‘Elhuyar Hiztegi Txikia-ren hirugarren argitalpena kalean da
2007-06-29 02:00 Euskerea berbagaiElhuyar Fundazinoak ‘Elhuyar Hiztegi Txikia’-ren (euskera-gaztelania/castellano-vasco) hirugarren argitalpena kaleratu barri dau. Argitalpen barrituak 42.000 sarrera, 9.000 azpisarrera, 71.000 adiera eta 18.900 adibide ditu, eta bi ataletan banatuta dago: euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera. Gramatika eranskin bat be badakar hiztegiak.
Elhuyar Fundazinoak ‘Elhuyar Hiztegi Txikia’-ren (euskera-gaztelania/castellano-vasco) hirugarren argitalpena kaleratu barri dau. Argitalpen barrituak 42.000 sarrera, 9.000 azpisarrera, 71.000 adiera eta 18.900 adibide ditu, eta bi ataletan banatuta dago: euskera-gaztelania eta gaztelania-euskera. Gramatika eranskin bat be badakar hiztegiak.
Lehenengo argitalpena orain bederatzi urte plazaratu eban Elhuyarrek baina ordutik eten bako eguneratze-lanak egin dira. Bigarren argitalpena 2001ean egin zan, eta, orain, sei urte geroago, hirugarren argitalpena kaleratu da, osotua eta barritua.
Hiztegi hau barritzeko, zenbait iturri erabili dira: 2006ko zemendian argitaratutako ‘Elhuyar Hiztegia’, Euskaltzaindiaren ‘Hiztegi Batua’-ren azken emoitzak, orain arte argitaratu diran ganerako hiztegiak, egindako terminologia-lanak edo estilo-liburuak, euskerearen hizkuntza-ereduari buruz izan diran eztabaidak edota kontsulta-corpusak.
Elhuyar Fundazinoko aditu-talde bat ibili da ‘Elhuyar Hiztegi Txikia’-ren erredakzino-lanetan. Argitalpen barri honen zuzendariak, barriz, Miren Azkarate (euskaltzaina), Xabier Kintana (euskaltzaina) eta Xabier Mendiguren Bereziartu (euskaltzain urgazlea) izan dira.
Elhuyar Fundazinoaren helburuetako bat euskerea garatzeko eta normalizetako hizkuntza-baliabide, tresna eta zerbitzuak sortzea eta eskaintzea da. Helburu horri eutsiz, urteak daroaz hiztegigintzan lan egiten eta hiztegi-sorta geroz eta handiagoa osotzen.
Elhuyar Fundazinoak plazaratzen dituan hiztegi guztien koherentziari eustearren, datu-base bat sortu eban orain urte batzuk. Argitaratzen diran hiztegi guztiek datu-base bera dabe oinarri. Elhuyar Fundazinoak hiztegi elebakarrak, elebidunak eta teknikoak argitaratu ditu orain arte; besteak beste, ‘Elhuyar Hiztegia’, ‘Dictionnaire Elhuyar hiztegia’, ‘Euskal hiztegi modernoa’, ‘Ikaslearen hiztegia’, ‘Elhuyar sinonimoen kutxa’, ‘Energiaren hiztegi entziklopedikoa’ edo ‘Geologia hiztegia’, zenbait formatutan (liburua, CD-ROMa eta Internet).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!