EHUk euskerazko komunikazinoaren inguruko master profesionala eskainiko dau 2007-2008 ikasturtean
2007-07-02 02:00 Euskerea berbagaiEkimen hau ez da hutsetik sortua, neurri handi batean, azken bost urteetan fakultade berak eskaini dauen ‘Euskal Herria XXI’ doktorego programearen jarraipena baita, izan be, master profesional honek aurrera begiratu nahi dauen proposamena da.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazino Zientzien Fakultadeak ‘Euskerazko komunikazinoa eta hizkuntza gitxituak’ izeneko master profesional ofiziala eskainiko dau datorren ikasturtean Leioako campusean.
Master honek kontuan hartu ditu Europatik datozen agindu barriak. Matrikuletan diran ikasleek 60 kreditu europar edo ECTS (European Credit Transfer System) gainditu beharko ditue (36 nahitaezko irakasgaietan banatuta eta ganerakoak hainbat moduluren artean aukeratzeko).
EHUko iturriek adierazo dabenez, ekimen hau ez da hutsetik sortua, neurri handi batean, azken bost urteetan fakultade berak eskaini dauen ‘Euskal Herria XXI’ doktorego programearen jarraipena baita, izan be, master profesional honek aurrera begiratu nahi dauen proposamena da.
‘Teknologia barriek sekulako abiadea hartu dabe azkenaldi honetan. Maila guztietan atzemoten dan fenomenoa da: lan-munduan, akademia giroetan, gizarte-harremanetan, baita kazetaritza munduan be. Erronka barri horreen aurrean profesional onak eta euskaldunak trebatzea ezinbestekoa da. Hori da helburu nagusia. Hori da programa honen asmoa’, azaldu dabe.
Gaur egun, 700 kazetari euskaldun inguru dagoz lanean, eta azken hamarkadetan aurrera egin dan arren, ‘asko dago oraindino egiteko eta horregaitik sortu da master hau, dagozan indar-guneak sustatzeko eta ikusten diran bakotasunak estaltzeko, hain zuzen be’, gaineratu dabe.
Alkarlana
Master honen antolakuntzan eragile askok egin dabe lan. EHUren barruan bost sail ibili dira alkarlanean: Kazetaritza eta Kazetaritza II, Ikus-entzunezko Komunikazinoa eta Publizidadea, Euskal Filologia eta Soziologia.
Horrezaz gan, master profesional honek EHUtik kanpo be topau ditu begirunea eta babesa. Eusko Jaurlaritzeak, berbarako, babes ekonomikoa emongo deutso Kultura Saileko Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzearen bitartez.
Ikasturteko azken hilebeteetan (2008ko bagila, garagarrila, abuztua eta irailean) master honetako ikasleek praktikak egiteko aukerea izango dabe. Zeregin horretan ondorengo enpresa eta erakundeen konpromisoa lortu dabe antolatzaileek: EITB, Berria, Argia, Elhuyar, Topagunea, Aldaketa 16, UEU, EHU bera eta Eusko Ikaskuntza.
Eskaintza akademikoa 56 irakaslek bermatuko dabe; 30 EHUkoak izango dira eta ganerakoak eremu desbardinetan dabilzan profesionalak.
Eskainiko diran irakasgaietan era guztietako esparru eta gaiak landuko dira: euskerearen komunikazino-eremua, kazetaritzea hizkuntza gitxituetan, ziberkazetaritzea, edizino digitala, hedabide elektronikoak, diseinu grafikoa, zientziaren dibulgazinoa, pertsuasinoa, zinema-kritikea, komunikazinoaren ikerkuntza edota bestelako komunikazinoa, besteak beste.
Master honek bilatzen dauen profila zabala da oso. Sarbide zuzena izango dabe Kazetaritzan, Ikus-entzunezko Komunikazinoan edota Publizidadea eta Harreman Publikoetan lizentziau diran ikasleek. Komunikazino-ikasketak egin ez dituen beste lizentziatuek be aukerea izango dabe berton matrikuletako. Horretarako, atari-proba bat gainditu beharko dabe kazetagintzan jarduteko daben trebezia eta esperientzia baloretako.
Kasu guztietan sarbidea lortzeko ezinbesteko baldintza izango da lizentziaturea euskeraz eginda eukitea edota, beste hizkuntzetan lizentziau bada, EGA edo haren baliokide dan beste titulu baten jaube izatea.
Lizentziau barriez gan, master hau lanean dabilzan profesionalei begira be badago. Horregaitik, eskolak arratsaldez emoteko asmoa dabe antolatzaileek.
Aurre-matrikula epea zabalik dago eta garagarrilaren 13an amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!