazandi Digital.
Urazandi, bilduma baten izena da baina bilduma bat baino askosaz gehiago da; alde batetik, orain arte argitaratu doguzan 20 liburukiak dagoz, azken hirurak AEBetako federazinoaren, NABOren historia, Euskal Herriak izeneko Montevideoko Euskal Etxearen historia eta Valparaisoko Eusko Etxearen historia; bestetik, Alex Ugalde, EHUko irakasleak 86tik hona euskal etxeakaz izan diran hartu-emonetako agiri danak aztertu ditu eta ikerketa lan hori biltzarraren harian argitaratuko da.
Urazandi Digitala atalean, 134 euskal aldizkarien digitalizazinoa da azpimarragarriena.
Horrezaz aparte, Andres de Irujo saria azpimarratuko neuke. Urteroko sariketa bat da eta hor be azken 8 urteotan 12 bat liburuki argitaratu dira.
5.- Euskal etxeetako gazteak Euskal Herrian egonaldiak egiteko Gaztemundu programearen ganean azterketa soziologikoa aurkeztuko dozue Biltzarrean. Ze datu nabarmenduko zeunke?
Gaztemundu programearen barruan, euskal etxeetako gazteek Euskal Herrian egonaldiak egiteko eratutako programan, azken 10 urteotan 431 gazte pasau dira bertotik eta Euskal Herria ia bostehun gaztek, gehienak hirugarren eta laugarren belaunaldikoak ezagutzea garrantzitsua da. Horrek esan gura dau Euskal Herritik etxera bueltan doazenean eragin handia izaten dabela euskal etxeen euren jardunean.
6.- Gaur egun 162 euskal etxe dagoz munduan, gehienak Argentinan (75) eta AEBetan (35). Oraintsu lortu dau onarpena Washingtoneko Euskal Etxeak. Bidean gehiago dagoz?
Guk geuk ez doguz bultzatzen, munduan dagozan euskaldunak eurak dira onarpena proposatzen dabenak eta dokumentazinoa aurkeztu ondoren, gustora emoten deutsegu oneretxia.
Euskal etxeen harian, aitamen berezia merezidu dabe ondoko euskal etxeek zaharrenak diralako eta, beraz, aurten, omenaldia egingo deutsegu biltzarrean: Mexikoko Euskal Etxeak 100 urte bete ditu, Parisekoak 50, San Franciscokoak 25, Gooding-ekoak 25 eta Madrilekoak 25.
7.- Hogeita bost urtetik gora dira kanpoko euskal gizataldeakazko hartu-emonak hasi zirala. Aurrera begira, zer dago egiteko?
Asko dago egiteko; atara kontuak, munduko hogeita bat nazinotan dagoz euskal etxeak, euskaldunak ia 100 nazinotan bizi gara eta guk 162 euskal etxeakaz doguz hartu-emonak baina euskaldunak presente dagozan 100 nazino horreetara heltzeko... lan handia dago egiteko. Munduan sakabanatuta dagozan euskaldunei esker, gure Herria ezagunagoa da eta eurei esker, nahiz eta txikiak izan, gero eta handiagoak gara.
8.- Renoko Basque Studies Center orain 40 urte sortu zan eta urteurrenaren atxakiagaz, Euskal Ikasketen Zentroaren historia kontauko dauen liburua argitaratuko dabe aurten. Euskal ikasketen munduan ardatza ete da Basque Studies Center?
Zentro garrantzitsua da duda barik. AEBetan dago, bertako intelektualek sortutako erakundea da eta Nevadako University-ren barruan dago; horra joten dabe euskal gaia aztertu gura daben ikerlari eta interesatuek eta, alde horretatik, zentro garrantzitsua da mundu mailan.
Gainera, datorren urtetik aurrera Jaurlaritzeak Etxepare Institutua abiarazoko dau eta horrek beste bultzada bat emongo deutso nazinoartean euskal gai eta ikerketen zabalkundeari. Zorionez, gero eta ezagunagoak gara munduan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!